Usted está aquí: Inicio Artistas Dinbi danba Hemeroteca Jazz akustikoa kableetan dantzan

Jazz akustikoa kableetan dantzan


Cruce de cables disko berrian gitarra akustikoari eman dio garrantzia Dinbi Danba jazz laukoteak

Gorka Erostarbe Berria 2007-06-06

Donostia

Kable batean ekilibristarena egitearekin pareka liteke jazz estiloari heltzea zenbaitetan. Badira erronkari heltzen diotenak, ordea. Dinbi Danba laukoteak Cruce de Cables diskoa kaleratu berri du, Gaztelupeko Hotsak etxeko Errabal zigiluaren eskutik.

Joserra Lorenzo (gitarra) eta Imanol Lorenzo (baxua) anaiek, Roge Garciak (perkusioak eta bateria) eta Dani Garciak (perkusioa) osatzen dute egun Dinbi Danba. Duela 15 urte inguru hasi ziren musikaren munduan murgiltzen, rock taldeetan aurren-aurrena. Gero, apurka, jazz moldeetara hurreratzen joan dira. Laurak dira donostiarrak. Taldearen izen bereko estreinako grabazioan jazz-rockaren ildoa jorratu zuten; elektrikotasuna zuen ikur lan hark. Cruce de cables bigarren diskoak, aldiz, taldeak une honetan hots akustiko eta pertsonalagoen alde egin duela agerian uzten du.

Akustikotasunera joko zutela argi zuten taldeko kideek: «Zenbait abesti gitarra eta baxuarentzat soilik prestatuak genituen. Abesti lasaiagoak ziren, erlaxatuagoak. Gero, perkusioz-eta laguntzen hasi ginen eta ikusi genuen bateriarekin baino hobeto gelditzen zirela perkusioarekin. Horrela landu ditugu kantuak», dio Imanol Lorenzo baxu jotzaileak.

Ahotsik ere ez lan honetan. Kantuen moldeek ez zieten ahotsik eskatzen Dinbi Danbakoei: «Musika estiloaren araberakoa izaten da hori. Rockean, gutxi-gehiago, ahotsa beharrezkoa da. Baina guk dugun estiloan gitarrak edo beste musika tresna batek gidatzen du melodia».

Gitarra akustikoak du protagonismoa Dinbi Danbaren bigarren lanean. Hamar kantuk osatzen dute diskoa. Horietatik bost Joserra eta Imanolek sortuak dira. Gainerako bostak jazz eta blues munduko artista handien bertsioak dira: Robben Forden Life Song, Sonny Rollinsen St. Thomas, Keith Jarretten Lucky Southern, Pat Methenyren The Red One eta Led Zeppelinen Stairway to Heaven.

Joserra eta Imanol anaiak arduratzen dira musikaren zuzendaritzaz, eta eurak dira proiektuaren sustatzaile eta musikari nagusiak. Gitarra espainiarraren eta akustikoaren hots «natural eta beroagoak» jaso dituzte lan honetan. Aldi berean, Roge Garciaren bateria sendotu egin dute eta Dani Garciaren perkusio eta kaxaren hots flamenkoak sartu dituzte: «Rockaren munduan hasi ginen gu, baina pixkana-pixkana beste musika estilo batzuetarako interesa pizten zaizu, zure musika tresna gehiago ezagutzen hasten zara, eta gu honetara iritsi gara».

FLAMENKO UKITUAK. Jazza du oinarrian Dinbi Danbakoen lanak, baina ez dizkie ateak ixten ez rockari, ez bluesari eta ezta, kasu honetan, flamenko ukituei ere: «Ez gara jazzera mugatu, ez. Gustatzen zaigu apur bat denetarik egon dadin. Disko honetan flamenko ukitua badago. Wiki abestia, esaterako, horrela atera zitzaigun, besterik gabe. Ez dugu esango flamenkoa denik, baina hurreratzen da. Horrez gain, kaxaren erabilera oso garrantzitsua izan da. Hala ere, ezin esan liteke flamenkoa denik, baizik eta pixka bat hurreratu garela».

Cruce de cables bezalako diskoekin jendearengana iristea zaila dela deritzo Imanol Lorenzok: «Egia da musika zaletasunen esparrua asko zabaldu dela azken urteetan, baina oraindik jendeari zaila egiten zaio jazz moldeetara hurbiltzea. Horretarako, kontzertuak oso garrantzitsuak dira, eta gero eta kontzertu gutxiago egiten dira, oro har».

Diskoari izenburua jartzeko buruhauste handirik ez zuten izan. Azaleko argazkian -Imanol Lorenzok berak egina da-, elektrizitate kableak ageri dira nahasian zeru gris batean. Horregatik jarri zioten Cruce de cables: «Adieraz lezake elektrikotasunetik akustikotasunera igarotzeko gure buruko kableetan izan den nahasketa ere».

Diskoa Manolo Lorenzo aita zenari (1940-2006) eskaini diote:Iaz hil zen eta omenalditxoa egin nahi genion. Bera musikaria zen, eta berarengandik jaso genuen zaletasuna, neurri handi batean.

Guk dugun estiloan gitarrak edo beste musika tresna batek gidatzen ditu melodiak

Imanol Lorenzo (Dinbi DAnba taldeko kidea)