Vous êtes ici : Accueil Artistes Mikel Andonegi

Mikel Andonegi

Mikel Andonegi pianista eta abeslari donostiarra izen eta molde ezberdinetako proiektuetan ezagutu dugu azken urteotan. Batetik, "4 Brothers and A Ghost" boskotearekin abangoardiako jazzaren uretan murgilduta. Bestetik, "Poetic Babies" egitasmoa gidatzen du, soul, hip hop, jazz eta musika elektronikoaren arteko nahasketa retrofuturista. Musika beltzaren gaur egungo joera ausart eta ipurterrea. Piano bakarrekoan edota jazz hirukoak zuzenduz ere aritzen da.

Euskal Herrian egin ohi denetik aparte dago Andonegiren sorkuntza, eta horrekin zerikusia izango du, beharbada, 90eko hamarkadaz geroztik atzerrian bizi izanak. New Yorken 16 urte egin zituen eta azken bost urteak Londresen eman ditu. New Yorkera joan aurretik, M-ak taldearekin aritu zen epe labur batean –Emeak eta arrak (1986) diskoan parte hartu zuen- eta Donostiako Jazzaldian bakarkako piano kontzertu bat eskaintzeko aukera izan zuen 1988an. Haatik, musikari gisa hobetzeko kanpora joateko beharra sentitu zuen eta horrela egin zuen. New Yorken zegoelarik, Princeren eragina zuen Lovehead izeneko rock talde batean jo zuen, hainbat musikarirekin kolaboratu zuen –Richard Bona baxu jotzaile kamerundarrarekin eta Horacio el Negro perkusio jotzaile kubatarrarekin, besteak beste-, eta Francesca Harper koreografoarekin egin zuen lan Fragile Stone Theory ikuskizunean. Baina esan bezala, azken urteotan bere proiektuetan murgildu da, eta musika hizkuntza berezkoa garatu du, entzuleari eta bere buruari asko eskatzen diona.

 

Disques: