ANDONI TOLOSA
Agian ez da modurik egokiena txistua protagonista duen disko baten
iruzkina hasteko, baina aitortu behar dut, ez naizela sekula oso
txistuzalea izan. Ziurrenik, txikitatik hurbilen eduki dudan bertako
musika tresna izanik, ez dudalako harengan beste tresna batzuengan
antzemandako exotismo arrastorik topatu. Beharbada, bertako
tresnen artean akademikoena iruditu zaidalako beti, edo, besterik gabe,
etxera ordu txikitan iritsita ere, haren doinuek igande goizero esnatzen
nindutelako, diana etxe azpitik pasatzerakoan. Laburbiltzeko, oso mundu
formalarekin lotu izan dut txistua beti, eta hortik haren
erakargarritasun falta, gehiago ezagutu, edota haren gainean sakontzen
saiatzeko. Lagun batek disko hau aholkatu didan arte, gehitu beharko
nuke, baina gauzak aurreratzea litzateke hori.
Lehenengo aldiz
entzutean, disko zintzoa dela esan daiteke, hitz ematen duena betetzen
duen horietakoa; txistua eta pianoa elkarrizketa betean, tranpa eta
artifiziorik gabe. Tira, barkatu, danbolina eta pianoa esan beharko
nuke, hori baita lan honi esker ikasi dudan lehenengo gauza; txistua
esku batekin eta danbortxoa bestearekin jotzeko moldeari danbolin
deitzen zaiola. Bi musika tresnen arteko jolas horretan, pianoak gehiago
egiten du erritmora, oinarrira, egiturara; eta txistuak, berriz,
airera, melodiara. Doinuak askotarikoak dira, XVIII. eta XIX.
mendeetakoak, profanoak eta erlijiosoak, kultuak eta herrikoiak, espero
daitezkeenak eta ustekabekoak, eta panorama historiko ederra eskaintzen
dute. Izenburuak ez dio gezurrik: Euskal danbolinaren aroak.
Bigarren entzunaldian, pianoari erreparatuta, kolore gehiago agertzen
hasi zaizkit; jazz, folk eta musika garaikidearen ukitu sotilak,
maisutasunez eta oso modu neurtuan, han eta hemen, barreiatuak. Diskoan
pianoak oso gutxitan hartzen du lehen planoa, eta hala eta guztiz ere,
nola sendotzen, eta era berean, nola aberasten dituen danbolinaren
hegaldiak, askotan kontrapuntu melodiko eta erritmiko ederrak eskainiz.
Hirugarrenean,
ez ditut puzzlearen osagaiak bereizi, doinu bakoitza bere osotasunean
dastatu dut, musika tresnen elkar hartzearekin bere horretan gozatzeko.
Eta halaxe konturatu naiz, benetan, disko honek berrirakurketa historiko
soilaz harantzago jotzen duela. Utziz gero, bi musikarien lau eskuek,
herri musikak eta musika kultuak, egungoak eta antzinakoak,
interpretazioak eta sorkuntzak, bat egiten duten lekura eramango
zaituztela. Eta espero ez nuena, txistua protagonista duen disko batekin
disfrutatu dut, bidean aurreiritzi batzuk utzi, eta poliki entzuteko
lanak hartuta.