Txuma Murugarren gaur hasiko da bere disko berria grabatzen, Mungiako Lamia estudioan
Disko berrirako abestiak bildu dituela jada adierazi du Murugarrenek berak, eta orain haien artean "entresaka" egiteko garaia heldu dela.
| Iturria: | Europa Press |
| Eguna: | 2010/03/26 |
BILBO - Txuma Murugarren musikari errenteriarra gaur bertan sartuko da Mungiako (Bizkaia) Lamia estudiora bere disko berria izango dena grabatzeko, bere bakarkako ibilbide seigarren lana, hain zuzen ere, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko iturriek gaur iragarri dutenez.
Hiru urte dira jada Sasoi Ilunak taldeko kantari ohiak ez duela diskorik plazaratzen. Hala ere, tarte honetan izan du aukera Murugarrenek kontzertuak eskaintzeko, beste artista batzuekin lan konpartituak egiteko, "Mirande Cabaret" moduko ikuskuzinetan parte hartzeko eta kantu berriak konposatzeko.
Disko berrirako abestiak bildu dituela jada adierazi du Murugarrenek berak, eta orain haien artean "entresaka" egiteko garaia heldu dela. Horrela, 15 kanturen artetik hamar bat aukeratuko ditu diskoan sartzeko. "Maketa etxean grabatu ostean bandarekin egin ditugu lan-saioak, eta martxoaren 22ko astean azken lau entseguak egin ostean, 26an sartuko gara grabatzera Lamiñaks estudioan, Lastra soinu-teknikariarekin", azaldu du.
Grabazioan, Rafa Aceves (teklatuak), Miguel Ramirez (gitarra), Rafa Rueda (gitarra), Natxo Beltran (bateria), Ekaitz Hernandez (baxua) eta Asier Ituarte (haizeak) musikariak bilduko ditu Murugarrenek.
Txuma Murugarren (Errenteria, Gipuzkoa, 1964) Sasoi Ilunak taldeko abeslari, gitarrista eta kantuen hitzen egilea izan zen 1990eko hamarkadan. Hiru disko grabatu zituen taldeak: "Sasoi Ilunak" (Oihuka, 1991), "Herri xumeak" (Oihuka, 1993) eta "Harakina" (Oihuka, 1998).
Azken diskoaren aurkezpen kontzertuen ondorengo geldiunea baliatu zuen Murugarrenek bakarkako ibilbideari ekiteko. "Nere leihoak" (Oihuka, 2000) grabatu zuen lehenengo, eta ondotik beste lau disko etorri ziren: "Hegazkinen arima" (Gaztelupeko Hotsak, 2002), "Gauak, neskak eta maletak" (Gaztelupeko Hotsak, 2003), "Nire anaiaren kotxeko argiak" (Gaztelupeko Hotsak, 2004) eta "Marjinalia" (Gaztelupeko Hotsak, 2007).
Azken bi diskoen arteko tartean ez da geldirik egon Murugarren. Lauaxetaren omenezko "Ehungarrenean hamaika" lan kolektiboan parte hartu ondoren, Rafa Rueda eta Pettirekin partekatutako disko bat kaleratu du, "Hauxe" (Gaztelupeko Hotsak, 2006), eta "Larrialdietako irteera" liburua (Paper Hotsak, 2006) argitaratu du, ostegunero 'Berria' egunkarian idatzitako artikuluen bilduma, alegia. Halaber, "Mathilde maitatzeko modukoak" literatur eta musika ikuskizuna ondu zuen Julen Gabiria idazlearekin.

