Poetic babies

Mikel Andonegik Kaki Arkarazorekin egin zituen lehen lan musikalak, eta Sarako Denbora taldearen maketarekin lehen entzule eta zaleak lortu zituen Herri Irratian eta Euskadi Irratian.  1985. urtean, M-ak taldeko partaidea izanik, talde honen bigarren diskoan, Emeak eta Arrak izenburukoan, teklak jotzen ageri zaigu. Arrakasta maila xumeko beste zenbait maketa grabatu ondoren  1988. urtean Donostiako Jazzaldian parte hartu zuen, eta piano kontzertu bat eskaini zuen bakarlari gisa.1989. urtean New Yorkera abiatu zen, 16 urteko abenturari hasiera emanez. Han, Lovehead taldea sortu zuen J Dilla X abeslariarekin batean, eta jarraitzaile talde ederra bildu zuen haren inguruan, New Yorken. AEBtan emanaldi ugari eskaini zituen Frantzian eta Alemanian barrena bira bat egin baino lehen. Disko bat kaleratzeko kontratu bat lortu zuten Elektra diskoetxearekin, baina tamalez, argitaratu gabe gelditu zen taldearen barruan sortutako istilu artistiko eta pertsonalengatik.
1992an bakarkako bideari ekin zion, tekla jotzaile eta ekoizle gisa eta, lehen aldiz,  abeslari moduan. Lan honen emaitza 1996. urtean argitaratu zuen “Illegal Alien” diskoan aurki daiteke. Oso kritika onak jaso zituen arren, diskoa bultzatzeko eta sustatzeko kanpaina ezak guztiz mugatu zituen lana erruz saltzeko aukerak.Sasoi hartan lehen mailako jazz musikariekin aritu zen Mikel piano jotzaile bezala, Richard Bona, Mamadu Ba, Horacio el Negro aipagarrienak.2001. urtean lan guztiz aipagarria egin zuen Ballet munduan Francesca Harper dantzariarekin, eta besteak beste, Fragile Stone Theory musikala sortu zuen. 2002an ahots arazoak izaten hasi zen, eta ondorioz beste musikariekin lan egiteko erabakia hartu zuen; John Roggie eta Ari Zabloski produktoreek haren piano zerbitzuak baliatu zituzten.2003an ahotsa hobetzen zihoakion neurrian, haren proiektu nagusia, Poetic Babies, lantzen hasi zen John Roggieren laguntzarekin.
 
2005 urtean., Londresen jada, 4Brothers and a Ghost abangoardiako jazz taldea sortu zuen musikari ingeles batzuk lagun zituela. Talde honekin kaleratu zuen Mikelek berak konposatutako lanekin osatutako diskoa (Errabal, 2006), eta nola Ingalaterran hala Euskal Herrian lan hau ezagutarazteko hainbat emanaldi eskaini zituen.
 
Jaso dituen tradizio eta musika eragin guztien sintesi bat da, landu dituen bide guztien biribiltzea, 2009. urtearen hondarretan argitaratutako azken lana: Poetic Babies: Adding Strangeness to your sense of beauty since 1998 (Gaztelupeko Hotsak, 09)
  Aurrera begira Mikel Andonegik bi fronteetan jarraitzeko asmo sendoa du, hau da, nola Jazz munduan piano jotzaile modura hala Poetic Babies  musika anabasa handiko taldean, Soul, Hip-Hop, Jazz eta Techno elementuekin osatutako musika eta hitzak nahasten jarraitzeko.
Disko honetan entzungo duzu proiektu honen emaitza.
 
 Entzun: Metamorphical.
mp3
 

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com