Usted está aquí: Inicio Artistas KARIBETIK KANTAURIRA Hemeroteca Joakin Arregi «Txe»ren bertsoak bildu dira liburuan

Joakin Arregi «Txe»ren bertsoak bildu dira liburuan


·Zizurkildarrak 20 urte pasa daramatza Venezuelan

Baserriko lanak bukatu eta aitonak gure bertsolari klasikoen bertsoak kantatzen omen zizkion Joakin Arregiri txikitan. 1971n jokatu zen Plazaratu Gabeko Bertsolari Txapelketan txapela jantzi zuen. Amets Arzallusek atzo aurkezpenean gogoratu zuenez, Mendizabal, Murua eta Peñagarikanorekin ibili zen eta haien pareko izan zitekeen, baldin eta ihesi joan beharra suertatu izan ez balitzaio. «Karibetik Kantaurira» da liburuaren izena.

Joxean AGIRRE
DONOSTIA

Erbesteratu beharrak moztu zuen Joakin Arregi bertsolariaren ibilbidea, baina ez bertsotarako grina. Hogei urte pasatu ditu atzerrian eta urte horietan ontzen joan den lana liburu batean bildurik aurkeztu zuten atzo. Gaztelupeko Paper Hotsak argitaletxeak jarri du kalean eta bi aita ponteko zituen liburuan atzo aldean: Amets Arzallus eta Koldo Izagirre. Lehenak aitaren bidez ezagutzen zuen zizurkildarra, elkarrekin bizitakoak zirelako. Koldok Venezuelara egindako bidaia batetik. Biak luze mintzatu ziren atzo bertsolariaz nahiz liburuaz. «Amets Arzallusek esan zuenez, Joakin ez zuen ezagutu, baina gutxirengatik. «Pare bat urte lehenago sortu izan banintz, seguru asko etxe berean bizi izango ginen, nire gurasoekin bizi zirelako Joakin eta bere emaztea eta aitari entzunda dakizkit Joakinen kontuak, plazetan ere elkarrekin ibiliak baitziren», esan zuen. Bere belaunaldikoen artean onenetakoa izango zela esaten omen zion aitak, Jexux Arzallusek, Ametsi eta liburua irakurri ondoren aitak irudikatzen zion bertsolari hura, neurri batean behintzat, aurkitu duela esan zuen Ametsek.

Otañoren eta Xalbadorren jarraitzaile izan omen zen Arregi gaztetan. Bi bertsolari horien eta beste batzuen aztarnak aurkitzen saiatu zen Amets Arzallus liburuko bertso sortak aztertuz eta barne-gogoeta asko egin duen bertsolari gisa definitu zuen Arregi.

Txapel horrek animaturik, gaur egun horren ezagun diren Murua Mendizabal eta Peñagarikanorekin ibili zen eta hasitako bideari lotu izan balitzaio horien mailakoa izango zela pentsa daiteke.
Hogei urte baino gehiago plazarik egin gabe erbestean pasatu dituela gogoratu ondoren, «hala ere Joakin bertsolaria da eta bertsolari berezia», esan zuen Izagirrek eta berezitasun hori agertzen saiatu zen. Izagirrek agertu zuenez, 1981ean Venezuelara jo zuen Joakinek eta «baserriko umea izaki, liluratu egin zuen Karibeko naturak eta ezagun zaio bertsoetan. Barne sakoneko bertsolaria da Joakin Arregi eta ez da, noski, gai bakarrekoa», esan zuen. Ameriketan ibilitako bertsolariak erdi amerikartu egin zirela esan zuen, horren paradigma zela Otaño. Haren ibilbide ideologikoa erakusten duten bertsoak irakurri zituen, Espainia inperialaren aldeko bertsoetatik hasi eta abertzaletasun ingurukoetaraino. Joakinek, ordea, Otañok ez bezala, ondo barneratuta zuen nazioartekotasuna.