Hemen zaude: Hasiera Artistak Zaharregia, txikiegia agian Hemeroteka New Yorken entzuteko jarrera eta jakinmina dago

New Yorken entzuteko jarrera eta jakinmina dago


Koloreetako poemak idatzi ditu lan berrian Kirmen Uribek. Olerki positiboak dira denak, aurrera egiteko indarra dutenak

Testua: N. F. Z
Argazkia: José Sampedro



Kirmen Uribe poeta ondarrutarraren poemek osatzen dute ‘‘Zaharregia, txikiegia agian’’ disko-liburua. Soiltasuna bilatzen ahalegindu da egilea.
New Yorkera egindako bidaiak ekarri du ‘‘Zaharregia, txikiegia agian’’ lana. Hiri-tzarra izan zen lanaren abiapuntua?

New York abiapuntua izan zen. Bidaia aurrerapausua izan zen, baina liburu-disko honi dagokionez baino maila per-tsonalean. Ez diot garrantzirik kendu nahi, gauza handia izan baitzen, esaterako, ‘‘The New Yorker’’ aldizkarian poemak publikatu izana. New Yorkekoa hasiera bat izan zen, ordutik aurrera egindako lana da liburu-diskoa.

Nolako eragina du zugan New York moduko hiri handi batek?

Gaur egun New York munduaren erdigunea da. Kultura txiki batetik hara bazoaz tentsioa sortzen da, galderak sor-tzen dira; zer dugu eskaintzeko kultura txikiok uniformizazioaren garai honetan... New Yorkek berak duena baino hiri handi batek zeuri sortzen dizun egoera da garrantzitsuagoa nire ustez.



New Yorken eman zenituzten errezitaldietara joan zen jendearen jarrera nolakoa izan zen?

Jendea entzuteko prest zegoen, kuriositate handiarekin. Entzuleen jarrera izan zen garrantzitsuena. Entzuteko jarrera hori ez duzu aurkitzen sarritan, adibidez, Madrilen. Zure kultura baloratzen duen jendea, baina ez goitik behera begiratzen duena, ez da edonon aurkitzen. Horrelako jendearekin egin genuen topo New Yorken. Ez zioten hainbeste garrantzia ematen hitzak ez ulertzeari, batzuetan itzulpena eska-tzen zuten eta beste batzuetan ez. Ez zuten pentsatzen hitzen atzean asmo mal-tzurren bat zegoenik, hemen gertatzen den bezala.

Elizabeth Macklin poetak gonbidatuta joan zineten...

Bera arduratu zen lekuak aukeratzeaz, jendeari jakinarazteaz nortzuk ginen, zer egiten genuen... Lokal onak hautatu zituen eta lortu zuen gure errezitaldiek oihartzuna izatea. Eskertzekoa da egin duen lan guztia.

Egitasmo honek zu zeu izaten utzi zaituela esan duzu. Non igarriko dugu hori?

‘‘Bitartean heldu eskutik’’ liburuko poemak zuri-beltzean daude, oraingoan berriz koloretakoak dira. Lasaiago nago orain, eta nik uste dut poemek ere kolore hori dutela. Poemotan badago aurrera egiteko indarra, bai pertsona moduan bai herri moduan, atzean uzteko egin ditugun akatsak. Poemak oso oso garbiak dira; lanketa handi bat dago idazketan soiltasuna lortzeko.

Poesia, musika, irudiak... Koktel hori ‘‘Bar Puerto‘‘ ikuskizunean ere erabili zenuten.

Bi urte igaro dira egin genuenetik eta nabaritzen da lan berrian. ‘‘Zaharregia, txikiegia agian’’ beste urrats bat da, aurrerapausu bat. ‘‘Bar Puerto’’ barik ez genuke beste hau egingo.

Brasilen euskal poeten antologia bat argitaratu dute, zure testuak ere tartean daude. Urrutira heldu zarete gero!

Poesia gustuko duen jendearen sare horretan badago euskal poesia ezagutzeko gogoa. Errumanian ere egin dute zer edo zer...