Usted está aquí: Inicio Artistas Petti Hemeroteca Rockaren mamia

Rockaren mamia

Elkarrekin argitaraturiko diskoko kantuak eta zenbait bertsio modu akustikoan joko dituzte Barrence Whitfield kantari estatubatuarrak eta Petti musikari beratarrak ondorengo egunotan.


Iturria: Berria
Eguna: 2010/02/18

Gorka Erostarbe.

Bera

 

Kirioak dantzan ditu Pettik (Bera, Nafarroa, 1973). Sei kontzertu ditu ia jarraian -atzo hasita-. Eta, alboan lagun «ezin hobea» izango duen arren, lorik egin gabe daramatza azken bi gauak: «Barrence Whitfieldekin kaleraturiko diskoa rock-and-rollero samarra da. Sei kontzertu hauek, aldiz, modu akustikoan egingo ditugu, eta kezka dut nola hartuko ote duen jendeak». Barrence Whitfield (East Orange, New Jersey, AEB, 1955) da lagun «ezin hobe» hori. Mendialdeko baserri berri batean bizi da Petti, eta han hartu du ostatu kantari estatubatuar beteranoak egunotan. Lasai arraio dago han. Basauriko Ibaigane kultur zentroan zuten lehen kontzertua, atzo arratsaldean, eta apenas entseatzeko denborarik izan duten arren, urteetako ibilian jasotako esperientzia eta sosegua nabari zaizkio Whitfieldi. Sosegua bai, baina irrika eta indarra bezainbat: «Borroka bat hastear den boxeolariaren antzera nago, ringera ateratzeko prest».

Bloody Hotsak zigiluak eman die elkarlanerako aukera Pettiri eta Barrence Whitfieldi. Bakoitzak bost kantu hautatu eta diskoa osatu dute. Pettik bere bost kantu zahar aukeratu ditu, eta Whitfieldek bere gustuko musikari edo talderen bost bertsio egin ditu: «Aspalditxotik ezagutzen nuen Whitfield, Euskal Herrian ibilia baitzen lehen ere kontzertuak ematen. Duela urte batzuk Irungo jaietan izan zen, Bloody Mary dendako Juancarrek aurkeztu egin zidan, eta esan zion gustura grabatuko nuela zerbait berekin. Nire aurreko lanak pasatu zizkion, itxura batean gustatu eta elkarrekin grabatzeko aukera suertatu zen», argitu du Pettik.

Whitfieldek ez zuen asko esperoko 50 urteak ondo igaro ostean Bostondik hain urrun eta musikari euskaldun gazteago batekin elkarlanean arituko zenik: «Musikak ematen duen gauzarik ederrena beste leku eta kultura batzuetako jendea ezagutzeko aukera da. Pettiren ahotsaren indarrak eta gitarra jotzeko grinak hasiera-hasieratik harrapatu ninduten. Barruan daukadana Euskal Herrian erakustea aukera zoragarria da niretzat».

Dennis Brennanen Sugar Falls klasikotu bat, Steve Wynnen Kerosene Men berritu bat, Bottle Rockets talde gazteagoaren Thousand Dollar Car, Treat Her Right ezezagunaren (Morphine taldearen oinarria) No Reason eta Tom Russellen Veteran's Day zoragarria dira Whitfieldek hautatuak. Kantu horretan Petti bera zen bigarren ahotsak egitekoa, baina «denbora faltagatik» ezin izan zuten egin, eta Whitfield bera da bigarren ahotsak egiten dituena. kontzertuetan, ordea, Pettik lagunduko dio ahotsekin.

Pettik aukeraturikoak, aldiz, aurreko lanetan sartu gabeak dira: «Aspaldikoak dira, estiloagatik nire aurreko diskoetan sartzen ez ziren kantuak. Denetarik dago; rock-and-roleroak, surferoak eta countryak, besteak beste». Bat ez bada bertze sutsua, Ehiza blues gordin-errea, muga ahairea duen Solasaldia, Min Ixila -elkarrekin abesten dute horretan- eta The Lonesome Cowboy Joseba Irazokiren gitarrek giroturiko surf kutsukoa dira Pettirenak.

Joseba Irazokiren gitarrez gain, Beñat Irureta baxu jotzailea eta Iñaki Guantxe bateria jotzailea batu eta Azkarateko (Nafarroa) Katarain estudioan grabatu zituzten kantuak, iazko udan, Jonan Ordorika teknikari zutela. «Lan izugarria» egin zuen Ordorikak, Pettiren hitzetan: «Rock-and-roll soinu betea lortu zuen, Euskal Herrian batere ohikoa ez dena».

Barrence Whitfield «liluraturik» geratu zen Kataraingo estudioa zein parajetan dagoen ikusita: «Nora gindoazen galdetu nuen nik, eta estudiora esaten zidatenean, harrituta ni. Estudioa mendian. Zoragarria!». Musikari gazteekin ere liluratua: «Harrigarria da Bera herri txikian zenbat musikari dagoen. Asko esan nahi du horrek gazte jende horrek duen sorkuntza indarraz». Gazte jendearekin elkarlanean aritzeak indarra ematen dio Whitfieldi. Ez horrek bakarrik. Euskal Herrian ezagututako jakiek eta, batez ere, mamiak «indar berezia» eman diote: «Mamiaren esklabo bihurtu naiz». Whitfielden mami zaletasuna asetzeko erremedioriok badu Pettik: «Ardi batzuk baditugu etxean, eta AEBetara joan aurretik egingo diogu nahi adina mami».

Bostongo kantariarekin igarotako uneak, eta igaroko dituztenak, «plazer handi bat» dira Pettirentzat: «Jende askok galdetzen dit zer ikasi dudan Barrencengandik. Musika aldetik, ezer gutxi esan dezaket, ez garelako denbora luzez egon, baina pertsona bezala izugarri. Hain handia izanik ere, umila da oso. Mikel Laboa gogorarazten dit horretan».

Umiltasuna besteekiko jarrera irekian erakusten du Whitfieldek. Arretaz entzuten du, hizlaria edozein delarik ere, eta gustura egongo da Berako baserri batean, Hernaniko sagardotegian edo kultur etxe batean kantari. Benetako izena Barry White duen artistak -funk eta disco kantari famatuak bezalaxe- New Jerseytik Bostonerako bidea egin zuen unibertsitate garaian. Hasiera batean disco eta rock progresiboko taldeetan aritu zen, baina berehala heldu zion benetan maite zuen musikari, soulari, bluesari eta rock-and-rollari. Rockaren mamiari.

Rockaren mami hori formatu akustikoan erakutsiko dute hurrengo egunetan. Bizkaian emango dituzten kontzertuetan biak ariko dira, huts-hutsean: «Diskoko lau bat kantu eta Jimmi Hendrixen beste hiru bat joko ditugu, besteak beste». Hurrengo asteko bi kontzertuetan taldearen laguntza izango dute. Ekainean berriro izango dira oholtzaren gainean, formatu elektrikoan.

BARRENCE WHITFIELD ETA PETTI

Gaur. Zornotzan (Zelaieta zentroa).

Bihar. Leioan (Ambigu kultur aretoa).

Larunbatean. Ermuan (Lobiano kultur etxea).

Otsailaren 26an. Donostian (Lugaritz kultur etxea).

Otsailaren 27an. Arrasaten (Amaia udal antzokia).