You are here: Home Artists Maite Larburu Newspaper Library Heziketa klasikotik askatu eta adierazpen modu berria topatu dut

Heziketa klasikotik askatu eta adierazpen modu berria topatu dut

Maite Larburu izenpean argitaratu du hernaniarrak «Hezurren azpian» (Gazteluleko Hotsak), baina diskoa ez dela «bakarkakoa» dio. Hasteko, Josh Cheatamekin sortu zuen Neighbor taldearen hirugarren diskoa dela sentitzen duelako. Eta, bigarrenik, Harkaitz Cano, Haritz Harreguy, Carlos Troncher, Aida Torres, Nagore Legarreta, Eider Rodriguez... lagun zahar eta berrien artean eman diolako forma.


Iturria: Gara
Eguna: 2019/04/07
MAITE LARBURU
MUSIKARIA
AMALUR ARTOLA|HERNANI

Etxean musika haurtzarotik ezagutu du. Aita oroitzen du kantuan, anaia zaharraren LPak ere ondo gogoan ditu, baita «ama, nik solfeo egin nahi dut» adierazi zuenekoa ere. Biolina aukeratu eta eskola gutxi batzuetara esan zion irakasleak bazuela eskua, nahiko balu biolinista izatea lortuko zukeela. Eta nahi izan zuen. Herbehereetan amaitu zituen musika ikasketak eta han eman du hamarkada bete, beti maleta eskuan, antzinako musikaren zirkuitua ezker-eskuin zeharkatuz. Musika garaikiderako jauzia Josh Cheatham-ekin osatu zuen Neighbor-ekin eman zuen eta distantzia fisikoak –ez afektiboak– eraginda sortu du Maite Larburu izenpean kaleratu duen lehen diskoa, «Hezurren azpian» (Gaztelupeko Hotsak). Jaioterri eta egun «operazio zentro» duen Hernanin egin dugu hitzordua. Bertan du hurrengo kontzertua, apirilaren 11n Biteri kultur etxean.

Hemengoarekiko ezberdina den kultura musikala dago Europa erdialdean. Nola bizi izan duzu giro hori?

Desberdina da. Normalean musikariak ez dira aberatsak baina beraien bizitza egiteko modua dute, batzuk autonomo bezala libreki, irakaskuntzan besteak –baina han funtzionariotza ez da existitzen– edo orkestra sinfonikoetan. Musikari ezberdinak daude, klasikoan, jazzean, antzinakoan... dabiltzanak eta libreki egiten dute lan, badagoelako merkatu bat horretaz bizi ahal izateko. Eta ni horietako bat izan naiz, edo naiz oraindik ere.

Neighbor esperientzia berritzailea izan zen zuretzat; antzinakotik garaikiderako jauzia egin zenuten.

Antzinako musika zirkuituan ezagutu nuen Josh [Cheatam] eta Amsterdamera bizitzera etorri zenean harreman musikal pertsonalagoa sortu zen gure artean. Nik kantu batzuk erdi pentsatuta neuzkan, pertsona nahiko kreatiboa naizelako eta ez bada modu batera bestera beti ‘makinatzen’ ari zait burua (barrez), eta erdi nahi gabe hasi ginen. Auzokoek eta inguruko jendeak ea diskorik grabatu behar genuen galdetzen zigutelako erabaki genuen maketa grabatzea, eta Euskal Herrian egin genuen, anaia soinu teknikaria delako, eta bere kide batek estudio bat duenez merkeagoa izango zela uste izan genuen. Estudioko teknikariak Gaztelupekoei pasa zien guri ezer esan gabe eta... azkenean, gure jolas moduko hori zena zerbait bihurtu zen besteen begietara.

Bertigorik ematen dizu zure izenarekin aurkezteak?

Bai, ematen du, baina Neighborg-en lehen diskoan ere kristoren bertigoa sentitu nuen. Ez nekien kantuak erakutsi nahi nituen eta, hori gaindituta, Maite Larburura pasatzeko unean egon da korapilo bat. Bereziki, Neighbor-en hirugarren diskoa izango zelako hau. Nik sortu, Joshek bere aportazioa egin eta hori bihurtzen genuen disko. Lehena Amsterdamen egin genuen, bigarrena okupa izandako etxe komunitario batean, baina elkarbizitza hori hautsi egin zen. Joshekin gauzak egiteko aukerak gutxitu egin dira eta disko hau hemen sortu da, erabakita hemen nagoela, eta hemengo artistekin aritzeko errazagoa zen proiektuari Maite Larburu deitzea.

Euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz entzun zaitugu. Disko berria euskaratik sortu duzu. Zureago egiten du horrek?

Nahiko naturala izan da. Aurrekoetan, nire bizitzaren %90 ingelesez egiten nuen eta kantuetarako ideiak ingelesez sortzen ziren, kantu horretako gaiak testuinguru horrekin lotuta zeudelako. Alderantziz, nireagoak zirenak euskaraz sortzen ziren. Oraingo honetan euskaraz atera da bueltako diskoa ere badelako, baita Harkaitz [Cano] hor dagoelako ere, eta Josh ez dagoelako.

Harkaitz Canoren laguntza izan duzu testugintzan.

 

Harkaitz ezagutzen nuen Holandara joan aurretik. 17 urte nituela, ahizpak AEKn egiten zuen lan eta Korrika Kulturalerako proposamenak pentsatzen zebiltzala, “nire ahizpak biolina jotzen du” esan eta beste batek “ba nik ezagutzen dut idazle bat, esango diegu zerbait egiteko?” esan zuen. Ez genuen elkar ezagutzen, eta beste bi musikarirekin elkartuta, Xabier Zeberio eta Beñat Barandiaran, aritu ginen. Gero ni kanpora joan nintzen, baina beti eduki dugu harremana, beti bidali dizkit bere liburuak. Orain, estutu egin da harreman hori.

Lau letra egin dizkizu. Berak proposatuta edo zuk eskatuta?

Denetarik egon da. Txakur berdearena, adibidez, [“Berdin bihurtu ginen”] nik proposatu nion eta “Maletadun maitalea” berak idatzi zuen; badaki ez zaidala maletak egitea gustatzen (barrez). “Katekorratzarena” bion arteko elkarrizketa batetik sortu zen. Istorio bat kontatu nion katekorratz batekin eta esan zuen “zenbat denbora ez dudala hitz hori entzun”. Eta objektu horri kantu bat egitea erabaki genuen. Eta “Ibaiaz” aspaldi proposatu zidan letra baten hirugarren bertsioa da. Leloa nirea da, berak ez zeukan ibaiaren ideia hori, baina nik forma hori eman nahi nion: estrofek badute baju nahiko jazzistiko bat eta leloa hor dabil, ibaia balitz bezala sartu eta irteten, beste erritmo batekin, ibaiaren kontinuidadea adierazi nahian bezala.

Biolina presenteago dago disko honetan.

Neighborg-en %50aren %100a dago disko honetan; desberdintasuna da Joshen ekarpena ez dagoela eta biolinaren presentzia handitu egin dela. Musikari naizen aldetik baliabideak baditudan arren, ez naiz ez konpositorea ez jazzean jakituna, intuizioz sortzen ditut kantuak, eta kosta egiten zitzaidan heziketa klasikotik instrumentuarekin eraiki dudan harreman horretatik askatzea eta beste adierazpen modu bat aurkitzea. Eta oraingo honetan, agian pixka bat baldar, baina topo egin dut beste alde horrekin. Niretzat hori oso pozgarria izan da, ze ez nuen uste gertatuko zenik. Gitarrak, adibidez, nahiz eta ez den nire instrumentua eta baldar nabilen, sorpresa asko eman dizkit. Ezjakintasun horrek ausardia ematen dizu, baina nik biolina oso ondo ezagutzen dut. Edo agian ez nuen pentsatzen nuen beste ezagutzen.

Grabazioa Haritz Harreguyrekin egin zenuen. Gogorra?

Oso gogorra. Berarekin grabatzen dudan bigarren aldia da, oso fina da lanean, asko saiatzen da lortu nahi dudan hori %100ean egia bihur dadin. Pila bat lagundu dit irudimenean dudan kantu hori errealitate bihurtzen, baina oso nekagarria izan da. Carlos Taroncher klarinete baxua eta Aida Torres eta Beñat Iturrioz [perkusioa] tarte batean etorri ziren, baina bestela bakarrik nengoen. Banekien sekulako arreta eduki behar nuela, gauza desberdin asko jo, epaitu eta grabaketaren norabidea erabaki, eta ez dago deskantsurik. Hamabost egun izan dira, eta Haritz ere porru eginda utzi nuen.

Eta emaitzarekin gustura?

Bai, gauza batzuekin bai. Emaitza baino prozesua izan da aberasgarria, biolinaren kontu hori, Harkaitzekin harremana, Aida eta Beñat ezagutzea eta diskora ekarri duten soinu hori... ze “Hezurren azpian” kanta beraiek sortu zuten: Nagore Legarretak [argazkilaria, diskoko argazkiak bereak dira] “Hysteron” proiekturako latekin egin zuten soinu banda erakutsi zidan eta haiekin hitz egitea erabaki nuen. Ez zen erraza nik ja sortuak nituen kantuetan latak txertatzea, behar zen kantu bat latak hasieratik buruan edukita sortutakoa, eta hori izan da “Hezurren azpian”. Horregatik diot emaitza baino prozesua izan dela polita, ze disko bat egin dugu eta hor dago, baina ezer ez da hor hasi eta ez dut uste hor amaituko denik.

«Gona» da aurkezpen txartela. Mugitzen ari da bideoklipa.

Hala da, bai. “Gona” mugarria izan da, “Gona”-ren aurreko unea eta ostekoa daude, hura izan zelako biolinetik sortutako lehen kantua. Hortik aurrera biolinak lekua hartu zuen sorkuntza prozesuan. Eta kanturako hitzak nola sortu diren ere polita da: ideia musikala eta hitzak ere banituen, baina... Eider Rodriguezen “Bihotz handiegia” irakurria neukan, asko gustatu zitzaidan, eta jarri zitzaidan buruan berak lagunduko zidala kantu hori idazten. Idazteko ausardia eduki nuen. Esan nion nahi nuela deskubritu zer zegoen gonaren azpian, eta ez nengoela oso ziur iritsi nintzenik. Berak esan zidan kantuak idazten saiatu izan dela eta ez dela trebea, baina bidaltzeko, ea ideiaren bat okurritzen zitzaion. Nire lotsa guztiarekin bidali nion eta esan zidan asko gustatu zitzaiola, baina galdera bat egin zidan, eta utzi ninduen harrituta... Abestiaren letra aldatu eta “kendu gona”-tik “jantzi ezazu gona”-ra pasatzea erabaki nuen. Bukatu nuenean, lehenengo Eiderri bidali nion demoa. Polita izan da hori konpartitzea, ze berak ez duela ezer egin esaten duen arren, bai, egin zuen.

Ze harrera izan du diskoak?

Bideokliparena ‘bonbazo’ bat izan da. Egun gutxitan 2.000tikgora pertsonak ikusi zuten, sareetan pila bat mugitu da... Hori harrigarria egiten zait, eta pozgarria. Oso ondo pasa genuen grabatzen Txintxuakoekin, kristoren esfortzua egin zuten denak koadratzeko. Uste dut kantuaren esentzia harrapatu duela. Diskoa ere, gertukoei behintzat gustatu zaie, baina gertatu da gauza kurioso bat: bakoitzari kantu ezberdin bat gustatu zaio. Uste dut kantuak oso ezberdinak direla.

Kantuena aipatu duzunez... Ez gara bereziki etiketa zaleak, baina egia da diskoa genero bati lotzea oso zaila dela.

Bai, zaila da. Niri ere ez zaizkit gustatzen etiketak orokorrean. Txakur berdea naizela iruditzen zait, beti kosta izan zait enkajatzea, bai gizartean, musikari bezala... klasikoa baina ezohiko bidea egin duena; antzinakoen artean ere ez naiz antzinako frikia, bakarrik musika mediebala entzuten duena... Kantuak oso ezberdinak dira eta saiatu naiz batasun bat ematen ze estudiora sartu aurretik pentsatzen nuen “ai ama, nola egingo dut honekin disko bat!”. Kantu bakoitza mundu bat da, nola eman horri koherentzia? Baina Harkaitzek esan zidan: ‘zu zara lotzen dituena, Maite Larburu da, ze gehiago behar duzu?’. Hala izango da, ez dakit.

Maite Larburu gisa lehena, azkena ez da izango.

Ba, ez dakit. Oraintxe nekatuta nago eta ez dakit zer etorriko den, zeren gogorra da, denbora eta lan handia eskatzen du, gehi nire lanbidea... Amak esaten dit gehiago ez egiteko [barrez]. “Zuk egizu dakizuna, biolina jo, joan eta etorri”. Ez du nahi sufritzerik. Lana da, baina ikasketa prozesu bat da; nire lana eta nire bizitza oso lotuta daude. Etor daitezela gauza dibertigarri eta batez ere aberatsak, ikasteko aukera ematen didatenak. Hori esango nuke.

BIDEA


«Emaitza baino prozesua izan da polita. Disko bat egin dugu eta hor dago, baina ezer ez da hor hasi eta ez dut uste hor amaituko denik»

GONA


«‘Gona’ mugarria izan da, esango nuke ‘Gona’-ren aurreko unea eta ostekoa daudela, hura izan zelako biolinetik sortutako lehen kantua»

-------

Neighborg-en %50aren %100a dago disko honetan. Desberdintasuna da Joshen ekarpena ez dagoela eta biolinaren presentzia handitu egin dela.