Hemen zaude: Hasiera Artistak Zaharregia, txikiegia agian Hemeroteka New Yorken ereina

New Yorken ereina


Zaharregia, txikiegia agian disko-liburua argitaratuko dute, aurten, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Ruedak

IVAN SANTAMARIA - GASTEIZ

AEBetan hasitako lankidetzari segida eman eta Zaharregia, txikiegia agian izeneko disko-liburua kaleratuko dute Durangoko Azokan Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Ruedak, poesia eta abesti berriekin.

2003. urtea, ezbairik gabe, New Yorkeko loturagatik gogoratu beharko du Kirmen Uribek. Hara abiatu zen, joan den martxoan, hainbat poesia errezitaldi eskaintzera, Elizabeth Macklin irakasle eta idazlearekin zuen harremanari esker. Beste emaitza batzuen artean Uriberen Maiatza poema New Yorker aldizkarian argitaratu izana, adibidez, giza talde baten harremanaren sorrera ekarri zuen New Yorkeko txangoak. Uriberen hitzei doinua jartzeaz arduratu ziren Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda musikariak. Berton garatu zen, halaber, Mikel Valverde margolariarekin hartu-emana. Ameriketakoa bukatu bai, baina bost artisten arteko elkarlanak ez du bueltan etenik izan. Emaitza Durangoko Azokan ikusiko dugu, denen artean prestatu duten Zaharregia, txikiegia agian disk-liburuan.

«New Yorkekoak balio izan zuen taldea biltzeko», azaldu du Kirmen Uribek, «ordura arte bostok ez baikinen batu». Esperientziak Euskal Herriaz hausnarketa egiteko bidea zabaldu zien, kantu eta poesia berrietan islatu nahi izan dutena. «Gogoeta, azkenean, gogoeta artistiko bihurtu da. Geure herriari buruz, geure hizkuntzaz, geure kulturaz, kalean ikusten dugunaz hausnartzeko saioa egin dugu», zehaztu du idazleak. Uribek euskarari buruz idatzitako poema bati egiten dio erreferentzia izenburuak. Material guztia, ostera, propio prestatu dute disko-libururako

Hitzak Kirmen Uribek sortu ditu. Musika gehiena Mikel Urdangarinek konposatu du, baina bada Bingen Mendizabalek eta Rafa Ruedak sortutako kantu bana ere. Hala ere, Uribek azpimarratu du ez dela bakoitzak bere kabuz eginikoaren batuketa, talde modura eratutako lana baizik: «Denok iritzia eman ahal izan dugu guztiari buruz».

Gaztelupeko Hotsak disketxearen eskutik aterako da disko-liburua. Alde batetik, poema errezitatuak izango dira, eta, bestetik, abestiak. Hala ere, Zaharregia, txikiegia agian-ek batasun bat baduela, denak bat egiten duela, nabarmendu nahi izan du idazleak. «Ez da poema bat eta ondoren abesti bat. Olerkiek ere fondo musikatuak dituzte, eta bada lotura bat». Liburuan tartekaturik dauden margolanak eta erretratuak, bestalde, Mikel Valverdek egin ditu.

Natxo Rodriguezen irudiak

New Yorken eginiko emanaldiaren bertsio bat ikusteko aukera izan zen Gasteizko Alde Zaharreko jaietan, joan den uztailaren hasieran, Berria egunkariaren aldeko jaialdi batean. Beste lankidetza baterako bidea zabaldu zuen emanaldi horrek. Hain zuzen ere, hitzak eta musika Natxo Rodriguezen ikus-entzunezko lanarekin jantzi ziren. Ez zen bideo figuratiboa, berria eta esperimentala baizik. Zuzenean aritutako bideo-jockey batek lotzen zituen irudiak eta emanaldia. Rodriguezen irudiak zuzeneko emanaldietan berriro erabiltzeko asmoa dute hitzartuak dituzten hainbat emanalditan.