Berotasunetik malenkoniara
Travellin' Brothersek 'Red Hot & Blue' hirugarren diskoa kaleratu du, «helduena eta esperimentalena» Iñaki Esnaola. Donostia Blues musikaren errepideak luzeak eta askotarikoak dira. Travellin' Brothers taldearen abiapuntua blues klasikoa izan zen, baina denborarekin swing, funk, soul eta jazz doinuetara hurbildu dira. Leioako seikotearen garapen musikalaren emaitza da Red, Hot & Blue (Gaztelupeko Hotsak). Ibilbideko hirugarren diskoa dute, eta estudioan grabatutako bigarrena. Orain arte plazaratu duten lanik «helduena eta esperimentalena» dela aitortu du Aitor Cañibano taldeko gitarra jotzaileak.
| Iturria: | Berria |
| Eguna: | 2009/06/24 |
Rocketik blueserako jauzia 2004an egin zuten Aitor eta Eneko Cañibano (baxua) anaiek, Jon Kareaga (ahotsa) lehengusuaren laguntzarekin. Gutxira batu ziren taldera Isi Redondo (bateria), Ander Unzaga (teklatua) eta Alain David (saxoa). Urte berean, A Blues Experience (Gaztelupeko Hotsak) zuzeneko diskoarekin estreinatu ziren. Hiru urte beranduago, From the Road (Amphora Records) aurkeztu eta bira luze bati ekin zioten.
Zuzenekoen denboraldia baretu zenean, kantu berriak sortzeko beharra sentitu zuten. «Hirugarren diskoa konposatzen hasi ginenean abestiek merezi zutela konturatu ginen», nabarmendu du Cañibanok. Irudipen hori izanda, lan berriaren alde egitea erabaki zuten. «Kaki Arkarazorekin Garate estudioan grabatzea erabaki genuen, profesionaltasuna bilatzen genuelako». Grabaketak taldearen aurreikuspenak bete zituen, eta diskoa Parisera bidali zuten masterizatzera. «Europara jauzi egiteko ahalegin berezia egingo dugu diskoarekin».
Gorria, beroa eta urdina
Red, Hot & Blue-n hiru eratako abestiak daude, Cañibanoren arabera: «Badira taldearen izaera beroa islatzen duten kantuak, malenkoniatsu edo urdinak, eta, azkenik, bi muturren artean kokatzen direnak». Blues sustraia beste estilo batzuekin jantzi dute. «Blues talde ireki bat gara, eta gure eremua zabaldu nahi genuen. Swing, funk, soul, jazz eta country musika ere topa daiteke diskoan». Bestalde, haize sekzioari garrantzi berezia eman diote. «30-40ko hamarkadetako big band delakoak atsegin ditugu». «Nortasun propioa» lortu dutela uste du Cañibanok. Diskoko hamaika kantuetatik lau bertsioak dira, «omenaldiak».

