Usted está aquí: Inicio Artistas Dinbi danba Hemeroteca Translating from Basque English French to Spanish English French

Translating from Basque English French to Spanish English French

'Mamuak' kaleratu berri du Dinbi Danbak, bere hirugarren lana, aurrekoa baino disko elektrikoagoa


Iturria: Berria
Eguna: 2010/07/07

Kepa Matxain. Donostia

Donostiako Dinbi Danba laukotearen lanik berriena da Mamuak (Gaztelupeko hotsak). 70-80ko hamarkadetako jazz-rocka ardatz duten hamar kantutan, beste hainbat estilori ere egiten diete tokia; bluesari, rockari, swingari eta flamenkoari, esaterako.

Hirugarren diskoa dute, eta, aurrekoarekin alderatuta, soinu elektrikoagoak landu dituzte. Beren kantu propioz eta pare bat bertsioz osatu dute lana.

Lau kidek sortu zuten taldea 2002an: Imanol Lorenzo baxu jotzaileak, Roge Garcia bateria jotzaileak, Joserra Lorenzo gitarristak eta Miguel Alonso tronpetariak. Gerora, ordea, Alonsok eta Roge Garciak alde egin, eta Dani Garcia sartu zen, perkusioan.

Inprobisazioa nagusi

Egun taldea hiruko batek osatzen badu ere, kolaboratzaile ugarik hartu dute parte grabazioan, eta hainbat musika tresna entzuteko parada ematen du lanak: aho soinua, didjeridua, haizeak, hariak eta teklak.

Era guztietako abestiz osatuta badago ere, taldearen betiko ildoko kantu batekin hasten da diskoa. Jaizkibel ez ikutu du izena, eta baxu indartsu baten ostean gitarra sartzen da, etengabeko inprobisazioan. Gisa berekoa da Sorgintxuloko lainoak; azkarragoa, ordea.

Bluesetik edaten du Dani bigarren abestiak, harmonikak eraginda batik bat; gerora, ordea, saxofoiaren melodia melankolikoak nagusitzen dira. Blues ukitua dute, era berean, diskoari izena ematen dion kantuak ( Mamuak) eta azkenak (Zurekin hizketan).

Lasaiagoa da Vuelo nocturno. Abesti guztian entzun daitezke baxua eta gitarra, batzuetan bakarrik, eta besteetan pianoak, saxoak eta harizko musika tresnek lagundurik.

Dona Lee Charlie Parker ezagunaren kantu baten bertsioa da. Abesti horretan bakarrik ageri da taldea hiruko moduan, eta apaingarri handirik gabe grabatu dute saxofoilari amerikarraren abestia, inprobisazioa alde batera utzi gabe.

Laster hasiko dira kantuak zuzenean jotzen: uztailaren 17an Donostiako Egia auzoko La Tabernan izango dira, eta uztailaren 18an, berriz, San Markoko gotorlekuan, Errenterian.