Hemen zaude: Hasiera Artistak Zaharregia, txikiegia agian Hemeroteka Kirmen Uribek bere poesia irakurriko du New Yorken.

Kirmen Uribek bere poesia irakurriko du New Yorken.


Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Ruedarekin doa

Kirmen Uribe hainbat poesia errezitaldi ematera gonbidatu dute New Yorkeko hirira, martxoan. Saioetara Mikel Urdangarinen musika eraman nahi izan du idazleak. Beraz, Zornotzako musikaria berarekin joango da Estatu Batuetara, eta, honi laguntzen, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda, biolin eta gitarra elektrikoarekin, hurrenez hurren.

BILBO

Kirmen Uribek Bilbon ezagutu zuen Elisabeth Macklin itzultzailea, duela urte batzuk. Lizardi euskaltegian euskara ikasten zebilela haren poesiaren berri izan zuen, eta ''Bitartean heldu eskutik'' liburuko poemak ingelesera itzultzeko gogoa zuela adierazi zion amerikarrak. Horrela sortu zen bien arteko harremana, eta hala iritsi zen Uriberen sorkuntza lana Estatu Batuetara. Berriki Macklinen berri izan du berriro. Izan ere, Kirmen Uriberen poemek interesa piztu dute New Yorkeko hainbat lokaletan, eta hiri horretako Open City aldizkariak horietako batzuk argitaratuko dituela iragarri du.

Gainera, hainbat errezitaldi egitera gonbidatu dute poeta. Uribek ez du bakarrik dastatu nahi izan aukera hau, eta Mikel Urdangarin gonbidatu du. Abeslariarekin batera, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda ere joango dira Estatu Batuetara. ''Zaharregia, txikiegia agian'' izenburua aukeratu du Kirmen Uribek emanaldi hauetarako. Euskarari buruz idatzitako poema baten izenburua hartu du, zabaldu nahi duen mezua laburbiltzen baitu, hau da, «euskara, Euskal Herria, agian, zaharregia, txikiegia dela gaur egungo garaietarako, baina, azken finean, euskaldunok munduari begiratzeko modu jakin bat eskaintzen dugula, bizitzeko eta sentitzeko modu bat», azaldu dio GARAri.

Emanaldiotan Bitartean heldu eskutik liburuko piezak irakurriko ditu, bere beste idazlan batzuk eta Euskal Herriko beste autore batzuen poemekin batera. Tartean, Urdangarinek lauzpabost abesti kantatuko ditu, bereak eta tradizionalak. Martxoaren 16an izango da lehen emanaldia, Bowery Poetry Clubean. Martxoaren 18an, Nicholas Roerich Museumen izango da laukotea, eta 22an, Cornelia Street Cafen. Egun berean, New Yorkeko poeta batzuekin elkartuko da Uribe Ear Inn-en. Azken emanaldia New York Hiriko Unibertsitatean (CUNY) izango da.