You are here: Home Artists Seda Newspaper Library Virginia Fernandez buru dauen SEDA taldeak lehenengo diskoa dakar: 'The Belly'

Virginia Fernandez buru dauen SEDA taldeak lehenengo diskoa dakar: 'The Belly'

Egonezina, eklektikoa, ahots indartsua eta eszenaratze leherkorra dira Virginiaren ezaugarri.


Iturria: Bizkaie
Eguna: 2021/04/14

Gaur aurkeztu dabe Bilbon Seda taldearen The Belly diskoa, Gaztelupeko Hotsak-en ekinbidez datorrena.

Barruak sutan eskatzen ez badeutsu, ez egin. Bihotzak, buruak, ahoak edo tripak agintzen ez badeutsu, ez egin; Charles Bukowskik esana poema batean. Haren ustez, artistearen sormena eta zinezkotasuna gogor lotuta dagoz erraien aginduetara. Ez dago beste biderik, inoiz ez da bestelakorik egon.

Egonezina, eklektikoa, ahots indartsuak eta eszenaratze leherkor batez lagundua, hainbat proiektutan hartu dau parte Virginia Fernandezek urteetan zehar, Jardin Infierno, Toro y la Niña del Frenesí, Doctor Deseo... eta J.O.E., Bonzos, Mamba Beats, Cherry Boopers, Virginia eta Los Machines lako taldeetan ibili da. Eibarren jaiotako abeslari eta konpositore honen kurrikulum oparoa berme handia da eta orain, bakarkako kantu eta idea bilduma izan behar zzana, Seda ederrean gauzatu da. Virginia Fernandez bera ahotsean, Mikel Caballero baxuan (Gatibu), Felix Landa gitarran (Extremoduro), Galder Creo baterian (Penadas), Pit Flanagan (Rubia, Garbayo) eta Martin Guevara (Capsula) gitarristea ez eze Joseba B. Lenoir gitarristea be ondoan izan ditu.

Bilboko Silver Recordings estudioetan grabau dabe diskoa eta Martin Guevarak produzidu dau.

The Belly mimo handiz egindako diskoa da: soinu bikaina, produkzino aberatsa, Miriam Ocarizen azalerako ilustrazino lan ederra baina, batez be, rock talde baten sendotasuna, punk jarrera sendoa, hori guztia Virginiaren ahots indartsuagaz batera, barru barrutik ataratako kantu-bildumea.

Diskoaren hasieratik Let it sutsuan, Martin Guevara gitarreagaz batera, She can do kantuak The Runawaysen urrezko sasoia dakarsku, Joan Jett onena buru dauela, Patti Smithen bahetik eta Virginia Fernandezen nortasun harrigarritik pasauta.

Taldeak bere punk aldea erakusten dau Clean my name kantuan. Breaking the House saio ilun eta etsia, Hey energetiko eta bikaina, Drunken lover popa, Rock and Roll-ak Passenger formea hartzen dau liderraren ahots-harmonien eta taldearen eskarmentu eta sendotasunaren bidean eta buztarketa ezin hobea da Two words zein Drunken Lover-en molde akustikoan.

Leitekeana da Bukowskik arrazoi izatea, artistearen benetakotasuna barrenaren oldarragaz estu lotuta dago; The Belly horren adibide ona da; barrenak sutan eskatzen ez badeutsu ez egin; akaso horrek marketan dau Seda-ren eta beste proiektu batzuen arteko desbardintasuna, akaso ez dago beste biderik, akaso ez da inoiz izan.

Zuzenekoei jagokenez, Bilboko Power Records dendan egin daben akustikoaz gan, SEDA + ANA CURRA Bilboko BBK Salan izango dira datorren domekan, apirilaren 18an, 12:30ean. Sarrerak agortuta dagoz.