Hemen zaude: Hasiera Artistes Miren Aranburu Ensemble Bibliothèque de Presse Miren Aranburu Ensemblek jazz lana atondu du euskaraz

Miren Aranburu Ensemblek jazz lana atondu du euskaraz


Errabal zigilu berriak Miren Aranburu Ensemble taldearen «Gorri isila» diskoa kaleratu du, euskaraz eginiko jazz doinuez osatua. «Bioleten negua», Internet bitartez zabaldu zuten diskoa, da azken lan honen oinarria, hainbat kanturen nahasketa berriak atondu baitituzte. Hiru kanta berri kenduta, hitzak eta musika Miren Aranburu eta Jean Louis Hargousenak dira.

DONOSTIA

Miren Aranburu Ensemble 1996an sortu zen, Miren Aranburu Quintet izenarekin, eta Miren Aranburu kantaria eta Jean Louis Hargous konpositorea ditu ardatz. Euskaraz eginiko olerkia eta jazz musika uztartzen dituzte eta Errabal disko zigiluak atera duen "Gorri isila" beren hirugarren diskoa dute. Bigarrena, "Bioleten negua" izenekoa, MP3 formatuan atera zuten eta Interneten bitartez zabaldu, baina Euskal Herrian ez zuen oihartzun handirik lortu, Miren Aranbururen esanetan. «Pena ematen zigun benetan disko hori gordeta edo desagertua uztea, eta erabaki genuen borroka pixka bat egitea», azaldu zuen. Horrela sortu zen "Gorri isila", atzo Donostian aurkeztu zuten lana. Aurreko diskoko hainbat doinu berreskuratu eta berriro nahastu dituzte, pieza instrumentalak baztertu, Aranbururen ahotsa berriro sartu eta titulua aldatu diote, nahasketarik gerta ez zedin. Horrez gain, hiru abesti berri grabatu dituzte, bat berezkoa eta beste biak Iparragirreren "Zibilak esan naute" kantuaren moldaketa eta "Sehaska kanta", Atxagaren poema baten gainean Maite Aseginolazak eginiko musikaren bertsioa.

Musikariei dagokienez, diskoan parte hartu dutenen taldea zabala da. Hasi zirenean taldea boskotea zen eta lehenengo bi diskoetako partaideak Miren Aranburu (ahotsa), Jean Louis Hargous (saxoa), **Iñaki Salvador (pianoa), Gonzalo Tejada (kontrabaxua) eta Victor Celada** (bateria) ziren, baina «guztiok oso lanpetuta geunden eta zaila zen elkartzea. Zuzeneko ekitaldiren bati ere uko egin behar izan genion horregatik», azaldu zuen Aranburuk.

Sorrerako bostez gain, Joseba Loinaz piano-jotzailea, Jean Paul Gilles kontrabaxua eta Edio Pessi gitarra izan dituzte lagun lan honetan, eta grabazioa «errazagoa» izan da, ziurtatu zuen abeslariak. Gainera, orain, Miren Aranburu Ensemble diren horretan, boskote zein hirukote izan litezke. Zuzenean jotzeko proposamenik jaso dute, baina, euskal jazza bezalako musika «minoritarioa» ezagutarazteko, Aranburuk beharrezkotzat jo zuen publizitatea.

Jazz musikarentzako zigilu berria

A.J. DONOSTIA

Soraluzen dagoen jazz-zaletasunaren ildoan, kontzertuak antolatzeaz gain aurrera pauso bat emateko ideiarekin, eta Gaztelupeko Hotsak disketxearen babesean, Errabal zigilu berria sortu dute Euskal Herrian jazz musikari zuzenduta. Miren Aranburu Ensembleren "Gorri isila" diskoarekin estreinatu den proiektu berriaren arduraduna Nagore Sanz da, Errabalen argitalpenen koordinatzailea.

Jazzaren inguruko hutsunea betetzera dator eta helburu bikoitza du, koordinatzaileak atzo azaldu zuenez. Alde batetik, disko guztiak antzekoak izango dira, digi-pack formatuan aterako dituzte, kanten hitzekin eta «formatu oso zainduan».

Bestetik, «Euskal Herriko artista eta musikarien obra eta konposizio berriak kaleratu eta promozionatzea» bilatuko du Errabalek, esan zuen Sanzek. Bertan egindako jazz musika jaso eta bultzatu nahi dute, eta konposizio berriez gain moldaketak ere jasoko dituzte; «standarrak beti hor egongo dira», gehitu zuen.

Hurrengo diskoa Jon Urrutia piano-jotzailearena izango dela iragarri zuen zigiluaren arduradunak.