Rocka egiten saiatu naiz beti, unean-unean eskura neukana erabiliz
Elektronika eta rocka batzen saiatu dira beti Munlet taldeko Ina Iriondo eta Anita Perez. Baina bikote elektroniko rockzalea zena boskote rockero elektronikazale bihurtu da 'Cañon' diskoan.
| Iturria: | Berria |
| Eguna: | 2010/05/20 |
Iñigo Astiz.
Elektronikaren eta rockaren artean ibili da Munlet taldea beti, 2003an Ina Iriondo Herr Professor eta Anita Perez Lady fingers Mendaron (Gipuzkoa) elkartu eta taldea sortu zutenetik. Elektronikaren bidez rocka egiten. Hainbat lan labur kaleratu dituzte ordutik hona, baita Clínica de ruidos izeneko disko bat ere, 2007an. Bikote gisa sortu eta jo dituzte kantak orain arte, baina boskote bilakatu dira argitaratu berri duten diskoan (Cañon, Gaztelupeko Hotsak). Arkaitz Garai (baxua), Oskar Alvarez (bateria) eta Sergio Llanos (gitarra) sartu dira taldean. Rocketik egiten dute orain musika, elektronika lagun.
Bikote lehen, boskote orain. Bada nahikoa aldaketa, ezta?
Nik ere ez nuen espero aldaketa hainbesterakoa izango zenik, baina kantetan ere igartzen da. Zuzenagoak atera dira, trinkoagoak. Anplifikagailuak izateak eta giza faktore horrek beren puntua eman diete, gainera. Emaitza ona dela uste dut, eta entzuleak pozik daude.
Ezberdin erantzungo du erritmo kutxa, sintetizadore, bateria eta bi gitarraren aurrean, ezta?
Bai, ezberdin jokatzen du jendeak. Guk beti izan dugu punkaren ukitu hori, baina punk artistikoarena. Jendea gure kontzertuetara ezberdina den zerbaiten bila etorri da. Orain ezberdintasun horren falta sumatzen dute batzuek. Asimilatu egin gara, agian, talde orokorraren irudi eta soinura.
Zure hitzak dira ondorengoak: «Rocka helburu, elektronika bitarteko».
Ni beti saiatu naiz rocka egiten, eta eskuan neukana erabili dut horretarako. Taldean nenbilenetan taldearekin egiten nuen, eta berdin bakarka ere, nire tresnekin. Elektronika edo beste edozer hartu, eta rocka egitea da asmoa. Taldearen ideia berreskuratzeko aukera izan dugu, eta hori egin dugu, onerako eta txarrerako.
Hamabost kantaz osatu duzue diskoa, rockaren eta elektronikaren barruan denak, baina nahiko ezberdinak, halere. Punk-funk moduko zerbaitetik gertu batzuk, punk-rocketik beste batzuk, eta pop ukitukoak eta elektronikoak ere bai beste zenbait.
Oso garai oparoa izan dugu, eta ideia batetik bi kantu egin ditugu. Horregatik, diskoan, kantu bikote horiek bata bestetik urruntzen saiatu gara, kantaz kanta mapa moduko bat osatzeko, bidaia moduko bat. Bitxia izan da kantek sorkuntza prozesuan izan duten bilakaera. Abesti gehienak, baita punkenak ere (Cañon eta Mundo Infierno), jatorrian teklatuarekin atera genituen. Erritmo kutxa, sintetizadore eta ahotsekin oso barregarri entzuten ziren, baina taldean beste gorputz bat hartu dute.
2008an Bilbo Hiria lehiaketan bigarren gelditu, eta Euskal Herriko talderik onenaren saria ere jaso zenuten. Hari esker sortu da lan hau. Bultzada eta presioa izango da hori.
Diskoa egiteko primeran etorri zaigu. Taldeek, orokorrean, urteetan pilatzen joan diren kantekin osatzen dituzte diskoak, eta guk dirua dutenen gisa egin ahal izan dugu lan (kar, kar); zer disko egin pentsatu ahal izan dugu diskoa egin baino lehen, bertan nork egon behar zuen aurrez erabakiz eta egin behar ziren aldaketak aurreikusiz. Estudioko orduak ordaintzeko eta CDen kopiak egiteko diru pixka bat ere eman digu sariak. Konpromiso bat ere eskatzen du sariak, halere; epe bat eta baldintza batzuk betetzea, ezer grabatu gabe sinetsi behar du diskoetxeak lanean...
Androideak, hologramak, plasma nuklearra eta B saileko filmetako hainbat elementu daude hitzetan. Promozio orrian diozunez, «gai sozialak» dira, «surrealismo kirurgikoz eta ikuspegi naifez lagundurik».
Orain arte baino gehiago landu ditugu gai sozialak. Telebista piztu eta desastre hutsa da dena. Ez dugu Bono zikin horren antzik izan nahi, ordea; gu hemen ez gaude ezer salbatzeko, baina badugu zer kontatua. Egia da B saileko filmetako eskapismo hori ere gustatzen zaigula, eta biak batzen saiatzen gara.
Gai sozialen kontuarekin lotuta, Pablo Fermin artistak egin dizuen bideoan Pink Floyden The Wall-en oihartzunak ikus daitezke.
Oraindik ez diot galdetu ikusi ote duen The Wall, eta niri ere gustatuko litzaidake jakitea, nik ere antz hori hartu niolako. Ez da bideo tipiko bat, eta uste dut gu ere ez garela talde tipikoa; beraz, oso ongi egokitzen zaigu. Musikarien eta komikilarien azpi-munduak batzen saiatu gara.

