Usted está aquí: Inicio Artistas Zaharregia, txikiegia agian Hemeroteca ZAHARREGIA, TXIKIEGIA AGIAN ikuskizunean oinarrituta zuzendu du AGIAN film luzea Arkaitz Basterrak

ZAHARREGIA, TXIKIEGIA AGIAN ikuskizunean oinarrituta zuzendu du AGIAN film luzea Arkaitz Basterrak


Begiraden aldaketa kontagai

Mikel Lizarralde - J.L. ZABALA

Ez du damurik Arkaitz Basterrak duela bi urte egin zuen apustu ausartaz: ekoizle baten babesik gabe jo zuen New Yorkera, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Mikel Valverderekin, Zaharregia, txikiegia agian ikuskizunari buruzko film dokumental luzerako irudiak hartzeko asmoz. Koproduktorea aurkitu zuen gero, eta filma, egilearen estreinako film luzea, hilabete barru estreinatuko da, Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailean, Agian izenburuarekin.

New Yorken izandako topaketa batean du hasiera Agian-eko historiak. 2003ko martxoan zinema zuzendaritza ikasketak egiten ari zen Basterra New Yorken. Kirmen Uribek poesia errezitaldi batzuk egin behar zituen han, Mikel Urdangarin lagun zuela. «Nik Mikel Urdangarin lehendik ezagutzen nuen, eta elkarrekin lotu ginen», ekarri du gogora Basterrak. «Aste osoa eman nuen haiekin, kamera hartuta, grabazioak egiten, eta film dokumental txiki bat osatu genuen, 28 minutukoa. Justu orduantxe sortu zen Zaharregia, txikiegia agian ikuskizuna egiteko asmoa ere. Gero emanaldiak egiten hasi ziren, disko-liburua atera zuten Durangoko Azokan...».

Hasieran, 28 minutuko film dokumental laburra kaleratzeko asmoa izan zuten. «Baina Zaharregia, txikiegia agian ikuskizunaren historia amaitzen ari zela erabaki zutenean, pentsatu zuten ederra izango zela New Yorken hasitakoa New Yorken amaitzea. Nik orduan proposatu nien film luzea osatzea: hasiera osoa grabatua geneukan, prozesuaren erdian geunden, eta bukaera ere bizitzeko aukera genuen. Ondo ikusi zuten asmoa».

Ekoizle baten babesik gabe jaio zen egitasmoa, eta halaxe jarri zen abian, inolako ziurtasunik gabe. Baina nik argi neukan irudiak grabatu ezean ez zela filmik izango, eta kamera eta mikrofonoak lortu eta neu ere New Yorkera joan nintzen ikuskizuneko artistekin batera. Han nik ikasi nuen eskolaren laguntza izan nuen. Itzuli ginenean, Gasteizko Sonora Estudios ekoiztetxearekin kontaktatu nuen, gustatu egin zitzaien proiektua, eta ko-produkzioa egiteko prest agertu ziren.

Filmeko azkeneko irudiak 2005eko ekainean hartuak dira. Beraz, bi urtetik gorako prozesu oso bat jasotzen du Agian-ek. Prozesu luzea izan da, baina Zaharregia, txikiegia agian ere prozesu luzea izan zen. Horrek markatzen zuen erritmoa. Film dokumentalak horrela egin behar direla uste dut, gaiak markatutako erritmoan, prozesua bortxatu gabe.

Guztira, 120 orduko grabazioa zeukan esku artean Zaharregia, txikiegi agian ikuskizunaren azken emanaldia amaitu zenean. Edizio prozesua luzea izan da, baina askatasun handia izan dugu. Denbora aldetik ez dugu estuasunik izan, eta material pila bat neukan kontatu nahi nuena kontatzeko. Material interesgarri asko kanpoan geratu da. Esaterako, niri gehien gustatzen zaidan elkarrizketa kanpoan geratu da, ez ziolako istorio nagusiari laguntzen. Saiatu nintzen elkarrizketa horrentzat leku egokia bilatzen baina ezinezkoa izan zen. Azken emaitzak 80 minutuko iraupena du.

EUSKAL HERRIAZ, BESTELAKO IKUSPEGIA. New Yorken bizi zenean, Basterrak ez zuen euskal munduarekin harremanik, eta Urdangarin, Uribe eta gainerakoak iritsi zirenean, haien bidez, Euskal Herria ikusteko beste modu bat ezagutu zuen. Filmak hori kontatzen du: bakoitzak, norbera denetik abiatuta, zer daukan erakusteko munduari, eta zertan den besteen antzekoa.

Bideo formatuan grabatua dago Agian. New Yorkeko saioetako irudiekin batera, Bilboko Kafe Antzokiko saiokoak ere badira filmean, Super-8 formatuan hartuak. Horrekin batera, Uribe, Urdangarin, Mendizabal, Rueda eta Valverderi egindako elkarrizketak eta haiekin bizitako bestelako uneak eskaintzen ditu filmak.

Elkarrizketetan «gauza asko» kontatzen dituzte Zaharregia, txikiegia agian ikuskizuneko artistek. Bizitza ikusteko duten moduari buruz asko hitz egiten dute, eta hori da garrantzitsua. New Yorkera joatea sekulako aldaketa garrantzitsua izan zen haientzat, eta hortik jaio zen proiektua azken batean. Hori da kontatu nahi duguna.

Irudi aldetik eta kameraren erabilerari dagokionez, «oso klasikoa» da Agian. Istorioa kontatzeko modua da ezberdina, kontatzen dena ordenatzeko modua. Puzzle baten eran antolatua baitago dena. Horregatik, baliteke hasieran ikusleek ez ulertzea oso ondo zer ari den gertatzen, baina gero dena osatzen da eta dena ulertzen da.

Filma Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailean aurkeztuko dela jakitea «poz handia» da Basterrarentzat. Batetik, Donostiakoa jaialdi handia delako, munduko handienetakoa. Bestetik, estreinaldia lagunengandik eta maite dudan jendearengandik hurbil egiteko aukera ematen dizulako.

Zinemaldian estreinatu ondoren, filma mundu osoko hainbat jaialditan aurkezteko asmoa dute, eta gero, urtebeteren buruan, ahal izanez gero behintzat, zinema aretoetara eramango dute, bai Euskal Herriko hiriburuetan eta bai Bartzelonan.

Agian zuzentzeaz gain, bost film labur eta hainbat bideo-klip zuzendu ditu Basterrak, eta orain beste film dokumental bat zuzentzen ari da, Vojtech Jasny txekiar zinemagileari buruzkoa. New Yorken eta Euskal Herrian egin ditugu grabazioak, eta bera bizi izandako lekuetara ere joango gara aurrerago. Hori ere, Agian bezala, oso proiektu luzea da. Horretaz gain, fikzioko film luze baterako gidoia ere idazten ari da, ingelesez.

Nik argi neukan irudiak grabatu ezean ez zela filmik izango, eta New Yorkera joatea erabaki nuen

Zaharregia, txikiegia agian-eko artistek bizitza ikusteko duten moduaz hitz egiten dute filmean

Arkaitz Basterra

Agian* filmaren zuzendaria