Usted está aquí: Inicio Artistas Mikel Aranzabal Hemeroteca «Barne sentimenduak» azaleratu ditu Mikel Aranzabalek lehen diskoan

«Barne sentimenduak» azaleratu ditu Mikel Aranzabalek lehen diskoan


Gitarra lagun, modu akustikoan grabatu ditu Pentsamendu hutsak diskoko 12 kantuak

Gorka Erostarbe Berria 2007-02-13

Poetek gezurrak asmatzen dituzte egiak esateko baina ni ez naiz poeta, kantari soil bat baizik. Nostalgia izeneko kantua da, Mikel Aranzabalek (Orio, 1985) Pentsamendu hutsak lehen diskoan jasotakoa. Bere burua kantari eta musikaritzat du. Musika du espresiobide: Musikak askatasuna ematen dit. Ez ditut nire sentimenduak asko espresatzen modu pertsonalean. Musikaren bidez barne sentimenduak adierazten ditut eta lasaitasuna ematen dit. Asko nabaritzen zait: kantu bat egiten dudanean alaiago egoten naiz. Askatasun eta lasaitasun horren truke, ez dio «ezer» eskatzen musikari.

Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin atera du bere lehendabiziko lana: Pare bat kantu bidali nien proposamen bezala. Gustatu zitzaien, Oriora etorri ziren, nik neuk grabatua nuen maketa entzun zuten eta aterako zutela esan zidaten. Aurrez, Gaitza punk-rock taldean aritua zen: Lagun batzuk bildu ginen musika egiteko gogoarekin, eta taldea sortu genuen 1999an. 14 urte nituen. Taldeak pixkana-pixkana utzi egin zion musika egiteari: Tartean gauza dezente pasa ziren, besteak beste abeslaria hil zen 2002an. Aranzabalek jarraitu egin zuen kantuak egiten eta maketa bat grabatu zuen etxean iazko uztailean. Maketa hartatik etorri zen diskoa.

Taldea utzi eta bakarka aritzeak erregistro aldaketa ekarri zion Aranzabali: Momentuak horrela harrapatu ninduen, eta hala atera zen. Bestelako estiloak ere, lasaiagoak, gustukoak ditut.

EZKORTASUN LETRAK. Kantuetako letrek ezkortasunetik adina dute eszeptikotasunetik. Honela dio Pentsamendu hutsak lehen kantuak: Egun maitasuna ez da lehen adinako erromantikoa/ kaletik ez da lorerik ikusten/ etxeak garestiegi daude/ eta umeak kapritxoz janzten dira/. Barrura begira egindako kantuak dira: Nik niretzako egiten ditut kantuak, eta hor uzten ditut norbaitek entzun nahi balitu. Gustatzen bazaizkio ondo, eta ez bazaizkio gustatzen ba ezer ere ez. Kantuetako letra guztiak Aranzabalek berak idatzitakoak dira, hiru izan ezik: Joseba Sarrionandiarena da Gose grebako hogeigarren egunean, Gabriel Arestirena Egia bat esateagatik, eta Itsaso Corralesena Verdes mariposas bonus track-a.

Diskoko kantuek eta diseinuak berak duten kolore grisari itxaropenaren ateak zabaltzen dizkio Aranzabalek Tiro hotsak ixildu azken kantuarekin - eta zergatik ez bazterrak kolore biziz margotu?/ eta zergatik ez apaindu elkartasun loreekin?/ behingoz tiro hotsak ixildu/-. Diskoaren izenburuarekin hitz jokoa eginez zera dio Aranzabalek disko barruko orrietan: Utzi alde batera pentsamendu hutsak... eta bizi. Esaldi hori «apropos» jarri duela dio Aranzabalek: Diskoan agertzen diren gauza pesimista guztien kontra esaten du hori: bizi.

Gitarraren laguntzaz eta modu akustikoan grabatu ditu diskoko kantuak, nahiz eta beste zenbait musikari izan dituen alboan. Ez du nahi jendeak beste ezein kantarirekin lotu dezan, baina, bere kantuek Petti edo Morauren oihartzunik izan dezaketela aitor du.

Nik niretzat egiten ditut kantuak, eta hor uzten ditut, norbaitek entzun nahi baditu
Mikel Aranzabal
Kantaria