Usted está aquí: Inicio Artistas KARIBETIK KANTAURIRA Hemeroteca Joakin Arregi «bertsolari isilak» erbestean jarritakoak bildu dituzte

Joakin Arregi «bertsolari isilak» erbestean jarritakoak bildu dituzte


Koldo Izagirrek bildu ditu bertsoak eta hitzaurrea egin dio Karibetik Kantaurira liburuari.

Ainara Gorostitzu- DONOSTIA

Baratzetako lanak bukatu ondoren Otaño, Pello Errota, Txirrita, Udarregi eta beste zenbaiten bertso zaharrak kantatzen zizkion aitonak Joakin Arregi zizurkildarrari. Lagunartean hasi zen gero kantari, afarietan, sagardotegietan, mendiko irteeretan. Ezagunak egin diren Mendizabal, Murua eta Peñagarikano bezalakoekin, nola hain ezagunak ez diren Argiñarena, Jexux Arzallus, Otaño eta Zelaiarekin ere aritu zen inguruko herrietan, 1981ean Venezuelara errefuxiaturik joan zen arte. Ordutik plazan eta bat-batean kantatu gabe hogei urte daramatzan arren, «bertsolari berezia» da. Karibetik Kantaurira, Venezuelatik Euskal Herrira, hemen eta han jarritako hamaika bertso ezagutarazi ditu orain Paper Hotsak argitaletxeakGaztelupeko Hotsak-en adarrak, Koldo Izagirrek atonduriko edizioan.

Natura maitatzeak eta mendian ibiltzeak bakardadea dakarkio Joakin Txe Arregiri, eta horrek gogoetara, bertsoetara eraman zuen. «Edo baliteke alderantziz izatea, bere buruarekin bertsotan jardun beharrak eramatea bakardadera», idatzi du Izagirrek bertso-liburuari egin dion hitzaurrean. Hausnarketa gustuko duen bertsolaria da Arregi. «Bertsolari isila», definitu zuen Amets Arzallusek zizurkildarra: «Bere baitan asko pentsatu eta gogoetak darama bertsoak jartzera, mendian, bakardadean». Haren ahotsa hemengo plazetan apenas entzun da gainera. «Sakonean zerbait dute bere bertsoek; bere baitan asko ibilitako bertsolaria da, Xalbador zen bezala», azaldu zuen Arzallusek. Ez alferrik, «Otañok piztu zion argia txikitan, eta gero Xalbador aurkitu zuen», kontatu zuen gazteak, bere aitak Jesus Arzallusek Arregi adiskideaz esaten zuena gogoratuz. Liburuko lehen bertso sorta Xalbadorri eskainia da.

Egungo bertsolaritzaz

Otaño eta Xalbador gogorarazteaz gain, Arregik beste hainbat bertsolari zahar ere aipatzen ditu, handik edo hemendik. Txirrita «topatu» du Arzallusek, besteak beste, Arregik egoera politikoari idatzitako bertsoetan. Bilintx, Xenpelar eta Lasarte ere sumatu ditu zenbait sortatan. «Bertso zaharrak ongi ezagutzen ditu, baina egungo bertsolaritza ere oso gainetik segitzen du»; Jon Sarasua «pentsalari bertsolariaren tankera» hartu dio Arzallusek Karibetik Kantaurira liburuaren egileari.

Politikaz, herriminaz edota existentzialismoaz eta erotismoaz jarri ditu bertsoak; horiei dagokionean «aitzindaria» dela azaldu du bertsolari gazteak. Gabonak, txikitako oroitzapenak, sorlekua, Athletic eta Rreala, herriko lagunak, txoriak, Indurain... ere Joakin Arregiren bertsoetako gaiak dira Karibetik Kantaurira-n.