Usted está aquí: Inicio Artistas Iñaki Rodriguez Hemeroteca Saxofoilariaren alaba

Saxofoilariaren alaba

Iñaki Rodriguez musikari nafarrak bakarkako diskoa kaleratu du; sei musikarik lagundu dute


Iturria: Berria
Eguna: 2013/04/11

Iker Tubia Iruñea

 

Ibilbide profesional zabala du Iñaki Rodriguez saxofoi jotzaileak: han eta hemen ibili da saxofoia eskuan, eta Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioan irakasle da. Orain, bakarkako diskoa grabatzea erabaki du, Errabal ekoiztetxearekin batera. Lan horretan, sei musikariren laguntza izan du: Alejandro Mingot (gitarra), Xan Campos (pianoa), Luisa Brito (baxua), Iago Fernandez (perkusioa) eta Jorge Abadias (gitarra). Diskoa bere bizitzaren kronika bat da, buruan gorde dituen oroitzapenek sortua. Horregatik, izenburua bere bizitzako unerik berezienak eman dio: bere alabaren jaiotzak. Burbuja (Burbuila) da diskoaren izena.

Konpaktuan agertzen den kantu baten izena ere bada Burbuila. Alabaren lehenbiziko ekografia ikustean ondu zuen. «Burbuilatxo bat baino ez zen, taupadaka ari zen bihotz bat; oso hunkigarria izan zen, eta, etxera heltzean, idazteari ekin, eta abesti hori sortu nuen». Gainontzeko kantuek ere Rodriguezen bizitzari begiratua egiten diote: familia, lagunak, beldurrak, helburuak... Musikenen ikasi ondoren ondu zituen gehienak, baina hainbat unetan.

Hainbat lagun izan ditu gogoan, diskoan ageri diren kantuak sortzerakoan. Patxiblus Iruñeko bateria jotzaile bati eskainitako kantua da; 2010ean zendu zen Patxi Baigorriri. Bere osabaren heriotza ere presente du diskoan, Lamento kantuan, eta 36ko gerrak erbesteratutakoei omenaldi sentikorra egin die, El balcón vacío abestian. Batik bat, Maria Luisa Eliosi eskaini dio, Mexikora alde egin zuen iruindarrari.

Baina bizitzan ez da soilik heriotza, eta badira bestelako gaiak Rodriguezen diskoan. multinstrumentistari eskainitako kantua eta Jorge Badias gitarra jotzaileak ondutako Outro abestia kasurako. Euskal sehaska kantu bat ere bildu du: Bonbolontena. Joakin Zabalza lagunari esker ezagutu zuen, eta bere bertsioa egin du. Azkenik, gaixotasun bati buruzko dokumental batek inspiratuta sortu zuen TOC deitutako kanta.

Jose Felix Azkarate Errabal ekoizpen etxeko kideak dioen bezala, bakarlari batena bainoago, banda baten diskoa dirudi. Saxofoilari nafarrak azaldu egin du: «Kantu guziak lagun hauekin jotzeko pentsatuak dira, elkarrekin ikasi eta jo dugulako». Gainera, Euskal Herrian eta Galizian garatzen ari diren zenbait jazz musikariren arteko zubi izan da Rodriguez. Hemengo musikariez gainera, Galiziako bi kidek parte hartu dute diskoaren grabazioan.

Diskoan ageri diren kantu guziak berriak dira, eta, Azkarateren aburuz, maila «bikaina» du. «Sentimendua dago diskoan, baina energiaz beterikoa». Rodriguezek dioenez, jazz tradizionala zein modernoa aditzen dutenengana heltzeko aukera du, baita jazza sekula aditu ez dutenengana ere.

Hainbat estiloren eragina

Hainbat estiloren eragina antzeman daiteke bilduman. Izan ere, hainbat taldetan ibili da mota ezberdineko musika jotzen: house, funk, blues, pop, musika afrikarra... Baina horrek ez dio askorik ardura. «Kantuak sortzen ditudanean ez dut buruan estilo jakin bat egitea, baizik eta kantuak egitea», esan du Rodriguezek.

Bada aldatuko lukeen kontu bat. Diskoa egun bakar batean grabatu dute, baina «patxada eta lasaitasun handiagoz» egitea nahiago zukeen. Horretarako, baina, baliabide ekonomikoak beharrezkoak dira. Izan ere, edizioa ez ezik, gainontzekoa autofinantzaturik dago. «Gaur egun, gure lana aurkezteko autofinantzatu behar ra daukagu; batzuetan, kanpoan jotzeko ere, zure sakelatik jarri behar duzu dirua». Horregatik, jazza kontuan hartzeko eskatu dio administrazioei, musikariak egon badaudelako.

«Gure musika baldintza onetan garatzeko tokien beharra dugu, non erlaxaturik egoteko aukera dagoen eta jendeak musika aditzeko giroa duen». Une egokia da orain. « Musikarien eta musika onaren boom bat dago, bere lurrean geratu eta Nafarroako, Euskadiko eta gure inguruko jazzaren aldeko apustua egiten dutenena», adierazi du Rodriguezek.

Iñaki Rodriguezek bere lehenbiziko bakarkako diskoa aurkeztu du Iruñean. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS