Kalean dago dagoeneko Jon Urrutia pianojole, konposatzaile eta pedadogoaren azken lana. Errabal Jazz eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik, soinu unibertso berri bezain harrigarria aurkeztu du Urrutiak The Paname Paper
lanarekin. “Jazzaren parametro estilistikoekin eta azken
urteetan Europan aurkitu daitezkeen musikarien artean
aipagarrienetakoa eta moldakorrenetakoa da eta ukaezinezko bokazio
bidaiarierekin apailatutako lana da honakoa”, ErrabalJazz
ekoizpen etxearen esanetan.
Aurkeztu berri duen diskoan, azken urteetan bere alboan izan
dituen Damiel Varaillon kontrabaxujolea eta Stephane Adsuar
bateria jole bikainak lagundu diote oraingoan ere, biak ala
biak, nazioarte mailako jazz zirkuito garrantzitsuetan bide luzea
egindako musikariak. “Asko atsegin dudan estilo propioa duten
artistak dira, inprobisazioan maisuak dira, eta disko honetan
ere oso ondo fusionatzen dira”, arrazoitu du Urrutiak.
Jon Urruttia Trio-ren “The Paname Papers”, lan berria bederatzi konposizioz osatzen da: Dona Kubik, Indiana/Donna-Lee, Valse pour Nono, Entartetes Blues, Fantasie Onirique, Entropical Cha, Fourth Element, Pasos Enanos, La Caravana Amarilla eta , The Paname Papers, lanari izena ematen dion konposizioa,
modu sotil batean Frantzian izapide administratibo jakin batzuk
bideratzeko dagoen konplexutasuna eta zailtasuna iradokitzen
dituena.
Azken sei urtetan bere bizitokia izan den Parisen grabatutako
lanen konposizioak ere Jon Urrutia berearenak dira. Diskoa
“zinematografia moldeko obra bat da, fotograma sail handi bat,
sekuentzia musikologo batzuk biltzen dituena”, esan du diskoa
zehazterakoan. Eta bere burua definitzerakoan aldiz, “musikari
inprobisatzailea” dela aitortu du.
Formakuntza handiko konposatzaile eta piano-jolea da Urrutia,
gazte gaztetatik jaso baitzituen musika ikasketak Bilboko
Kontserbatorioan. 18 urterekin Arnhemeko (Holanda) College for
the Arts goi mailako eskolan, musika eta bestelako diziplina
artistikoetan lizentziatu zen eta ondoren musikologia ikasketak
egin zituen Sorbonako Unibertsitatean. Berklee College of Music
Eskolan, Jazz Performance lizentziaturan graduatu zen gero,
etengabe egon da bere formakuntzan sakontzen. Hala, hainbat
mintegi ere egin ditu, Manhattan School of Music N.Y.-en
eskutik, Clare Fischer-en eskutik eta piano klasiko ikasketak
zabalduz joan zen Berklee-n Ed Bedner eta Jeff Burleson-ekin,
beste batzuen artean.
Bere bosgarren disko honetan hortaz, “erraz ezagutzeko moduko
talentua eta sormen ahalmena uzten ditu agerian. Munduko jazz
musika moldean apailatua, behar beharrezko etiketak baizik ez
dituen musika da. Lan honek ez du gaur egungo nazioarteko
jazzaren esparruko artista garrantzitsuenetako baten zale eta
jarraitzaile bakar bat ere hotzepel utziko”, adierazi dute
ErrabalJazz disketxeko arduradunek.
Bi kontzertu ditu momentuz aurreikusita. Lehena Parisen Sunset Sunside
jazz areto prestigiotsuan izango da azaroan eta Euskal Herriko
lehena Gasteizen izango da, Guridi Kontserbatorioan.