Hemen zaude: Hasiera Artistak Tres Mil Hombres Hemeroteka Jazz, blues eta surf doinuak

Jazz, blues eta surf doinuak


Euskal disketxerik emankorrena da Soraluzekoa (Gipuzkoa). Rafa Ruedaren bakarkako bigarren diskoarekin gaur aurkeztuko du, sei dira Gaztelupeko Hotsak-ek 2006an kaleratu dituen lanak. Horietako hiru disketxearen ohiko ildotik ateratzen dira: Tresmil Hombres-en Baila srta?, Four Friends laukote bilbotarraren bigarren lana, Dzanga, eta Madrilgo Los Coronasen Surfin tenochtitlan bilduma. Lehen biek musika beltza dute elikagai; azkenak, surf musika.

Jazz, blues eta surf doinuak

jon eskisabel

Kronologikoki, Tresmil Hombres! (lehen Tres Hombres) taldearen hirugarren diskoa izan da hiruretatik argitaratzen lehena, konpaktu eta binilo formatuetan. Musika beltzaren ezein estilori ez dio uko egiten Madrilen sortutako taldeak, bluesarekiko berezko atxikimendua erakusten badu ere. Baila srta? lan berrian hiru kantu propio eta sei bertsio bildu ditu, banan-banan estilo batetik bestera jauzi eginez: bluesetik (At last, Mean Mistreatin' Mama) ska-jazzera (Sopa de caramelo), swingetik (Choo choo boogie) funkera (Mannish boy) edota jazz latinotik (Fried neckbones) rhythm'n'bluesera (Shame shame shame).

Jairo Zabala (gitarra eta ahotsa), Javier Vacas (baxua) eta Antonio Alvarezek (bateria eta ahotsa) osatzen dute Tresmil Hombres!-en bizkarrezurra. La Vacazul eta Zolo Zeppelin taldeetan ere jotzen dute hirurek, eta hainbat artistarekin kolaboratu dute: Amparanoia, Delux, Los Reyes del K.O... Hala ere, formatu aldakorra du Tresmil Hombres!-ek: Daniel Madariagarekin (hammond organoa) laukote bihurtzen da, eta seikote ere izaten da batzuetan, Gautama del Campo (saxofoia) eta Norma Hoguesekin (tronboia). Horiek guztiek ez ezik, **Muñecok (Amparanoiaren perkusio jotzailea), Marcos Collek (ahosoinua), Oye Larsonek (tronboia) eta Iñaki Arakistain**ek (saxo tenorea) hartu dute parte diskoan.

Baila srta?

Taldea: Tresmil Hombres!.

Disketxea: Gaztelupeko Hotsak.

Bertsioak: Mean mistreatin mama' (E. James), Shame shame shame (J. Reed), Fried neckbones (W. Bobo), Mannish boy (M. Morganfield), At last (H. Warren / M. Gordon).

www: www.tresmilhombres.com.