Hemen zaude: Hasiera Artistak Zaharregia, txikiegia agian Hemeroteka Zaharregia, txikiegia agian», nahi gabe sortutako proiektu sendoa

Zaharregia, txikiegia agian», nahi gabe sortutako proiektu sendoa


Gara > Idatzia > Kultura 2005-06-07

·kanpoan eta etxean | Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Mikel Valverde artisten proiektuak ikusentzule zein kritikarien aldetik harrera ona jaso du, bai Euskal Herrian, bai kanpoan

Bi urtez plazaz plaza ibili ondoren, poesia, musika eta arte plastikoak uztartu dituen Zaharregia, txikiegia agian ikuskizuna azkenengo aldiz oholtzaratu zuten joan zen larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. Proiektuaren bultzatzaileak Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverde lagunak izan dira. Bai gurean bai atzerrian ikus-entzule zein kritikarien aldetik oso harrera ona izan dute, eta, protagonisten balantzea ere positiboa da.

BILBO

Zaharregia, txikiegia agian orain dela bi urte sortu zen, nahigabe edo, hobe esan, premeditaziorik gabe. Elisabeth Macklinek Kirmen Uriberen zenbait poema ingelesera itzuli zituen eta Estatu Batuetan bati baino gehiagori gustatu omen zitzaizkion. Izan ere, Uriberi deitu egin zion Macklinek, New Yorken poema irakurraldi batzuk jendaurrean egiteko prest ote zegoen galdetzeko. Baietz erantzun zuen ondarrutarrak, baina, poesia irakurraldi soila baino gehiago, hemen poesia eta musika uztartuz egiten duguna erakutsi nahi nuen nik, argitu du Uribek berak. *Poesia eta musikaren arteko harremana antigoaletik dator eta harreman horren lekuko dira, gure tradizio modernoan, Ez Dok Amairu edo Atxagak eta Ruperrek ‘Henri Bengoa’rekin egin zutena, esaterako. Nik tradizio horri heldu nahi nion, hori bai, geure erara ekarriz*. Horregatik, New Yorkeko erronkari aurre egiteko, lagunengana jo zuen Uribek, eta bere inguruan Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Mikel Valverde marrazkilaria bildu zituen.
New Yorketik bueltan mamitu zen proiektua eta handik hiru hilabetera plazaratu zuten “Zaharregia, txikiegia agian” disko-liburua (Gaztelupeko Hotsak). «Gogoan dut ­esan du Uribek­ Mikel Urdangarinek zer esan zidan: ‘Grabatu behar ditugu behin eta berriz entzuteko moduko poemak’».

Asmatu omen zuten, geroztik ia bi urtez plazaz plaza aritu baitira, eta ez Euskal Herrian bakarrik, baita Katalunian, Alemanian, Irlandan eta atzera berriz Estatu Batuetan; han, gainera, Bob Holman eta Margery Snyder kritikariek “Zaharregia, txikiegia agian” urteko hamar poesia audiorik onenen artean sailkatu zuten. Ez da lan horrek nazioartean lortu duen aipamen bakarra, Ingalaterrako PEN Klubak ere «interes bereziko obratzat» duelako.

Mikel Urdangarinen ustez, proiektua Euskal Herritik kanpo erakutsi izana eta are Euskal Herritik kanpo sortu izana bera ere ez da txiripa hutsa izan. «Nire iritziz, proiektuan parte hartu dugunok hasiera-hasieratik batu gaitu kanpora ateratzeko joerak, euskal kultur adierazpena kanpoan ezagutarazteak, alegia».

Arrakastaren giltzarri bat baino gehiago izan dira, baina horietako bat da, ezbairik gabe, oholtzan ere islatzen den partehartzaile guztien arteko lagun giro nabarmena, ikus-entzuleak kutsatzen dituena.

Horri dagokionez, zera esan du Mikel Valverdek: «Gu ez ginen espresuki lan hori egiteko bildu; gu lagunak gara, eta lagunak ez dira berez lanaz hitz egiteko biltzen. Gurea oso modu naturalean sortu zen. Nik New Yorkera joateko asmoa nuen eta lagunek bazekiten hori. Kirmeni poesia irakurraldiak egiteko deitu zioten, eta, aitzakia horrekin, lagun talde gisa egun batzuk pasatzera joan gintezkeela erabaki genuen. Nik argazkiak-eta egiten nituenean, ez nuen inolaz ere pentsatzen argazki horiek gero ‘Zaharregia, txikiegia agian’ proiektuko irudiak izango zirenik».

Mikel Valverde «oso-oso pozik» dago esperientziarekin. «Beste diziplinetako jendearekin harremanak izaten ohituta nago. Baina oraingoan beste diziplinetako jendearekin harremanak eduki baino gehiago lan komun batean parte hartu dut. Ez da gauza bera. Izan ere, ‘Zaharregia, txikiegia agian’ barru-barrutik bizitzeko aukera izan dut».

Marrazkilariak arrakastaren beste giltzarrietako bat agerian utzi du. «Kamerinoan kontatzen diren gauzak ez omen dira hortik kanpo kontatu behar, baina nik larunbatean komentatutakoa kontatuko dut: izugarri disfrutatu dugu, gure lanarekin oso era naturalean disfrutatzeko aukera izan dugu».

Sortzaile askatasuna

Iritzi beretsukoak dira Rafa Rueda eta Mikel Urdangarin. «Gure artean bada mundua ikusteko modu komun bat, eta, horri esker, nahiz eta diziplina edo estilo desberdinetatik etorri, berehala iritsi gara puntu komun batera. Gure arteko kimika hori jendeak ere aditzen du», dio Ruedak. Urdangarinen ustez, bakoitza esparru batetik etortzeak lagundu egin du, baina intuizioa goraipatu du. «Asmoak, hasieran, ez zeuden batere argi, baina hor bazen intuizio kolektibo bat, proiektu komun bat aurrera ateratzea ahalbidetu duena».

«Proiektu komun horren oinarrian beti elkarrenganako errespetua eta askatasuna egon dira», nabarmendu du Urdangarinek. Rueda bat dator. Izan ere, bera da, bere gitarra elektrikoarekin, taldean «ezohikoena» izan zitekeena. Hala ere, eroso baino erosoago sentitu omen da. «Beti izan naiz estilo desberdinetan ibili zalea. Musika ikuspuntutik, ‘Zaharregia, txikiegia agian’ek aukera zabala eskaintzen die tresna zein jotzaile bakoitzari. Gainera, filosofia gauzak ahalik eta gehien biluztea izan da, eta ni beti izan naiz horren aldekoa. Horrela, ‘dagoenak’ oihartzun handiagoa lortzen du, edo, beste modu batean esanda, frontoi batean nota bat garrantzitsuagoa da bi nota baino. Filosofia minimal horretan oso eroso sentitu naiz», esan du Ruedak.

Nazioarteko SM sariari dagokion albuma, urrian

Mikel Valverde marrazkilaria oso mementu profesional onean dago. Nazioarteko SM saria lortu zuen, eta, hori dela-eta, album bat prestatzen ari da. Urrian-edo argitaratuko dute. Beste proiektu batzuk ditu eskuartean. Esaterako, Atxaga eta Kirmen Uriberekin «zerbait» aterako omen du Durangon. Bitartean, “Zazpika”ko irakurleok Andres elefantearen abenturekin gozatu ahal izango dugu.

Lehen nobela, itsas girokoa, idazteko prest

Ondarrutarra izanik, Kirmen Uribek itsasoarekin lotutako «mundu jakin» batekin eta etxekoekin zorretan dagoela sentitzen du, eta hori kitatzen ahaleginduko da laster idazten hasi behar duen lehen nobelarekin. Hor saiatuko da islatzen itsas munduko giroa urteetan zehar nola aldatu den eta aldaketa horrek pertsonengan nolako eragina izan duen. «Arnas luzeko lana da, baina gogotsu nago», esan du.

Lauaxetaren bizitzan, musika arduraduna

Mikel Urdangarinen disko berrian parte hartzeaz gain, eskuartean bi lan mardul ditu Ruedak: udan hainbat herritan antzeztuko den Lauaxetaren bizitzari buruzko ikuskizun handia ­bera da musika arduraduna­ eta bakarkako bere bigarren diskoa. GARAko azken orrialdean tarteka idazten dituen artikuluxka zorrotzak ahaztu gabe. «Ez naiz idazlea, baina ariketa moduan saiatzea gustatzen zait».

Zinemaren eta estudioaren artean

Bingen Mendizabalek zinemarako konposizioak eta lan pertsonalagoak konbinatu ditu azken urteetan eta “Zaharregia, txikiegia agian” proiektuak ez du hori aldatu. Aurten bere soinu banda duten bi lan iritsi dira zinema aretoetara, “Fragil” eta “Reinas”, eta datozen hilabeteetan Mikel Urdangarinen diskoan biolina jo behar du, Rafa Rueda (kitarra), Pablo Tato (saxoa) eta Saihela (bateria) musikariekin batera.

egunetan grabatzera sartuko naiz

Irailean disko berria aterako dut, ‘Dana’. ‘Zaharregia txikiegia agian’ kenduta, urtebeteko etenaldia izan dut; indarrak hartzen egon naiz disko berrian murgildu nahi nuelako. Hamabost egunetan grabatzera sartuko naiz eta uda osoa emango dut. Oso sentsazio onak ditut eta indartsu sentitzen naiz, kantuak ondo pentsatuta daude. Disko sorpresiboa izango da, jauzia egongo da sonoritate aldetik.