You are here: Home Artists Txuma Murugarren Newspaper Library Zelan salduko dut disko hau ez baldin badaukat ezer saltzeko gogorik?»

Zelan salduko dut disko hau ez baldin badaukat ezer saltzeko gogorik?»

Bilboko Kafe Antzokian elkartu gara artista honekin, «B aldeko kantuak" disko berriari buruz mintzatzeko. Lasai-lasai solasean eman ditugu orduak eta bere irribarrea eta erraten zituen gauzak buruan, zalantzan atera gara: dioena bezain ezkorra da ala nahita ari da?


Iturria: Gaur8
Eguna: 2010/09/24
Maider Iantzi

Musikari errenteriarrak disko berria plazaratu du, “B aldeko kantuak”. Izenak zerikusia du Txuma Murugarrenek bere musikaren gainean duen pertzepzioarekin. Azaldu digunez, bereak kaxoi batean gelditzeko kantuak dira, beti herren;  sekula ez dira ingeniariak izango, beti zerbitzari geldituko dira. Baina xarma ere badute. Beti gustatu izan zaizkio artista honi B aldeko kantuak, singletan lehenago entzuten zituen A aldekoak baino. Ez ziren azken horiek bezain ederrak eta biribilak; bertze zerbait zuten, ordea, anitzez errealagoak ziren, pertsonalagoak, ez zuten makillajerik eta egileari buruzko gauza ugari erraten zuten, berarekiko hurbiltasuna zuten.

«Gauza horiek gehiago baloratzen nituen eta ditut, eta nire kantuetan hori agertzen da, zorionez edo zoritxarrez. Zoritxarrez diot, gero kexatu egiten garelako gure musikak onarpen gutxi daukalako, baina berez guk bilatu dugu», onartu du.

Ez duzue jende gehiagorengana ailegatzea bilatu...

Hautu hori nahi gabe egin dut, halaxe sentitu dudalako, halakoa naizelako; ezin naiz aldatu. B aldera eraman nau horrek guztiak eta B aldean gelditu naiz. Batzuetan esaten dut: zergatik ezin dut A aldeko kantu on bat egin?

Zer lanekin zabiltza egunotan?

Diskoa Aste Santuan grabatu genuen eta, orain arte, beratzen egon da, babarrunak bezala. Bideoa aste hauetan grabatu behar dugu, grabazioaren make off bat ere egin dugu eta hilabete honetan bukatuko dugu. Hilaren bukaera aldera aurkeztuko dugu diskoa prentsaurrean. Kontzertu txiki bat egingo dugu Gernikan eta, gero, abendutik aurrera kontzertuak emango ditugu. Lehena Durangon egingo dugula uste dut.

B aldeko kantuak, baina Durangoren inguruan.

Diskoa ateratzeko datarik onena da. Jendea oporretatik bueltatu da, ez dauka halako zamarik buruan eta munduan zer gertatzen den enteratzen da. Urtarrilean edo Aste Santu partean beste gauza batzuk ditu buruan eta oso oharkabean pasatuko litzateke zer eta nire disko bat... (Irri egin du). Orduan bai, B aldekoa, baina Durangon. Gehienbat, ordaindu dugulako da. Gaztelupekoak lagunak ere badira; negozioa bukatzen ari da, ez dago dirurik eta diskoan jarritakoa nolabait berreskuratu beharko lukete. Eta Durangon saltzen dira diskorik eta libururik gehienak. Zoritxarrez, hala da. Gero, urtean zehar, inor ez da akordatzen euskal musikarekin, baina Gabonetarako opari bat egin behar da eta jendeak bertan aukeran dauka euskal musika. `Fabore bat egingo diot nire herriko kulturari, lasai geldituko naiz eta opari bat daukat'. Orduan, denak kontent.

Eta musika non gelditzen da?

Musika diskoaren barruan gelditzen da eta gehienetan diskoa ireki ere ez dakit irekitzen den. Liburuak nola izaten diren apaletan, batzuetan, zelofan eta guzti... oso harrigarria egiten zait hori. Diskoekin ere gertatuko da hori. Nik badauzkat disko asko behin entzun eta berriro entzun ez ditudanak. Ez gustatzen ez zaizkidalako, ez didatelako ezer esaten baizik.

Garaiotan dena kontsumitu behar izaten dugu...

Jende askok esan du garai batean diskoak oso objektu garrantzitsuak zirela guretzat. Orduan ere garestiak ziren eta disko bat erosten genuen eta elkarri pasatzen genion. Azkeneko zuzenketara arte dena ezagutzen genuen. Modu intentsiboan entzuten genuen. Orain ez da hori gertatzen. Disko bat bospasei aldiz entzuteko, oso erakargarria izan behar du norberarentzat, bestela ez diogu beste aukerarik ematen. Garai hartan, lehenengo entzunaldian sartzen ez zitzaigun disko bat agian gure kutunena bilakatuko zen. Gure benetako diskoa, gure bizitzako diskoa izan zitekeena hor daukagu apal batean eta ez gara konturatu ere egin hor daukagula, seguru...

Eta agian Txumarena da...

Seguruen Txumarena da! (Barrez).

Hori saltzen diguten disko pilarengatik ere gertatuko da...

Interneten bidez ere kantitatea izugarri areagotu da eta normala da. Udan, Bukaresten egon naiz oporretan. Disko denda batera joan nintzen eta saltzaileari hango musika entzun nahi nuela esan nion, baina musika alternatiboa, undergrounda edo. Bizpahiru disko erakutsi zizkidan; bat erosi nion. Eta pentsatu nuen: Bukaresten seguru halako ehun bat talde daudela. Gizon honek ezagutzen ez dituelako, edo oraindik diskorik grabatu ez dutelako, ez dakit zergatik ez dauden hemen. Ezin izango ditut inoiz ezagutu eta beste horrenbeste gertatuko da munduko beste hiriburuetan, eta ez hiriburuetan bakarrik, herrietan... ere bai. Hasi pentsatzen zenbat garen. Horrek egiten duguna asko erlatibizatzera eramaten gaitu. Egiten dugunak zer garrantzi du? Berez ez du inongo garrantzirik. Hemen, giro batean bere zentzua dauka nire disko batek, baina hemendik kanpo ez dut uste ezer berririk ematen duenik. Momentu honetan, istorio horrekin nago: badakit diskoa saldu egin behar dudala, baina ez nago horretarako motibatuta, nahiago dut beste zerbaitez hitz egin diskoaz baino...

Baina ez zara lanarekin gustura gelditu?

Bai, bai. Diskoak ez dauka errurik. Azkenean, diskoez futbolariez bezala hitz egiten bukatzen dugu: irabaztera atera gara, baina aurrean beste talde bat dago eta haiek ere irabazi nahi dute, baina guk lehendabiziko minutuan gola sartzen badugu... Beti esaten eta errepikatzen ditugu gauza berak diskoei buruz. Disko hau zelakoa da? Nik esango nuke ironikoa dela eta argiagoa, optimistagoa agian. Pop-rock ingurukoa, «Gauak, neskak eta maletak» diskoaren ingurukoa. Hori da diskoari buruz esateko dudana. Mila gauza gehiago esan ditzakegu, mila entelekia egin ditzakegu eta irakurtzen duenak ez du jakingo zer demonio esaten ari garen. `Disko intimoa egin du, pertsonala, heldua...' Ez dakit zenbat gauza esan daitezkeen eta gauza horiek ez daukate zentzurik. Diskoa entzun egin behar da. Eta mintzatu? Zelan sentitu garen diskoa egiten, zer bizipen izan ditugun... Halako gauzak agian gehiago. Gainera, oso gaizki pasatu dudanez diskoa egiten... Oso arduratuta ibili naiz eta oso nekatuta bukatu dut; hamazazpi egun bakarrik izan dira, baina jo eta ke ibili naiz, dena koordinatu behar izan dut eta oso bakarrik sentitu naiz, oso bakarrik. Lekua ere ez zen oso atsegina, pabilioi industrial bat...

Ez duzue Lamiñak-en grabatu?

Bai, baina denak pabilioi industrialak dira. Diskoa estudiora doanean ja egina dago, grabatu bakarrik egin behar da. Ardura da gauzak norberak buruan eduki dituen bezala ateratzea. Itsusia da, baina musikariei, zaldiei bezala, uhalak noiz tiratu, noiz askatu ibili behar da eta ez dago argi hori onena den...

Zuk egin duzu ekoizpena.

Ez da lehenengo aldia, baina aurten gaizki pasatu dut. Seguru nago psikiatra batengana jotzen badut, denak zerikusia daukala esango didala: B aldeko kantuak, egiten dudanak gutxi balio duela pentsatzeak... Gauzak bat-batean ez jausteko ardura ikaragarria izan dut, gutxi motibatuta nengoelako. Gero etorri da post-diskoa, eta hausnarketa: zelan salduko dut disko hau ez baldin badaukat ezer saltzeko gogorik? Eta diskoak merezi du, seguru, baina lan handia iruditzen zait orain diskoa saltzen hastea... Beno, ez dut orain hasi behar, urri partean...

Beharbada, distantziarekin ikuspuntua aldatuko duzu...

Keba! Uda osoan diskoa entzun gabe egon naiz, Aste Santutik hona lau aldiz entzun dudala uste dut. Eta ez da hori. Ezin naiteke nire lanarekin objektiboa izan, hori argi dago. Baina nolabaiteko nekea sumatzen dut zentzu horretan. Aurkezpena iristean, hara eta hona ibiltzen gara, gauza bera errepikatzen, ezer ez esaten... Ez al zen askoz hobea izango esatea: disko berria hemen dago, entzun eta egin galderak? Edo Txuma etorriko da eta kantu bat joko du eta zin dagizuet ez duela diskoari buruz hitz egingo. Jendeak entzungo al luke irrati saioa?

Bada, egin...

(Barre egin du) Batzuek esango lukete: `Ados, egingo dugu'. Baina beste batzuek gauzak egin behar diren bezala egingo ditugula esango lukete.

Garrantzi handiegia ematen diogu egiten dugunari: disko bat egiten dugunean, garrantzitsuena edo onena kantuak egiteko unea da, hori aspaldi pasatu da eta gainerako guztia gure egoa da, jendeari erakustea zein politak diren gure kantuak. Horrek zerikusi gutxi dauka artearekin. Musikaren unea sorkuntza da, eta hori berehala pasatzen da.

Kontzertuak ere bai, ez?

Beteago sentitzen gara onbidean, baina nik ez dut disfrutatzen, kezka bat daukadalako: `Jenderik egongo al da?'. Ez da txantxa, batzuetan gertatu izan zait kontzertu batera joan eta bi pertsona egotea. Beste batera joan eta berrehun pertsona. Ez dakit zer gertatzen den eta kezka horrekin joaten naiz. Horrek disfrutatzea eragozten du, beste zerbaitetan daukat burua.

Publikoa behar duzu.

Feed-backa behar dut, bestela ez dago deus. Askotan, bigarren hanka hori falta izan zait eta beldurrez joan izan naiz. Orduan, kontzertuak ematea ez zait bereziki gustatzen, baina azken boladan ez zait gustatzen kontu honekin lotuta dagoen ezer! Oso negatibo nago.

Zergatik?

Musika bide honetan asko sufritu dut. Oroitzen naiz Sasoi Ilunak-ekin ahotsarekin arazoak izan nituela. Kontzertuetan oso arduratuta egoten nintzen ahotsarekin, eta gaizki erabili eta kalte handiagoa egiten nion. Ebakuntza egin behar izan zidaten, azkenean. Gero, dezepzio handiak izan ditut onarpenarekin. Sinetsi eta niretik asko jarri dut, eta puxika bat bezala hustu naiz. Sufrimendu eta neke horrek guztiak eszeptizismo honetara eraman nau. Ez dut inoiz sentitu nire disko bat zoragarria denik.

Ezta hasieran ere?

Sasoi Ilunak-en lehenengo diskoa ez nuen entzun nahi, nire ahotsa ez entzutearren. Beti, diskoz disko, izan dut kontu bera. Badaezpada ere, bururatzen zaidan guztia grabatu egiten dut eta hor uzten dut. Artxibo batzuk ditudanean, entzuten hasten naiz eta orduan esan dezaket: `Ze ona den kantu hau!». X bat jartzen diot, `hau diskora joango da'. Gero, kantuekin jolasten naiz; ofizioa da, lana, gozamena... Estudiora ailegatzen naizenean, kantua jada higatuta dago, deseginda. Hainbat aldiz entzun, hainbat disekzio egin, eta ezin dut kantua makillajearekin ikusi, beti bere bihotza, bere barrua ikusiko dut. Ez naiz gauza esateko: `Ze ondo gelditu den kantua!'. Ahituta nago, aspertuta eta ez dut edertasuna topatzen.

 

«ZERUTIARRA DEN ZERBAIT BILATZEN DUT, AIREZKOA, EZ MATERIALAREKIN ZIKINDUA, ZERBAIT PERFEKTUA»

Txuma Murugarrenek lagun zaharrak izan ditu ondoan disko berrian: Natxo Beltran (bateria), Ekaitz Hernandez (baxua), Miguel Ramirez (gitarra), Rafa Rueda (gitarra), Rafa Aceves (teklatuak) eta Asier Ituarte (tronboia). Isuzkok eta Estebanek (saxoa eta tronpeta, hurrenez hurren) eta Amaia Intxaustik (koruak) ere parte hartu dute proiektuan. Kantu biluziak grabatu dituzte, baina haize hirukote batekin, eta horrek izugarrizko arnasa eman die. Gibelean instrumentazio handia dagoela dirudi.


Zein da zure lan egiteko modua?
Senaz jokatzen dut: ‘Hau egin behar da kantu honetan...’. Oso ohituta nago metodorik gabe lan egiten eta metodoa erabiltzen dudanean iruditzen zait ez naizela sortzen ari, lanean ari naizela. Lanaz gain, ofizioa ere beharrezkoa da sorkuntzan. Zerbait bilatua bada, nire ustez ez dauka balio handirik, eta hori gertatzen zait estudioan. Arreglo bat egin dezaket instrumentu baterako eta beti irudituko zait betegarri bat dela, lana aplikatuz egin dudalako, ez delako inspirazio hutsa izan, etorritako ideia harrigarri bat. Harritzen nauten gauzak gustatzen zaizkit, bilatzen dudanak ez nau harritzen. Hor dago nire handicapik handiena: lana behar da, baina ez dut lanik egin nahi, disfrutatu besterik ez dut egin nahi. Eskua aplikatzen dudanean, balorea galtzen du, materiala den zerbait sartzen dudanean, ilusioa urtu egiten da, gero etortzen da berriz, baina momentuan...

Inspirazio une horiek ez dira asko izaten, ezta?

Inspirazio momentuak oso gutxi izaten dira eta horregatik sorkuntza prozesuan ere gaizki pasatzen dut. Pentsatzen dut: ‘Jada ez dut berriro kantu onik egingo, inoiz ez naiz kantu onak egiteko gauza izango’. Beldur horrekin ere bizi naiz (esan du barrez). Jakina, bat-batekoa denez, datorrenaren zain egoten naizenez, gerta daiteke egunen batean ez etortzea.

Baina beti etortzen zaizu.

Bai, baina hor ere engainu bat dago: ezerezetik ez dator ezer. Nolabait, neu, inkontzienteki, beste arau batzuk aplikatzen ari naiz. Baina ez dut ikusi nahi. Ez dut ikusi nahi gibelalde horretan gertatzen dena, ilusiorik ez galtzeko. Baina egongo da zerbait, eta horregatik, nire kantu guztiek daukate zerbait komunean.

Zer bilatzen duzu artistikoki?
Erabateko diskoa bilatzen dut, eta erabateko kantua, hau da, inoiz lortuko ez dudana. Lortzen badut, bukatu da jaia. Orduan, hobeto jarraitzea, nahiz eta gorabehera hauekin izan. Besteen musika entzuten dut eta kantu idealik aurkitzen dut, perfekzioa besteena baita, niregan ez da inoiz egongo. Horrek eragiten du bizirik egotea eta aurrera jarraitzea. Nahi duguna lortuko bagenu, aspertu egingo ginateke. Nahi dudana ez aurkitzeak egiten du etengabeko bilaketa honetan sartuta egotea, eta hori da bilatzen dudana. Ez nik, guztiok esango nuke. Uste dut denok bilatzen dugula gure eredu izan diren pertsonen lan horietara ailegatzea eta horretan setatzen gara behin eta berriz. Disko bakoitza saiakera bat da.

Eta beti esperimentatzen duzu edo aldatzen duzu diskotik diskora...
Baietz uste dut. Ez dakit zelan hautematen den kanpotik, baina egiten dut. Estruktura, hitzak... Kantuak nire usterako oso antzekoak badira, desegin eta bide berriak bilatzen ditut, sonoritate berriak. Hori jolasa da, sorkuntza minor bat; ez da kantu bat sortzea, kantuari soinekoak probatzea bezala da.

Polita, ez?
Bai, polita da, esperimentazio garaia, lana. Hor sukaldatzen den guztia lurtarragoa da. Nik zerutiarra den zerbait bilatzen dut, airezkoa, ez materialarekin zikindua, zerbait perfektua, eta perfekzioa norberaren buruan zer den oso zaila da adieraztea. Sorkuntza hori da.