Hemen zaude: Hasiera Artistes Txuma Murugarren Bibliothèque de Presse Inoiz ez gaude seguru egindako kantuak egokiak diren edo ez

Inoiz ez gaude seguru egindako kantuak egokiak diren edo ez

Murugarrenek hamar urte egin ditu bakarka eta atzo seigarren diskoa plazaratu: 'B aldeko kantuak'


Iturria: Diario Vasco
Eguna: 2010/10/20

 

Sasoi Ilunak taldea deseginda, Txuma Murugarrenek bakarkako bideari ekin zion 2000. urtean. Hamar urte egin ditu eta epe horretan sei disko plazaratu. Atzo aurkeztu zuen lan berria: 'B aldeko kantuak' (Gaztelupeko hotsak disketxea).
«Zerbait berezia egin nahi nuen hamar urteak direla eta, eta Audience taldekoei deitu nien, kanta baten bertsioa egin zezaten. Diskoan, bukaera aldera, bi aldiz entzun daiteke 'Irratia gauean', nire bertsioan eta Audience-renean», esan zuen Murugarrenek atzoko aurkezpenean.
Diskoaren izenaz, berriz, honela jardun zuen: «Diskoa egiteko orduan, 60ko eta 70eko hamarkadetako singleak izan ditut buruan. B aldeak beti gustatu izan zaizkit gehiago A aldeak baino. Hit baten arrakastaren azpian ahaztuta gelditzen diren kantu minberati eta ahulak, horiek maite nituen gehien, eta uste dut bide horretatik joan direla nire kantuak, B aldeko kantu arrakasta gabeko horiekin zerikusi handia daukate. B aldeko kantuak ilunagoak eta pertsonalagoak izan ohi dira, hor ikusten dira egileen zalantzak, eta kantu zintzoagoak izaten dira beti»
Bakarkako ibilbidea era honetara deskribatu zuen: «Inoiz ez gaude seguru egin ditugun kantuak egokiak diren edo ez. Ez dut erdietsi publikoaren erabateko onarpena. Baina kantu zintzoak egin ditugu beti. Ez dakigu besterik egiten».
Grabatzeko garaian, «sekula baino nekatuago» bukatu du, besteetan baino lagun gehiago koordinatu behar izan ditudelako: «Audiencek bertsio bat egin du, Amaia Itxaustik koro batzuk egin ditu, Ituartek beste bi musikari ekarri dizkit...».
Diskoko soinuan «60ko eta 70eko hamarkadetako usaina nabaritzen da, bai gitarretan bai bateria jotzeko moduan». Letrak, berriz, «hasieran ironikoak egin nahi nituen, baina azkenean ilunak atera zaizkit». Ohi bezala.