Usted está aquí: Inicio Artistas Ansorena & Senperena Hemeroteca Euskal danbolinaren historiaren errepasoa, Senperenaren eta Ansorenaren eskutik

Euskal danbolinaren historiaren errepasoa, Senperenaren eta Ansorenaren eskutik


Iturria: Hirutxulo
Eguna: 2021/10/29

Beñat Parra

Donostiako bi musikari ezagun elkartu eta proiektu berezi batean murgildu dira: euskal danbolinaren historia pianoaren eta danbolinaren bidez –txistuak eta perkusioak osatzen duten bikotea da danbolina– disko batean islatzea. Joserra Senperena pianista eta Jose Ignazio Piter Ansorena danbolin jotzailea dira musikari horiek, eta proiektuaren emaitza aurkeztu dute ostegunean Parte Zaharreko liburutegian: Euskal danbolinaren aroak diskoa. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin argitaratu dute lana, eta Otxoa de Barandika Fundazioarekin elkarlanean. Bestalde, Lanzagorta estudioak egin du diseinu grafikoa, Juan G. Andres kazetariak egin ditu argazkiak, Jon Ansorenak lagundu du ekoizpenean, Mikel F. Krutzagak grabatu du eta Musikart estudioan nahastu dute.

Diskoarekin pozik agertu dira bi musikariak, eta nabarmendu dute ez dela elkarrekin lan egiten duten lehenengo aldia. Izan ere, aspaldiko lagunak dira, eta ondo elkar ulertzen dute: Txirri, Mirri eta Txiribitonen hainbat diskotan parte hartu du Senperenak –Ansorena Mirri pailazoa zen–, eta Chillida-lekutik diskoa argitaratu zuten 2004an. Zera azaldu du Senperenak: “Orduan, Txillida Leku baserria aukeratu genuen diskoa grabatzeko, modernitatea eta tradizioa uztartzen zirelako han, gure disko horretan bezala: danbolinaren tradizioa eta pianoaren modernitatea, eta baserri zaharberritu bat. Oraingoan, aldiz, Beasaingo Igartza jauregian zuzenean grabatu dugu, bi arrazoirengatik: lekuaren akustikarengatik eta bideoan grabatu nahi genuelako emanaldia; hain zuzen, ETBn emango dute grabazioa”. 2004ko disko hartan “fantasia gehiago” zegola esan dute musikariek, besteak beste, Senperenaren blues ukituak ere bazeudelako. Oraingoan, aldiz, ez dago horrenbeste “fantasia”, baina nabarmendu dute ez dutela “mugarik jarri”. Era berean, pianistak nabarmendu du Ansorenak proiektua proposatu zionean “zalantzarik gabe” eman ziola baiezkoa: “Piezak hartu nituen, pianorako moldatu nituen, eta, ondoren, bion artean gurera ekarri genituen”.

“Euskal danbolinaren historiaren islada izan nahi du diskoak”, nabarmendu du Ansorenak, eta danbolinak historian zehar izandako bilakaera kontatu du. Azaldu duenez, XII. edo XIII. mendean sortu zen Europan, eta urteen poderioz, mundu osoan zabaldu zen. Euskal danbolinaren aldaera, aldiz, XVII. eta XVIII. mendeen artean sortu zela kontatu du, baita bilakaera gorabeheratsua izan duela kontatu ere, hainbat krisi eta susperraldi izan baititu. Horrela, diskoak hamabi pieza historiko jasotzen ditu, euskal danbolinak bizitako aroak errepresentatzen dutenak. Horrez gain, Ansorenak nabarmendu du pianoa eta danbolina elkarrekin jo izan zirela XIX. mendeko Ilustrazioaren garaian, baina “oso gutxi” idatzi dela horri buruz. Honako pieza hauek osatzen dute diskoa: Soinu zaharrak (Ehun dukateoa-ehun ta bikoa-amorea margaritatxo-punta motz), Korpus goizeko deia, Humboldt suitea, Anboto azpiko doinuak, Balmaseda suitea, Groseko baltsak (Txofre, Sagues eta Zuhaizti), Txutxupe jota eta Habanako kontradantzak, Artzain doinua, Antzineko abestiak, Amaiur, Adiskide lasaiaren sonatatxoa eta Hiru damatxo jostalari. 2022an hasiko dira zuzeneko emanaldi batzuk eskaintzen.