Vous êtes ici : Accueil Artistas Norman Hemeroteca Norman, rock ikara

Norman, rock ikara

Alfred Hitchcocken 'Psycho' filmeko protagonistaren izena hartu, rock-and-roll oinarri gordinak ehundu, eta estreinako lana kaleratu du Eibarko laukoteak, nortasun handiko ahotsez eta irudimenez jantzita.


Iturria: Berria
Eguna: 2010/02/04

2010-02-04

Gorka Erostarbe.

 

Zinemak, zaletasun bat bakarrik ez, irudimena eta kantuak sortzeko aitzakiak eman dizkie. Guztiak dira zinemazale. Taldearen izenari erreparatzea baino ez dago. Alfred Hitchcocken Psycho filmeko protagonistari zor diote Norman izena. Eta ez izena soilik; Hitchcocki egindako keinuak ugariak dira letretan, izenburuetan (Marion Crane, Bates Motel...), giro ilunean...

Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin plazaratu du aurreneko lana Eibarko laukoteak. Estreinako lana dute taldearen izen berekoa, baina lehen ere musikaren munduan arituak eta zailduak direla ageriko dute taldeko kideek, bai zuzeneko emanaldi grinatsuetan, baita grabatu duten lan bakarrean ere. Rock-and-roll oinarri gordinetik abiatuta, ñabarduraz eta hainbat aldaeraz ondutako lana kaleratu dute Beñat Narbaizak (ahotsa), Kepa Arakistainek (gitarra), Alex Ariznabarretak (baxua) eta Gorka Bocosek (bateria).

Rock bizia egitea du ezaugarri Normanek. Erritmo biziak nola kantuetan hala ibilbidean. Bertsioak egiteko eta «dibertitzeko» asmoz hasi ziren elkartzen, Eibarko Legarre auzoko lokal batean, duela bi urte pasatxo. Arakistain The Gominols eta Skandalu Publiku taldeetan aritua zen, eta Ariznabarreta eta Bocos Electric Dolls taldetik zetozen. Segituan ekin zioten abesti propioak lantzeari, eta Narbaizaren bila jo zuten, kantari moduan aritzeko. Kantari soilik ez, kantu berrien letrak egiteko ardura ere berak hartu zuen. Argi zuen euskaraz egingo zituela kantuen letrak, baina zein gairi buruz idatzi ez zuen horren argi: «Hutsetik hastea zail zitzaidan, eta horregatik jo nuen zinemara eta Hitchcockengana. Oso gai erosoa iruditu zitzaidan kantuetara egokitzeko. Garbi nuen errealitatetik kanpoko zerbait idatzi nahi nuela», azaldu du kantariak. Legarreko lokalean grabatu zituzten 11 kantuak, Ander Barriuso teknikari zutela.

Kantu guztiak ez daude Psycho filmean oinarrituak. Hitchcocken Shadow of A Doubt filmean oinarriturik dago Alargunaren hiltzailea izeneko kantua, eta Franzy filmean, berriz, Mr Rusk. Garapen erritmiko landua eta giro espaziala du Twin Peaks telesailean oinarriturikoak: Gela gorrian kantuak. Letra gehientsuenetan ageri da ikarazko aipamenik, heriotzaren erreferentziarik: «Baina, Hitchcocken filmetan bezala, umoreak ere badu tarterik gure kantuetan».

Rock-and-rolla ardatz , baina ez eragin bakarra: «Hardcore ukiturik badugu, eta funk erritmoak ere bai. Izan ere, taldeko bakoitzak bere gustuak ditu, eta, hain zuzen ere, Normanek batzen gaitu». Rock gordin eta ikarazkoa izanik, kontzertuetako indarrak garrantzi handia du Norman taldekoentzat: «Kontzertuetan gozatzen dugu gehien, han ematen dugu dena, terapia moduko bat ere bada».

Kontzertuak han-hemenka ematea dute helburu orain. Danbaka lehiaketako finalean aritu dira orain artean, besteak beste. Otsailaren 20an Donostiako Doka aretoan ariko dira, Brankan eta Okasientes taldeekin batera, eta martxoaren 6an Elgoibarko gaztetxean, Sexty Sexers taldearekin batera. Hala ere, abesti berriak sortzeko gogo eta ilusioarekin dira jada: «Kontzertuetan beti abesti berberak joz nekatu egiten da bat, eta ea hiruzpalau gehiago sortzen ditugun». Kantu berriak ere zinemarekin loturik egongo direla argi dauka Narbaizak: «Etxean film mordoa dugu eta haiei probetxua atera beharko diegu, ezta?».