Rock indartsua, hesi barik
Abesti baikorrak bildu ditu Keu Agirretxeren UEK taldeak Uhinak disko kaleratu berrian
arantzazu muñoa Berria 2007-10-17
Besteak beste, askatasunari, maitasunari, bidegabekeriari, zapalkuntzari eta beldurrari jarritako abestiek osatzen dute Uhinak (Gaztelupeko Hotsak), UEK taldearen disko kaleratu berria. Mezu positiboak igorri nahi izan ditu taldeak, baina entzuleei zer pentsatua ematen ere saiatu da.
Keu Agirretxek 1999an bakarrik hasitako proiektua da UEK. Heltzear diren egunak aurreko diskoa grabatzeko, Mikel Arakistain eta Jon Gurrutxaga batu zitzaizkion. Baxu jotzailea lehena, Keurekin hainbat taldetan ibilitakoa (Psychophony, Etsaiak, Fjord); eta bateria jotzailea bestea, Arima Beltzako kide izana eta UEKen lehen diskoetan parte hartutakoa. Hala, Keuren proiektu instrumentala izatetik Keuren taldea izatera igaro zen UEK. Orain, Uhinak diskoa atera eta gero, UEK taldeaz hitz egiten da.
Gitarra, baxua, bateria eta ahotsa. UEKen musikak ez du besterik behar. Aurreko diskoarekin gustura geratu zirela eta, Uhinak ere Haritz Arregirekin egitea erabaki zuten. Uztaileko hiru aste igaro zituzten grabatzen, Andoaingo Garate estudioan. Bizitasun, indar eta naturaltasunaren bila hirurek batera grabatzea erabaki zuten. «Ez grabatu zuzenean jo ezin den ezer», horixe da UEKen filosofia: Gaur egun bakoitzak bere aldetik grabatzen du. Gu sei hilabetez aritu gara diskoa lantzeko elkarrekin jotzen eta hori mantendu nahi izan dugu grabazioan ere. Sustraietara jo dugu eta hori salto kualitatibo handia izan da, adierazi du Keu Agirretxek diskoaren berri ematean.
INPROBISAZIOA GOGOKO. Rocka egiten du UEKek, baina ez dio inolako hesirik jartzen rock horri. Rock indartsua eta energia handikoa esaldiarekin definitu du Agirretxek taldearen musika. Baina euren buruak ez dituztela mugatzen ere gaineratu du: Inprobisatzea gustuko dugu eta ez daukagu lotsarik fusioa, reggaea edota doinu progresiboak sartzeko.
Disko bat eta 40 kontzertu baino gehiago atzean zituztela hasi ziren Uhinak lanarekin. Argi zeukaten zer nahi zuten: kantu eta doinu landuagoak, indartsuagoak, osoagoak egin. Izenburuak adierazten duen moduan, uhin berri batean sartu da taldea eta hori transmititu nahi dute disko honekin.
Abesti gehienak istorio txikiak dira eta era askotariko gaiak dituzte mintzagai. Baina protagonista berbera dute guztiek: sentimenduak. Geuk bizitza zelan ikusten dugun eta ikusten dugun horren aurrean zer sentitzen dugun adierazi nahi izan dugu, argitu du taldeko abeslariak.
Orain diskoari jendeak emango dion erantzunaren zain daude. Eurek sentitzen duten emozio bera entzuleei eragiteko gogo biziz.

