You are here: Home Artists Piztiak Newspaper library PIZTIAK bueltan datoz, sentimenduak aske uzteko asmoz

PIZTIAK bueltan datoz, sentimenduak aske uzteko asmoz


Josu Eizagirre (multimedia), Jose Lastra soinu teknikaria eta Txuma Murugarren bide lagun hartuta, hamar abesti berri dituen Euriaren zain ikuskizuna atontzen ari dira Ondarroako Piztiak. Lau emanaldi eskaini ostean, zuzeneko diskoa eta DVDa kaleratuko dituzte hemendik gutxira. Ondoren, berriz, bira handiago batean murgiltzeko intentzioa dutela aitortu digute. Soinua, irudia eta hitz ederrak uztartuta, sentimenduei eta emozioei gorazarre egiten diete Piztiek, rockaz blai. Piztiak

Zuzenean

Diskoa eta kontzertuak itzuleran

Durangoko Plateruena kafe antzokian emandako emanaldia amaitu berritan hartu gintuzten, bertako kamerinoan. Pozik, oso gustora, eta umore onean, ia bost urte, talde modura, tauletatik at egon ostean. Azkoitian eta Lasarten jo ondoren, hirugarren kontzertua zen aipatutakoa. Jende gehiegi bertaratu ez arren, hunkigarria, bizia gehienetan eta betiere ondradua den ikuskizuna eskaini zuten. Hain zuzen, horixe da eurek beren lanetan bilatzen dutena: eurekiko eta publikoarekiko zintzotasuna. Halere, ezin esan azken urte hauetan geldi egon direnik. Txomin Uribe (gitarra eta ahotsa) eta Josu Aranbarri (baxua eta ahotsa), esaterako, aurrenekoaren anaia den Kirmen Uribe –beste Pizti bat– poetarekin ibili dira, azken honen Bitartean heldu eskutik olerki-liburuaren errezitaldietan. Txominek gitarra jotzen zuen eta Josuk, berriz, margotu. Hala irudi nola ideia berriak mamituz, beraz. Euriaren zain ikuskizunerako legamia, berriz, Josu Eizagirrek (multimedia) jarri du. Berriro Piztiak moduan bueltatzeko gehiegi behar ez arren, Josu Eizagirrek eman zigun beharrezko bultzadatxoa, nabarmendu du Txominek. Eizagirrek dioenez, alabaina, esperimentatzeko asmoa nuen. Izan ere, orain arte dokumentalak eta filmak egin ditut. Esperimentaziorako, ordea, talde bat behar nuela pentsatu nuen. Dena den, aurretik ere elkarrekin lan egindakoak dira: Ordu bete abestiaren bideo-klipa egitea nik eduki dudan esperientziarik politena izan da, aitortu du Eizagirrek. Euriaren zain ikuskizunak soinua eta irudia uztartzen ditu. Txomin, Josu Aranbarri eta Pellok abestiak jotzen dituzten bitartean, Eizagirrek irudiak botatzen dihardu, etengabean. Horiek, musikarien atzean kokatutako pantaila batean islatzen dira. Dena den, eta taldekideen esanetan, elementu batek ez du besteak baino garrantzi handiagorik. Hau da, irudia ez dago soinuaren gainetik eta alderantziz. Aranbarri ere uste berekoa da: Taldekide bat gehiago da Eizagirre. Ezen, Piztiak ez gara musikariak bakarrik. Kirmen ere hor dago, soinu teknikaria, eta abar. Hartara, musikariekin taularatzen da irudi-jartzaile ondarrutarra. Musikoek instrumentuekin egiten duten gauza bera egiten dut nik irudiekin: bat-batekotasuna landu, esan du Eizagirrek. Sentimenduak aske uzteko eskatzen du, pantailan, ikuskizunaren hasieran, agertzen den mezuak. Hala, sentimenduei gorazarre egiten dio Piztiak-ek. Eizagirreren esanetan, norberak ikuskizunaren interpretazio propioa egitea lortu nahi dugu. Areago joan da Aranbarri: Kontu ez narratiboak zabalagoak dira. Irudiak modu honetan aurkeztuta, ordea, elementuak gehitzen ditugu; norberaren interpretaziorako elementuak, alegia. Irudiak denen artean aukeratu dituzte. Dena dela, Josuk (Eizagirre) askatasun osoa dauka horretarako, adierazi du Txominek. Guk letrak ematen dizkiogu, ondoren berak (Eizagirre) bere interpretazio propioa egin eta irudiak aukeratzen ditu, guri, atzera, erakusteko. Adostasun batera heltzerako orduan ez omen dute arazorik eduki, guztiek estetika bera gogoko dutelako. Irudien edukiari dagokionez, Kirmen Uribek urbanoak bezala definitu zituela azpimarratu du Eizagirrek.

Estilo bera soinuan zein hitzetan

Musikari berari dagokionez, garai bateko estiloari eusten diote ondarrutarrek: rocka bere osotasunean, gitarrak –garai batean ez bezala, bakarrarekin–, emozioak, sentimenduak, artea, indarra eta grina. Piztiak-eko kideek, gainera, soinuari besteko garrantzia ematen diete hitzei. Hasi orduko (1992), Argia eta Itzala (1998) eta ZERO (1999) diskoak, esaterako, kontzeptu batzuetan oinarrituta eraiki ziren: espirala, mugak, anbiguotasuna, hutsuneak, horiek betetzeko ahaleginak, etab. Abesti berrietan ere –10 guztira– antzeko gauzetaz mintzatzen dira. Kaleak, naturak –lurra eta itsasoaren artean kokatuta dago Ondarroa–, egunerokotasunak eta bizipen pertsonalek aipatutako kontzeptuei bide egiten diete abestiak sortzerako orduan; edo artelanak egiterako garaian. Horixe da eta eurentzat egiten dutena, piztia elikatzen jarraitzeko behar dutena.

2005, EKAINA – UZTAILA
Igor Susaeta