Hemen zaude: Hasiera Artistak Zaharregia, txikiegia agian Hemeroteka Begirada txikien handitasuna

Begirada txikien handitasuna


Zaharregia, txikiegia agian egitasmoan oinarritutako Agian filma aurkeztu dute protagonistek Gasteizen; jatorrizko proiektua sortu zen bezala igaro zen aurkezpena, lagun artean

Jon rejado Berria 2007-01-20

Gasteiz

Brad Pitt, Mel Gibson, Sylvester Stallone... Hollywoodeko izar distiratsuenek gertutik jarraitu dute euskal zinemaren azken filmetako baten aurkezpena. Guridi zinema aretoko kanpoaldean eskegita dauden horma irudietatik jarraitu dute une hori. Agian filmaren aurkezpena, Txikiegia, zaharregia agian egitasmoan oinarrituta dagoen dokumentalarena. Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverde New Yorkerako bidaian murgildu ziren adiskidetasunak lagunduta, besteak beste. Proiektu hori sortu zen moduan igaro da bizipen horietan oinarritutako filmaren aurkezpena. Lagun artean.

Eguerdian zen hitzordua. Orduan agertu dira filmeko protagonistak. Arkaitz Basterra zuzendaria, Mikel Urdangarin eta Bingen Mendizabal agertu dira lehenengo. Rafa Rueda apur bat beranduago heldu da, zirkulazioak behartuta. Mikel Valverde eta Kirmen Uribe ezin izan dira emanaldira agertu. Hainbat hedabide daude haien zain. Filma ikusi aurretik, protagonistengana joan dira, jakin-minez. Bi urtean egindako kontzertuak nekez bil daitezke film batean, baina bidaia aztertzeko ahalegin handia egin du; pentsatzeko bost modu bildu ditu hitzaren bitartez, azaldu du Mikel Urdangarinek zinema aretora sartu aurretik.

Eguerdiko hamabiak eta laurdenak aldera ireki dituzte zinema aretoko ateak. Hedabideentzako emanaldia denez, dozena bat lagun inguru bildu dira aretoan. Filmak horrela ikustea dut nik gustuko, zaratarik gabe, lagun artean, esan du norbaitek eserlekua aukeratzen duen bitartean. Ikusle guztiek euren tokia aurkitu dutenean, argiak itzali dira.

HITZA, MUSIKA ETA IRUDIA. Zalantza asko dituzte filma lehenengoz ikusi behar dutenek. Donostiako Nazioarteko Zinemaldian egoterik izan ez zutenek. Film luzearen haria zein den da zalantza nagusia: New Yorkerako bidaiaren kronika, kontzertuak... Filma hasi eta ordu erdira zalantza gutxi dituzte. Hitzaren, musikaren eta irudiaren arteko nahasketan murgilduta daude ikusleak, zuzendariak eskaintzen duen nabarmenkeriarik gabeko bideari jarraituz. «Filmak ez du irudi izugarri ikusgarrietara jotzen. New Yorkeko hamaika paisaia ikusgarri genituen sartzeko, baina ez zetozen bat esan nahi genuenarekin», azaldu zuen gero Arkaitz Basterra zuzendariak. Mikel Valverderen marrazkiek hartzen dute AEBetako irudien tokia kasu gehienetan.

Bowery Poetry Clubean hasten da filma. Maite zaitut, ez olerkia errezitatzen du Kirmen Uribek bertan. Zaharregia, txikiegia agian ikuskizuneko emanaldi hori da filmaren hasiera. Aitzakia, neurri batean. Horretan oinarrituta filma eraikitzen du Arkaitz Basterrak. Egitasmo horretan parte hartu zutenen irudiak eta hitzak bildu ditu. AEBetakoak batzuk. Euskal Herrian grabatu zituen elkarrizketetakoak gehienak. 120 ordu filmatu zituen guztira, eta, bertatik, laurogei minutu inguruko filma osatu du. Hamaika gai plazaratzen dituen filma. «Galderak egiten ditu, erantzunak eman beharrean», azpimarratu du Basterrak.

BOST BEGIRADAK, BAT. Bost protagonistei egindako elkarrizketak ez dira ohikoak. Lagunarteko solasaldiak dira. Zaharregia, txikiegia agian proiektua beste hainbat gai jorratzeko aitzakia da kasu gehienetan. Adiskidetasuna, norberaren hizkuntza, maitasuna, bizitza, janaria, eguraldia... Bost iritzi biltzen ditu filmak. Iritzi orokor bat egiten laguntzen duten bost zertzelada. Hori guztia musikarekin eta irudiekin nahasten da, eta erritmo atsegina lortzen. «Funtsezko gaiak jorratzen ditu filmak, eta urteen joanarekin zentzua izaten jarraituko du», deritzo Bingen Mendizabalek.

Filma bukatzean, irribarreak ikusleen aurpegietan. «Izugarri polita iruditu zait! Eta ez bakarrik ama baten ikuspegitik...», esan du Bingen Mendizabalen amak. Iritzi horrekin bat datoz ikusle gehienak. «Ez nuen horrelakorik espero, egia esan; film zintzoa da, ezta?», «oharkabean igarotzen dira laurogei minutuak»... Guridi zinematik sentipen ederrarekin atera dira ikusleak. Stallonek eta Brad Pittek begira jarraitzen dute. Datorren ostiraletik aurrera haien artean izango da Agian.

Filma

Izenburua. Agian.

Zuzendaria. Arkaitz Basterra.

Protagonistak. Kirmen Uribe, Bingen Mendizabal, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Mikel Valverde.

Iraupena. 81 minutu.

Generoa. Dokumentala.

Aurkezpen eguna. Urtarrilak 26.