Hemen zaude: Hasiera Artistak Urreztieta Konexion Ibilbidea

Ibilbidea

Kostaldetik, piraten doinuak

Urreztieta Konexion taldea 1996an sortu zen. Jatorrizko ideia J.L. Lafuente, Josebarena izan zen, Zarama taldea desegiteko baina oraindik desegin gabe zegoela. Josebak, teklatuak jotzen zituen Santurtziko taldean.

Zergatik Urreztieta? Konexion, zer dela eta? Lezo Urreiztieta eta bere moduko borrokalarien izaera, pentsamolde eta ideia iraultzaileekin konexioan egon gura zuelako taldeak.

1996an, talde formatoarekin kalera atera baino lehen, teklatu eta ahotsekin egindako frogak dira nagusi. Urreztieta izango denaren soinua prestatze bidean. Eta jarraian Santurtzi inguruko musikariekin gorpuztuko da taldea. Hasieratik, banda handia eta sendoa egiteko asmoa dauka UK taldeak. Soinu tresna anitz, doinu berri baten bila. Dantzagarria izango dena.

Ezagutarazteko prozesuan IBILALDIA'96ko proiektua azaltzen da, taldearen aurkezpen gisa. Oraindik ere Asier Ercilla Igorreko trikitilaria taldean sartu gabe zegoen. Trikitiaren beharra ikusita Kepa Junkera aritzen da kantu horretan laguntzen eta Roberto Moso ahotsa sartzen. Baina Kepa Junkera kantu batean baino ez da aritzen UKrekin, eta handik aurrera, zuzenekoetan edota kantu berrien sorkuntzan, Asier Ercillak hartuko du lekukoa.

1996. urteko IBILALDIAren kantutik gaurko disko honetara, proiektu ezberdinak izan dira taldea ezagun bihurtzeko bidean: CD formatoan ateratako maketa (disko honetan Bonus Track modura oparitzen dena) eta Itoizko Urtegiaren aurkako kanpainaren barruan BETIZU diskoan txertatu zen kantua besteak beste.