Trayectoire
Egunetik egunera gitarrista hobea izateko grinak gidatu du bere
jarduna, bereziki 15 urte zituela The Four's Band taldearekin
Bartzelonako klubetan jotzen hasi zenetik. Geroago beste talde
batzuetan aritu zen, Harmonica Zummel Blues Band eta The Midnight
Rockets, eta 18 urterekin Hook Herreraren taldean sartu zen: Espainiako
eta Europako blues jaialdi eta klub ospetsuenetan jotzeko aukera heldu
zitzaion.
2001. urtean bere banda sortu zuen, Alex “A” & TNT, eta bere izena
ezaguna egiten hasi zen zaletuen zein kritikarien artean. Hiru disko
kaleratu ditu jada, Walking your way, I feel the blues again eta orain
aurkezten dizugun Change my style hau. Bigarren eta hirugarren diskoen
artean, Chicagon denboraldi bat eman zuen Alexek bluesmen handien
alboan, eta handik Rick Perkins pianista eta teklatu jotzailea (Al
Green, B.B. King edota Shaka Khanekin aritutakoa) ekarri zuen bere
bandarako. Laguntzen dioten beste hiru taldekideak Bartzelonan
finkaturiko musikariak dira, eta hauek ere ibilbide distiratsua egin
dute: Julian Vaughn estatubatuarra (bateria), Johnny Copeland, Albert
King eta B.B. King-en taldeetan aritutakoa; Javier Mas espainiarra
(gitarra), Leonard Cohenen azken biran parte hartu duena; eta Steve De
Swardt baxu jotzaile afrikarra.

