You are here: Home Artists The Romanticos Newpapers Library Gero eta lan gehiago egin behar da, kontzertuak baldintza onetan eskaini ahal izateko

Gero eta lan gehiago egin behar da, kontzertuak baldintza onetan eskaini ahal izateko

The Romanticos musika taldeko sormen lan gehienak Iker Piris (Tolosa, 1979) gitarra jotzailearenak dira. Bere gisara hasi zen gitarrarekin, baina 2009an, Musikeneko lizentziatura eskuratu zuen, jazz-eko espezialitatean. Hainbat bakarlari eta talderekin aritu izan da oholtza gainean, eta gaur egun, gitarra irakasle lanetan eta musikari-kolaboratzaile gisa aritzen da, aldi berean.


Iturria: Hitza
Eguna: 2012/07/11

 

 

 

 

Iker Piris, Gitarra jotzailea

The Romanticos-eko kideak ditu Hilario Rodeiro, Xabier Barrenetxea eta Paul San Martin, eta pasa den ekainean argitaratu zuten My time izenburua duen lehen diska, Gaztelupeko Hotsak zigilupean. Blues eta jazz jaialdi garrantzitsuetako oholtzetan nahiz areto txiki eta tabernetan aritzen dira.
Nola sortu zen The Romanticos proiektua?
Beti horrelako zerbait buruan izan dut, eta, besteak bestek, nire kantak lantzeko eta blues musikan aritzeko sortu zen; taldekideek ere musikaren adar hau lantzeko gogoa zuten.
Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin diskoa argitaratu berri duzue.
Bai, hala da. Hasiera-hasieratik proiektua interesgarria iruditu zitzaien argitaletxeko arduradunei, eta azkenean kalean da diskoa. Orain, batez ere, eskaintzen ditugun kontzertuetan saltzen ditugu diskoak, eta disketxearen bitartez ere eros daitezke aleak; horretan gabiltza beraz.
Emanaldi asko al dituzue zuen agendetan, datozen hilabeteotarako?
Egia esan bai. Udako emanaldi garrantzitsuetako bat Getxoko blues jaialdian eskaini genuena izan zen, eta Hondarribia Blues Festival-en ere aritu ginen, Road to Memphis saileko lehiaketan. Orain, abuztuaren 10ean, ere badugu kontzertu garrantzitsu bat, Burlatan (Nafarroa), bertako blues jaialdian. Jaialdiez gain, ordea, areto txikietan jotzeko ere deitzen digute, eta horrela, hilaren 14ean Lasarten dugu emanaldia, 20an Beasainen, abuztuaren 8an Bilbon,… Baditugu, beraz, gauzak.
The Romanticos proiektuaz gain, beste egitasmo batzuetan ere aritzen zara, ezta?
Bai, bai. Besteak beste, Abarlotz Olano abeslariari gitarra-laguntzak egiten dizkiot; diska bat badugu lehendik, eta orain beste bat prestatzen ari gara. Era berean, noizbehinka jendeak hots egiten dit lanak eskaintzeko, eta denbora baldin badaukat, baiezkoa ematen diet.
Ia bizitza osoa daramazu gitarra jotzen, ezta?
Bai, hala esan daiteke. Musikenen gitarra lizentziatura egin nuen, jazz espezialitatean. Geroztik, zazpi urte daramatzat Legazpiko Doinua musika eskolan irakasle lanetan. Dena den, etxean eta beste eskola batzuetan irakasle gisa, hamarkada bat baino gehiago daramat; 22 urte ingururekin hasiko nintzen.

Piris taldekideekin

Nola ikusten duzu gaur egun, musikari profesionalen etorkizuna?
Diskoak dendetan saltzeari dagokionez, kontua zail samar dago gaur egun. Gu, gainera, talde txikia gara, eta ez da erraza. Behar bada, noizbehinka, blues edo jazz musika oso gustuko duen musikazaleren batek erosten du aleren bat, baina ez da ohikoena. Hemen, gakoa, jendea kontzertuetara erakartzea da. Emanaldi eta jaialdietan saltzen ditugu, batik bat, diskoak. Ikuskizun onak eskaini behar dira halakoetan, eta ikusleekiko nolabaiteko feedback-a sortu behar da. Horrela saltzen dira diskoak, beraz, gaur egun; nik, behintzat, horrela saltzen ditut.
Eta emanaldiei dagokienez?
Aldaketa nabaritu dugu, bai. Lehen zertxobait gehiago ordaintzen zuten, esaterako, areto txikietan nahiz tabernetan. Jaialdi handietan ere, eskaintzak gero eta baxuagoak dira. Gero eta gehiago lan egin behar da, kontzertuak baldintza onetan eskaintzeko; lortzen dugu, baina lehen baino gehiago kostata. Baina azken finean, musikari guztioi zuzenean jotzea gustatzen zaigu, eta hori izaten da gure tira-bira.