Usted está aquí: Inicio Artistas Jare Hemeroteca «Erabateko gainbehera» iragarriz dator Jareren lan berria

«Erabateko gainbehera» iragarriz dator Jareren lan berria

Doinu gogorragoak berriz ere jorratu nahi izan ditu taldeak, abesti «freskoz» beteriko 'Iaze' diskoa osatzeko


Iturria: Berria
Eguna: 2012/12/04

Odei Irigoien Aizpitarte

 

Bost taldekideetariko lau, joan den asteko aurkezpenean. / MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

 

«Mundua iluntzen ari da; dena izugarri gaizki dago. Erabateko gainbehera». Hortik Iaze, Jare Bizkaiko taldearen bigarren diskoa. Izan ere, iaze hitza masaien hizkuntza ilunabarra da, eta halaxe identifikatzen du gure gizartearen egoera boskote horrek. Aurreko diskoan izan zitzaketen «konplexuei» gaina hartuta, disko oso landua eta «rockeroagoa, kañeroagoa» plazaratu du Jarek. «Gorputzak eskatzen zigun eta», azaldu du Mikel Bizar abeslariak. Bere anaia Gorkarekin batera, Idi Bihotz taldean jardun zuen, eta elkarrekin ari dira Jaren ere. Jagoba Ormaetxea gitarrista eta ekoizlea, Kepa de Miguel baxu jotzailea eta Iñigo Benito bateria jotzailea dira beste taldekideak. Itxaropenaren ertzean lehen diskoarekin alderatuta, Iaze-k doinu «gogorragoa» dauka, Bizarrek dioenez.

Soinua oso landua eta zaindua da Jareren bigarren disko honetan, «baina kantuak oso freskoak dira». «Etxean egin dugu dena, Jagobak etxean daukan estudioan». Jagoba Ormaetxea ganora handiko langilea dela azaldu du Bizarrek. «Horrela oso erraza da lan egitea. Nik edo Gorkak idazten genizkion melodiak gitarra batekin, eta bi ordu barru bageneukan ia-ia kanta egina». Gero, moldaketak, ñabardura orkestralak «mimo handiz» egin dituzte, eta horrek denfora gehiago eskatzen du. Kantuen freskotasuna horiek «bat-batekoak» izatean datza, Bizarren berbetan.

Parte hartzeak izatea atsegin dute, «abestiei beste ikuspuntu bat ematen dietelako». Hesian taldeko Zuriñe Hidalgok eta Zea Mayseko Aiora Renteriak parte hartu dute diskoan. Pedro Hermosilla Aitite gitarrista ere aritu da, Urtz taldearen Oh Lur kantuaren bertsioan.

Parte hartze berezi bat izan dute disko honetarako Zu lagun kantan, ezohikoa bezain zorigaiztokoa. «Iñigo Cabacasen lagunek dei egin ziguten, hari buruzko kantu bat egin nahi zutela eta, laguna gogorarazteko eta justizia eskatzeko. Lagunak oraindik oso minduta daude, eta gurasoak, apurtuta». Hitzak idazteko eskatu zieten lagunei, eta jasotakoa moldatu egin zuten Jareko taldekideek. «Haien kontua da, haiek atera baitute barruan daukaten guztia, eta oso kantu sentikorra geratu da». Bideoklipa ere egin dute abesti horrentzat, eta Cabacasen lagunek eta familiak parte hartu dute. Haiekin egon izana «gogorra» egin zitzaiela aitortu du Bizarrek, eta hori egin izanaz «oso harro» daude. Aiora Renteria abeslariak abesten du kantu horretan. Elkar aspaldi ezagutzen bazuten ere, eta makina bat alditan elkarrekin jo izan duten arren, ez dute batera orain arte lanik egin, «eta bageneukan horretarako gogoa». Urtarrilean ekingo diote zuzenean jotzeari.