Hemen zaude: Hasiera Artistes Jon Urrutia Bibliothèque de Presse “The Paname Papers”, Jon Urrutia Triok kaleratutako disko berria

“The Paname Papers”, Jon Urrutia Triok kaleratutako disko berria


Iturria: Nontzeberri
Eguna: 2018/09/27

Kalean dago dagoeneko Jon Urrutia pianojole, konposatzaile eta pedadogoaren azken lana. Errabal Jazz eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik, soinu unibertso berri bezain harrigarria aurkeztu du Urrutiak The Paname Paper lanarekin. “Jazzaren parametro estilistikoekin eta azken urteetan Europan aurkitu daitezkeen musikarien artean aipagarrienetakoa eta moldakorrenetakoa da eta ukaezinezko bokazio bidaiarierekin apailatutako lana da honakoa”, ErrabalJazz ekoizpen etxearen esanetan.

Aurkeztu berri duen diskoan, azken urteetan bere alboan izan dituen Damiel Varaillon kontrabaxujolea eta Stephane Adsuar bateria jole bikainak lagundu diote oraingoan ere, biak ala biak, nazioarte mailako jazz zirkuito garrantzitsuetan bide luzea egindako musikariak. “Asko atsegin dudan estilo propioa duten artistak dira, inprobisazioan maisuak dira, eta disko honetan ere oso ondo fusionatzen dira”, arrazoitu du Urrutiak.

Jon Urruttia Trio-ren  “The Paname Papers”, lan berria bederatzi konposizioz osatzen da: Dona Kubik, Indiana/Donna-Lee, Valse pour Nono, Entartetes Blues, Fantasie Onirique, Entropical Cha, Fourth Element, Pasos Enanos, La Caravana Amarilla eta , The Paname Papers, lanari izena ematen dion konposizioa, modu sotil batean Frantzian izapide administratibo jakin batzuk bideratzeko dagoen konplexutasuna eta zailtasuna iradokitzen dituena.

Azken sei urtetan bere bizitokia izan den Parisen grabatutako lanen konposizioak ere Jon Urrutia berearenak dira. Diskoa “zinematografia moldeko obra bat da, fotograma sail handi bat, sekuentzia musikologo batzuk biltzen dituena”, esan du diskoa zehazterakoan. Eta bere burua definitzerakoan aldiz, “musikari inprobisatzailea” dela aitortu du.

Formakuntza handiko konposatzaile eta piano-jolea da Urrutia, gazte gaztetatik jaso baitzituen musika ikasketak Bilboko Kontserbatorioan. 18 urterekin Arnhemeko  (Holanda) College for the Arts goi mailako eskolan, musika eta bestelako diziplina artistikoetan lizentziatu zen eta ondoren musikologia ikasketak egin zituen Sorbonako Unibertsitatean. Berklee College of Music Eskolan, Jazz Performance lizentziaturan graduatu zen gero, etengabe egon da bere formakuntzan sakontzen. Hala, hainbat mintegi ere egin ditu, Manhattan School of Music N.Y.-en eskutik, Clare Fischer-en eskutik eta piano klasiko ikasketak zabalduz joan zen Berklee-n Ed Bedner eta Jeff Burleson-ekin, beste batzuen artean.

Bere bosgarren disko honetan hortaz, “erraz ezagutzeko moduko talentua eta sormen ahalmena uzten ditu agerian. Munduko jazz musika moldean apailatua, behar beharrezko etiketak baizik ez dituen musika da. Lan honek ez du gaur egungo nazioarteko jazzaren esparruko artista garrantzitsuenetako baten zale eta jarraitzaile bakar bat ere hotzepel utziko”, adierazi dute ErrabalJazz disketxeko arduradunek.

Bi kontzertu ditu momentuz aurreikusita. Lehena Parisen Sunset Sunside jazz areto prestigiotsuan izango da azaroan eta Euskal Herriko lehena Gasteizen izango da, Guridi Kontserbatorioan.