Hemen zaude: Hasiera Artistak Zaharregia, txikiegia agian Hemeroteka Zaharregia, txikiegia agian errezeitaldia disko-liburuan

Zaharregia, txikiegia agian errezeitaldia disko-liburuan


Zaharregia, txikiegia agian» errezeitaldia disko-liburuan ·Uriberen testuek eta Urdangarinen musikak osatu dute a«Zaharregia, txikiegia agian» izeneko egitasmoak eraman zituen Kirmen Uribe idazlea eta Mikel Urdangarin musikaria New Yorkera joan den udaberrian. Beste bi musikari izan zituzten bidelagun, Bingen Mendizabal -hainbat filmetako musikagilea- eta Rafa Rueda -PiLT rock taldeko kidea eta orain bakarlaria-. Han egindako ikuskizuna orain Euskal Herrira eskaintzera datoz, zuzeneko emanaldietan eta atzo aurkeztu zuten disko-liburu berezian.

Karolina ALMAGIA
BILBO

New Yorkeko bidaia izan zen egitasmo horren abiapuntua. Bidaia hori «nork bere burua ispiluan begiratzea» izan baitzen, Kirmen Uriberen hitzetan. «Distantzia bat behar da askotan nork bere burua ikusteko, nork bere kultura ikusteko, eta hori izan zen gehienbat bidaia».

Proiektu horrek, gainera, «ni neu izaten utzi dit» nabarmendu zuen idazle bizkaitarrak. «Bakoitzak oso libre eman dugu geure esparrutik, oso modu naturalean eman dugu: elkarrizketa handia egon da, eta horren ondorio da hau dena».

«Hau dena» disko-liburu bat da, 140 orrialdetan hiru hizkuntzatan -euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez- hainbat testu eta olerki agertzen dituen liburua. Edizio zaindua da, eta Mikel Valverdek egin dituen 60 irudi gehitzen zaizkio. Liburuaren barnean disko bat dago, Mikel Urdangarinek egindako kanta batzuk biltzen dituen diskoa.

«Poesia errezitaldian, zer irakurtzen duzun garrantzitsua da, baina nola irakurtzen duzun ere bada garrantzitsu. Edukiarekin bakarrik adierazten ez dena agertu behar da», segitu zuen Uribek. Horregatik Urdangarin, Rueda eta Mendizabalen laguntza nahi izan zuen Kirmenek. Hortaz, Mikel Urdan-garinek erronkari aurre egin zion. «Poemak kantuak bihurtu nahi nituen, askotan iruditzen baitzait poemekin zapping egiten dela. Diskoan poemak daude, baina esentziaz disko musikala da hau».

Biolina, gitarra eta ahotsa bakarrik baliatuz zerbait berezia lortu behar zuten.

«Nota bakoitza, hitz bakoitza bezala zentzuz betea egotea nahi izan dugu», azaldu zuen Mikelek. Lan handia izan da, baina soinu propio bat lortu dutelakoan daude. «Bai Bingenek, bai Rafak, oso musika paisajistikoa egiten dute, margotzen dute, etengabe sortzen dute argazkia», gehitu zuen.

Mikel Valverde -normalean komikian eta ume literaturan aritzen dena- oso pozik azaldu zen egitasmo horrekin, ezberdina delako. «Lan hau oso forma naturalean sortu zen, ia konturatu gabe. Hemen ez nituen pertsonaiak edo istorioak margotu behar, eta horrek askatasun handia eman dit».

begiratzeko modu bat

K. A.
BILBO

"Zaharregia, txikegia agian" izenburua "Munduari begiratzeko" poematik dator. «Hori izan zen egin nuen lehenengo olerkia. Idatzi nuen, pasatu nion Mikeli eta hurrengo egunean kanta eginda zegoen» gogoratu zuen Kirmenek. Poema horrek kezka bat adierazten du, munduko bihotza omen den New York hirira abiatu baino lehen sortutakoa: «Gure hizkuntza ez ote da zaharregia, txikiegia agian, bizirik irauteko?». Erantzuna laster heldu zen. «Kulturak mundua begiratzeko modua ematen du. Gureak ere bai. Ez hobea, baina bai beharrezkoa, bestela, puzzlea bete gabe gelditzen da».