Hemen zaude: Hasiera Artistes Jon Urrutia Bibliothèque de Presse Zuzeneko zirkuiturik gabe, zaila da jazza bultzatzea

Zuzeneko zirkuiturik gabe, zaila da jazza bultzatzea


Jon Urrutia pianistak etxean bertan grabatu du Home made diskoa, haren alderdi erritmikoa eta latinoa azpimarratzen duen lana

MIKEL LIZARRALDE - DONOSTIA

Euskal jazz musikari askok bezala, Jon Urrutiak (Gorliz, 1975), Bartzelonarako bidea hartu berri du. Hango Musika Gelan hasi da eskolak ematen. Aurretik, ordea, Home made (Errabal Jazz), diskoa kaleratu du. Borja Berrueta bateria jotzailearekin, Toño Miguel kontrabaxu jotzailearekin eta Santi Ibarretxe saxofonistarekin grabatu du gurasoen etxean.

Home made Euskal Herrian kaleratu duzun lehenengo diskoa da, baina aurretik grabatu zenituen beste pare bat ere. Zer gertatu zen lan haiekin?

Bilbao blues deituriko diskoa AEBetan grabatu nuen hainbat musikari handirekin. Nire kasa grabatu nuen baina hemengo disketxe batekin kaleratzeko asmoa nuen. Zigilu hura desagertu egin zenez eta abestiak apur bat zaharkituak gelditu zirenez, tiraderan gelditu da. Jon Urrutia latin & blue lana, berriz, Bostonen grabatu genuen zuzenean eta Berklee College of Musicek kaleratu zuen material didaktiko gisa.

Neurri batean bada ere, publikoarentzat eginiko lehenengo diskoa da Home made.

Bai. Disko bat grabatzeko eta kaleratzeko beharra nuen, ezinbestekoa delako mundu honetan zeure burua ezagutarazteko. Kontzertu programatzaileei ehunka maketa iristen zaizkie eta gehienak zakarretara botatzen dituzte. Hori dela eta, material hori argitaratu nahi nuen, aurkezpen lana egin zezan.

Gaztea izan arren, bide luzea egin duzu musika munduan. Jazza beti egon da zure zaletasunen artean?

Nik piano klasikoa ikasi nuen eta oso gaztetxo nintzela, hainbat rock taldetan jo nuen. Hor ezagutu nuen bluesa, baina, hamabost bat urte nituela, Jimmy Smithen disko bat iritsi zitzaidan eskuetara eta jazzak liluratu egin ninduen. Ondoren erabaki nuen musika ikasi nahi nuela.

Horretarako Herbehereetara jo zenuen lehendabizi, eta Parisera eta Bostonera ondoren. Hemen ezinezkoa zitzaizun ikastea?

Gaur egun Musikene dago, baina orduan ez zegoen ezer. Hemen ikastekotan, klasikotik jo behar nuen eta ez nuen horretarako gogo berezirik.

Diskoan erritmo latinoekiko joera nabaritzen da zenbait unetan. Nondik datorkizu zaletasun hori?

Herbehereetan nengoela musikari latino ugari ezagutu nituen, eta salsa big band batean ere aritu nintzen. Gainera, Hego Amerikako kantuak txikitatik entzun izan ditut inguruan, eta horrek ere arrasto bat utziko zuen nire lanean. Beste alde batetik, be bopak ere eragin dit, jazz garaikidearen oinarria den neurrian. John Coltranek edota Cecil Taylorrek ere be bopa egin zuten, baina lan esperimentalagoek egin zituzten ezagun.

Home made etxean grabatu duzu. Nahita ala behartuta?

Taldearen egoerak bultzatuta hartu nuen etxean grabatzeko erabakia. Taldekideak leku batean eta bestean jotzen aritzen dira, eta, entseatzeko aukerarik izan ez dugunez, ezin ginen estudio profesional batean sartu, diru askorik ere ez geneukalako.

Musikari handiekin lan egin duzun arren, ezezaguna izaten jarraitzen duzu. Jazzarekiko ezjakintasuna dago oraindik?

Kulturarekiko interesa nahiko eskasa da eta hezkuntza lan handia dago egiteko oraindik. Hor Kultura eta Hezkuntza sailen betebeharra ezinbestekoa da. Gainera, jazz programazioa udako hiru astetan pilatzen da eta neguan ez da ezer egoten. Zirkuiturik ezean zaila da jazza bultzatzea, eta Euskal Herrian ez dago zirkuiturik; hala ere, badira programatzen duten areto pare bat.