Ander Perez
Izen berria da Starbluesena musikazale askorentzat, berria den bezalaxe, labetik oraintxe aterata, taldearen lehen diskoa, Gu geu
izenekoa. Eta, halere, eskarmentuzko musikariak dira Starblues osatzen
dutenak, eta badira urte batzuk, sei zehazki, taldea sortu zutenetik.
Jon Barreros Ordiziako (Gipuzkoa) gitarrista eta kantaria izan zen
egitasmoaren bultzatzailea: «Nire gitarra jotzeko eragatik eta musika
eskolan ikasi nuenagatik, bluesa perfekzionatzen hasi nintzen, eta, asko
gustatzen zitzaidanez, pentsatu nuen: 'zergatik ez blues talde bat
egin?'». Dioenez, «Euskal Rock Erradikalaren errutinatik ateratzea» ere
izan zen xedeetako bat. Hala, egitasmoa Urko Ruiz de Apodaka baxu
jotzaileari proposatu —Ordiziakoa, Barreros bezala—, bateria jotzaile
bat «engainatu», eta hirukote gisa abiatu ziren musika munduan, «talde
gehientsuak hasten diren bezala, moldaketak egiten». Beranduago, «base
melodikorako zerbait» erantsi beharra zutela iritzita, Yon Labaien
Tolosako (Gipuzkoa) piano eta hammond jotzailearengana jo zuten, eta
hark «gizendu» zuen taldearen doinua, Barrerosen iritziz. Azkenik,
bateria jotzaileak taldea utzi, eta Fermin Etxeberriak —tolosarra hura
ere— hartu zuen haren tokia, gaur egungo laukotea finkatuz.
Joan
den udaberrian iritsi zen taldearen blues errepertorioa disko batean
gordetzeko «mugarria». Beasaingo (Gipuzkoa) Pottoko estudioetako Fredi
Pelaezengana jo zuten orduan, «maketatxo bat egiteko kontzeptuarekin»,
baina «fundamentuzko disko» bat egin zuten azkenean, grabazio teknikoak
horretara bultzatuta. Atzo aurkeztu zuten lana, Gaztelupeko Hotsak
diskoetxeak ekoitzitakoa, Donostian.
Taldeak berak sortutako
hamabi kanta ditu Starbluesek, euskaraz kantatuak, eta baita sei bertsio
ere, «zuzeneko materiala» izaten direnak. Hamabi pieza propioetatik
zortzi bildu dituzte diskoan, «tamaina polita» delakoan. Taldekideen
artean egin zuten bozketa, diskoan zer kanta sartu aukeratzeko. Eta,
Barrerosek dioenez, «haien artean antz handiena dutenak, lerro bati
jarraitzen diotenak» dira hautatutakoak. «Blues disko bat egin nahi
genuen, eta kanpoan geratu direnak ez dira blues kantak».
Bluesaren ertz ezberdinak
Jon
Barrerosek konposatu ditu diskoko sei kanta, eta Yon Labaienek beste
biak, nahiz eta taldekide guztiek hartu duten parte ondorengo
moldaketetan. Eta bada diferentziarik, taldeko kantariaren ustez.
Gitarra «biziagokoak» dira, nonbait, berak eginikoak. «Rhythm and
bluesetik gertukoagoak ». Hain justu, bluesa ardatz, ukitu ezberdinetako
kantak sartu dituzte diskoan, eta taldekide guztiek batera joaz grabatu
dituzte, live recording izeneko estiloan. «Freskotasuna» eman dio horrek lanari, Barrerosen ustez.
Ostiralean
aurkeztuko dute diskoa zuzenean, Ordiziako Delikatuz aretoan, 19:30ean.
Eta orain arteko erritmo geldoa —25 kontzertu eman dituzte sei urtean—
erabat eraldatu gabe ere, —argi dute badituztela bestelako lehentasunak—
aurrerantzean gehiago jo nahiko lukete: «Behin gauza serio bat kalera
aterata, nahiko genioke munduari erakutsi».