Beñat Parra
Donostiako bi musikari ezagun
elkartu eta proiektu berezi batean murgildu dira: euskal danbolinaren
historia pianoaren eta danbolinaren bidez –txistuak eta perkusioak
osatzen duten bikotea da danbolina– disko batean islatzea. Joserra
Senperena pianista eta Jose Ignazio Piter Ansorena danbolin
jotzailea dira musikari horiek, eta proiektuaren emaitza aurkeztu dute
ostegunean Parte Zaharreko liburutegian: Euskal danbolinaren aroak
diskoa. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin argitaratu dute lana, eta
Otxoa de Barandika Fundazioarekin elkarlanean. Bestalde, Lanzagorta
estudioak egin du diseinu grafikoa, Juan G. Andres kazetariak egin ditu
argazkiak, Jon Ansorenak lagundu du ekoizpenean, Mikel F. Krutzagak
grabatu du eta Musikart estudioan nahastu dute.
Diskoarekin pozik agertu dira bi musikariak, eta nabarmendu dute ez
dela elkarrekin lan egiten duten lehenengo aldia. Izan ere, aspaldiko
lagunak dira, eta ondo elkar ulertzen dute: Txirri, Mirri eta
Txiribitonen hainbat diskotan parte hartu du Senperenak –Ansorena Mirri
pailazoa zen–, eta Chillida-lekutik diskoa argitaratu zuten
2004an. Zera azaldu du Senperenak: “Orduan, Txillida Leku baserria
aukeratu genuen diskoa grabatzeko, modernitatea eta tradizioa uztartzen
zirelako han, gure disko horretan bezala: danbolinaren tradizioa eta
pianoaren modernitatea, eta baserri zaharberritu bat. Oraingoan, aldiz,
Beasaingo Igartza jauregian zuzenean grabatu dugu, bi arrazoirengatik:
lekuaren akustikarengatik eta bideoan grabatu nahi genuelako emanaldia;
hain zuzen, ETBn emango dute grabazioa”. 2004ko disko hartan “fantasia
gehiago” zegola esan dute musikariek, besteak beste, Senperenaren blues
ukituak ere bazeudelako. Oraingoan, aldiz, ez dago horrenbeste
“fantasia”, baina nabarmendu dute ez dutela “mugarik jarri”. Era berean,
pianistak nabarmendu du Ansorenak proiektua proposatu zionean
“zalantzarik gabe” eman ziola baiezkoa: “Piezak hartu nituen, pianorako
moldatu nituen, eta, ondoren, bion artean gurera ekarri genituen”.
“Euskal danbolinaren historiaren islada izan nahi du diskoak”,
nabarmendu du Ansorenak, eta danbolinak historian zehar izandako
bilakaera kontatu du. Azaldu duenez, XII. edo XIII. mendean sortu zen
Europan, eta urteen poderioz, mundu osoan zabaldu zen. Euskal
danbolinaren aldaera, aldiz, XVII. eta XVIII. mendeen artean sortu zela
kontatu du, baita bilakaera gorabeheratsua izan duela kontatu ere,
hainbat krisi eta susperraldi izan baititu. Horrela, diskoak hamabi
pieza historiko jasotzen ditu, euskal danbolinak bizitako aroak
errepresentatzen dutenak. Horrez gain, Ansorenak nabarmendu du pianoa
eta danbolina elkarrekin jo izan zirela XIX. mendeko Ilustrazioaren
garaian, baina “oso gutxi” idatzi dela horri buruz. Honako pieza hauek
osatzen dute diskoa: Soinu zaharrak (Ehun dukateoa-ehun ta
bikoa-amorea margaritatxo-punta motz), Korpus goizeko deia, Humboldt
suitea, Anboto azpiko doinuak, Balmaseda suitea, Groseko baltsak
(Txofre, Sagues eta Zuhaizti), Txutxupe jota eta Habanako kontradantzak,
Artzain doinua, Antzineko abestiak, Amaiur, Adiskide lasaiaren
sonatatxoa eta Hiru damatxo jostalari. 2022an hasiko dira zuzeneko emanaldi batzuk eskaintzen.