You are here: Home Artists Tapia eta Leturia Newspaper library Folka festa baino gehiago denean

Folka festa baino gehiago denean


Jexux Aranburuk eta Arkaitz Minerrek pianoa, mandolina eta biolina sartu dituzte lan berrian

Tapia eta Leturiak ‘Hain zuzen’ diskoa eman du argitara, Azkaraten zuzenean grabaturiko 13 abestiko lana

Ainara Gorostitzu/donostia

Hitzordua egina zegoen: irailaren 6an Azkaraten (Nafarroa). Trukea ere prest: ondo bustitako marmitakoa eta Beteluko mami ezin hobeak, txalo zaparrada eta giroa berotzeko oihu eta zalapartaren ordainetan. Sabela bete ostean, berotze ariketak egin zituzten bildutakoek, biharamunean gogordurarik ez izateko eta lanean hutsik ez egiteko.

Azkaraten bildu ziren ehunetik gora lagunek girotu zuten Joseba Tapiak, Xabier Berasaluze Leturiak, Arkaitz Minerrek eta Jexux Aranburuk hamahiru abesti grabatu zituzteneko gaua. Ondoren Londresera egin zuten bidaia —abestiek, ez Azkarateko ehun eta gehiago lagunek— Ruper Ordorikaren eskutik, masterizatzeko.

Abestiek Euskal Herrirako itzulera bidaia egin zutenerako, Galder Izagirrek eta Joseba Poncek prest zuten diskoaren azala. Lau musikariak erdi biluzik —hanka hutsean bederen— agertzen diren argazkiak. Izenaren eta izanaren artean, berriz, Hain zuzen diskoaren izenburua, hain zuzen ere. Atzo aurkeztu zuten lana, Gaztelupeko Hotsak-ek plazaratu du.

Bikotea laukote

Elkarrekin hemeretzi urte daramatzan bikotea da Tapia eta Leturiak osatzen dutena. Soinu jotzaile eta pandero jotzaile batek osatutako taldea baino gehiago da. Norabide batean bide desberdinak urratu dituen bikotea. Hirukote bilakatu zen. Gaur laukotea da. Tapia eta Leturia Arkaitz Miner (mandolina, biolina eta ahotsa) joan baitzitzaion lehenik eta Jexux Aranburu (pianoa eta ahotsa) gero. Arrainen eta ogiaren miriaren antzera, laukote bilakatu zen bikote zena.

Azkarateko festa hura «laukotearen azken bi urteetako zuzenekoen ondorioa da», gurasoetako batek, Tapiak, azaldu zuenez. «Zuzeneko beharraren eskaerari erantzunez» egin dute lan hau hala.

Tapia eta Leturiak azken bi urteotan laukote formatuarekin eskusoinua, soinu handia, perkusioa, pianoa, mandolina eta biolina uztartu dituzte, «soinu handiaren eta soinu txikiaren arteko gerrari bukaera emanez», soinu txikiaren lagunak azaldu zuenez. «Soinu handiak debekatuak izan ditu triki jaiak, handiarekin gauza klasikoak egin izan dira, garaikideetara gerturatu da». Orain, ordea, Arkaitz Minerrek bien arteko ezkontza bideratu du.

Bikote tradizionalean —soinu txikiak eta panderoak osatutakoan— sartu dituzten soinu berrien artean Leturiaren zapatak izan dira berezienak. «Europa iparraldean eta Amerikan oso aberatsa den ekarpena gure musikaren kulturari» uztartu dio.

Zapatariak, ordea, ez du hain erraz baztertu hainbeste urtetan eskuetan izan duen dama, hainbestetan astindu duen panderoa bidelagun du orain ere: «Perkusio honi kolore desberdinak emateko, panderoak gaiaren arabera» aldatu egin ditu Leturiak: «Palestinari buruzko kantuan, esaterako —Wafa abestian—, handik ekarritako pandero suabea sartu dut».

Sustrai tradizionalei eutsi eta beste tresna eta soinu batzuekin jantzi den talde tradizional honek bidean egin dituzten lagunen trebeziak moldatu ditu folk doinura. Ruper Ordorika eta Bixente Martinez Tapiaren bidean gurutzatu eta hirurek elkarrekin Hiru Trukurantz jo zuteneko garaitik berreskuraturiko «musika tradizionalaren ideologia» oso nabarmena da diskoan, «asko ikasi eta ikusi baitut Hiru Trukurekin», soinu jotzaileak azaldu zuenez. Ideologian eta literaturan pisu handia duen Koldo Izagirreren laguntza ere —Apoaren edertasuna eta Agur Intxorta maite lanetan parte hartu zuen lehenago— azalekoa baino gehiago sakonagokoa da oraingoan.

Baina sakon-sakonean folk musika dago. Haren aldarria egin zuten atzo. Baina Tapia eta Leturiaren egitekoa «ez da iuju-iuju egitea, mezua ere eman dezakegu. Oso formatu egokia da protestatzeko, ez bakarrik neska zaharrak eta mutil zaharrak esateko», azaldu zuen folkaren funtsa Tapiak, «alai kutsua du baina izan liteke tristea ere».

Han-hemenka ibili den soinu jotzaileak kanpoan musika tradizionalaren mugimendua «asko estimatzen» dela esan zuen. Hemen aldiz, «folk musikaren mugimendurik ez da existitzen», amaitu zuen.

Begikoei begira

Tapia eta Leturiak beren zilborrari begira geratzea baino zeregin hobeak dituzte. Begiak eta belarriak ondo irekirik izaten dituzte, eta ahoa zabalik uzten dituzten albiste eta gertakizun horiei ez diete pasatzen uzten. Bide horretatik atera gabe, lau abesti berri biltzen ditu Hain zuzen disko berriak, horietako bat instrumentala. Palestinari egiten dio keinua diskoaren estreinak, Wafa (Wafa Idris in memoriam) abestiak. Koldo Izagirreren laguntzarekin, Palestinako lehen emakume bonba omendu nahi izan du folk laukoteak. Palestinatik hurbilago, Galiziari begira ipini dira musikariak Compostelako erromesa kantuan, diskoko laugarren abestian. Elkartasun abesti horretan, Gaztelako melodia tradizional bat biolinez giroturiko testuingurura eramaten da, J`ai vu le loup, le renard et la belett klasikoa ekartzen du gogora, Joseba Tapiaren letrarekin. Etxera ere begiratzen dute, berriro ere Koldo Izagirreren eskutik, Aritmeika arazoak kantuan; Ruper Ordorikak ahotsa ipini du lanean. Instrumentalak, berriz —Ainhoarrak—, gonbidatu ugari biltzen ditu. Patxi Perezen parte-hartzeaz gain, Eduardo Casals (klarinetea) eta Cathy Peña (eskusoinua) kataluniar musikariak entzun baitaitezke bertan. Gainerako bederatzi abestiak : Albiste zirinolak, Besamotza, Loiolako porrusalda, Abya iala, Arraun, Astotxo bat baneuko / Artikutza, Atallutik behera, Zeruko hauspoa eta Gezurtiarentzat. Tapia eta Leturiaren aurreko uztetatik hartutako fruituak moldatu dituzte oraingoan.