Vous êtes ici : Accueil Artistes JUANJO NAVAS Flamenko 5et

JUANJO NAVAS Flamenko 5et

Juanjo Navas naiz.  Bilbon jaio nintzen 1975ean, eta Kantaorea naiz.

Duela hamar bat urte, Laura Vital kantariaren animo eta aholkuei esker, jendaurrean abesten hasi nintzen. Nire helburu nagusia flamenkoaz gozatzea eta lurralde honetako jendearengana hurbiltzea da. Bitxia izan liteke "flamenko kantari bilbotarra" izatea, baina musika hau beti izan dut lagun, hegoaldetik emigratu behar izan zuen nire familiari zor diot.

 Galdetu ohi didate zergatik hasi nintzen hain berandu, eta ez dakit. Agian lotsagatik, edo mugimendu flamenko handirik ez zegoelako. Morentek zioenez, "Nondik datorren jakin gabe etorri da".

 Orain sentitzen dudana da niri dagokidala sustrai hauek gal ez daitezen saiatzea. Eta batez ere, arte honetaz gozatzen jarraitzea eta ikertzen jarraitzea, noraino naraman ikusi arte.

 Grina horrek bide askotatik ibilarazi nau.

 Errezitaldietan hasi eta jaialdietan parte hartzera, Miguel Poveda, Luis El Zambo, Pedro El Granaino, Javier Colina, Jose Valencia, Canela San Roque bezalako artistekin. 

 Txaleo taldeko kide izatera, Lidia de Lorenzo dantzariarekin eta Curro Bermejo Granadako gitarrajolearekin. Hartan euskal sustraiak andaluziarrekin elkartzen genituen flamenkoa Ander Sánchez y Bitxor Pastorren txalapartarekin uztartuz.

 Flamenco Daki taldea osatzera ere ekarri nau, Marco Borge eta Enrique El Vaka gitarristekin, Alejandra Ladrón de Guevara eta Marta Pampa dantzariekin, eta Dario Campos perkusioarekin.

 Soledad Ruz dantzariaren konpainiako kide izatera, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian aurkeztu zen Luna Nueva proiektuan.

Sonic Trash taldearekin lankidetzan aritzera Enrique Morenteren Omega diskoa omentzeko, Bilboko Euskalduna Jauregira edo Motorbeach Jaialdira eramanez, besteak beste.

 Eta Beñat Arginzoniz poetak idatzitako euskarazko saeta bat abestearen erronkari ere aurre egitera ere ekarri nau flamenkoaren grina honek. Lehen aldia, historian.

  Horrela, bide horietan barrena nire lehen diskoa egitera iritsi nintzen 2017an, Reflejos de Andalucía. Disko hau hainbat lekutan aurkeztu dut, baita Madrilgo Casa Patasen ere, Garcia Lorca areto ospetsuan.

 Abentura flamenko berri bat aurkeztuko dut 2020an, Digo vivir izenburua izango duen nire bigarren lan diskografikoa. Blas de Oteroren poemei ahotsa jarri diet bertan. Bilbotar unibertsal honen letrak musikatu ahal izatea ardura handia izan da niretzat, eta harrotasuna ere bai.

 Horrelaxe segituko dut beraz, abenturak bilatzen eta bizitzen jarraitzeko. Espero dut egingo dugula topo bidean. Agur!

Disques: