Morauren Kalamidadiak jada entzungai
Kantari hernaniarraren bosgarren diskoa da Kalamidadiak eta aurrekoan bezala, Agotak taldearen laguntzarekin grabatu du.
Agotak taldearekin hasitako lanaren bigarren fruitua da Kalamidadiak (Gaztelupeko Hotsak), baina lehen aldiz taldean pentsatuz sortu ditu kantuok. Hortaz, songwriter ildoko baladak eta doinu akustikoak murriztu dira eta rock & rollaren arintasuna eta indarra bereganatu dute Morauren kantuek, power-poparen freskotasuna eta lelo itsaskorretarako joerarekin bat eginez.
Diskoak hamabi kantu jasotzen ditu, tartean Xabier Amuriza-Imanol Lartzabalen Mendian gora eta Toño Muroren Lore Etxean. Diskoaren liburuxkaren marrazkiak berriz, Mattinenak dira.
----------------------
Andoni Tolosa Morauk kronista sozialaren zereginarekin lotzen den kantu egilea deritzo bere buruari, begiak inguratzen gaituen errealitatean pausaturik haren gaineko ikuspegia eskaintzen duena, garaian garaiko gizartearen testigantza eskaintzeko eta geure buruari eragiteko kantuak betidanik izan duen funtzioari eusten diona.

