Ibilbidea
Bidaiaren kontzeptua arras garrantzitsua da Travellin Brothers Bilboko blues taldearentzat. Bidaia fisikoa atsegin dute, ez baitira alferrik batetik bestera ezin konta ahala alditan mugitu, bluesman tradizio zaharri jarraituz, errepidea bere egin dute, eta han-hemenka erakutsi odolean borborka duten bluesa. Baina bidaia musikala ere garrantzitsua izan ohi. Eta, akaso, helmuga finkorik ez, baina mugarriak egon ohi dira bidaia horretan, heldutasunaren mugarriak.
2004ean argitaraturiko 'A Blues Experience. Live From Kafe Antzokia' izan zen estreinako lana, rocketik bluesara egindako bidaiaren lehen urratsa. Beraien zuzeneko indartsuaren isla den lehen lan hura kaleratu ondoren, Kataluniako Amphora Records zigiluarekin egin zuten bidaiaren hurrengo puska, hura ere errepidearen loturik, From The Road (2007). Eta Gaztelupeko Hotsaken babesera itzulita, Red Hot & Blue heldu da. Orain arteko bidaiaren azken urratsa Big bandaren esperientzia izan da 2012. urtean
Eta heldutasunez heldu ere. Abesti propioak sortzerako orduan segurtasun handiagoa dutelako, bluesaren esparrua bere egin eta nortasun propioa itsasten dietelako, estilo desberdinen ñabardurak geroz eta gehiago direlako, konponketa irudimentsuak egin dituztelako...Blues unibertsoko soinu eta eremu gehienak ageri dira eurengan: Chicagon eta New Orleansko eskolak, swing, funk eta soul ahaireak, eta baita shuffle texarraren ukitua ere.
2004. urtea zen Travellin’ Brothers bilbotarrak bluesaren lurraldean barneratu zirenean. Aitor (gitarra) eta Eneko Cañibano (baxua) anaiak eta Jon Kareaga lehengusuak (ahotsa), aurreko Taladrina rock proiektuan urrats bat aurrera egiteko erabakia hartu zuten. Horretarako beste hiru lagun bildu ziren taldera, Isi Redondo bateria jotzailea, Ander Unzaga teklatu jotzailea eta Alain David saxo jotzailea, blues hotsen eta estetikaren aurrean agertzen zuten irrika gero eta biziagoari eszenategian leku egiteko asmoarekin, Eric Clapton's eta BB King's taldeen moldeari jarraiki. Talde osoa prest, jarraitzaile mordoaren babesarekin eta ideiak oso garbi, haren errepertorioa zuzenean jotzeko abenturara abiatu ziren, eurak “lurreko hard-blues” gisa bataiatutako hotsa osatuz eta lortuz.
Kamaleonikoak dira guztiz, gauza dira klub txikietan nahiz jaialdi handienetan jotzeko; Cazorla Blues Festival, Hondarribia Blues Festival, Béjar, Cáceres, Bartzelona, Yeclajazz, Blues Sur Seine (Paris) edo Cahors Blues Festivala, Frantzian hori ere..., saio ugari egin dituzte eta horietan izan dute eszenatokia legenda handiekin partekatzeko zortea eta ohorea, Buddy Guy, Koko Taylor, John Mayall, Canned Heat, Ike Turner, Robben Ford, Susan Tedeschi, Junior Watson, Johnny Winter, Carey Bell eta abar.
Taldearen errepertorioak taldeak berak sortutakoak eta Willi Dixonen Hoochie Coochie Man, Buddy Guyen Leave my girl alone eta John Lee Hooker magoaren Boom Boom bezalako gaien bertsio klasikoak nahasten ditu. Taldeak berak egindako ekarpenen artean aipagarria da bere alderdi pertsonalena, gitarren hotsen egokitasuna, ikusleek parte hartze handiagoa izatea lortzen baitu. Taldeak sortutako pieza berriak, konposaketa egokiro zaindua, haizezko musika tresnen erabilera, baita zuzenekoetan ere, horratx lan honen bermeak. Bertan islatuko da azken lau urteetan 350 kontzertu eskaini eta gero musikak berak eskatzen duenaren arabera hazi den taldearen indarra.
2010. urtean, estatuko bluesaren alorrean punta-puntako banda bilakaturik jada, bere karreran beste urrats bat egitea eta beste proiektu berri eta anbiziotsu bati ekitea erabaki zuen taldeak. Eta halaxe izan da, konposatzen, moldaketak egiten, lan saio luzeak eta lan gogorra egiten ia urtebete eman ondoren, aurkeztu digute beren proiektu berri eta dotorea: Travellin' Brothers Big Band

