Hemen zaude: Hasiera Artistak The Romanticos Ibilbidea

Ibilbidea

The Romanticos

The Romanticos 2009. urtean sortutako taldea da, kideek bluesaren eta oro har musika afro-amerikarraren alde egindako apustuaren emaitza. Iker Pirisek –ahotsa eta gitarra–, Xabier Barrenetxeak –baxua– eta Hilario Rodeirok –bateria– osatzen dute hirukotea, baina tarteka Paul San Martin piano jotzailea izaten dute lagun. Taldearen musikak 60/70 hamarraldietako funketik Chicagoko blues modernorainoko bidea egiten du, non, taldeak egiten dituen egokitzapenez gainera, B.B. King, Johnny guitar Watson, Ray Charles eta The Meters bezalako artisten eragina nabari den gitarra jotzaile tolosarraren konposizioetan. 2009 eta 2012 bitartean musika emanaldi ugari eskaini dituzte Euskal Herrian eta Penintsulako hainbat tokitan; besteak beste, Sherman Robertson, Red House, Sheilah Cuffy, Sax Gordon, Luis Coloma piano jotzailea eta Lou Marini saxofoi jotzailearekin partekatu dute agertokia. 2011. urtean Sheila Cuffi abeslariari lagundu zioten Tolosako blues jaialdian eta beste kontzertu batzuetan. 2012ko ekainean lehenengo lana argitaratuko dute Gaztelupeko Hotsak zigiluaren babesean.  

Iker Piris

Tolosan sortu zen 1979an eta bere kabuz hasi zen gitarra ikasten. 2009an Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian, Musikenen, amaitu zituen musika ikasketak jazzaren espezialitatean.  Sheyla Cuffy, James Taylor, Bostongo soul abeslari Jesse Dee, Jon Urrutia eta Alejandro Mingot bezalako artistekin eta Nico Waine Blues Band, Musikene Big Band, The Foralettes eta Drindots taldeekin partekatu ditu agertokiak. Besteak beste, Donostiako Jazzaldian, Parlako Jazzaldian, Getxoko Blues Jaialdian eta Tolosako Blues Jaialdian parte hartu du. Gaur egun Legazpiko Doinua eskolako irakaslea da gitarra eta musika taldeen arloetan, eta tarteka lagundu ere egiten du estudioko musikari edo laguntzaile gisa.

Hilario Rodeiro

Santiago Compostelan jaio zen 1981ean. Sorterrian perkusio ikasketak egin eta gero Donostian, Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian (Musikene), lizentziatu zen (2009) jazz arloko baterian. Besteak beste, L.A.R. Legido, Guillermo McGill, Jorge Rossy, Jo Krause, Guillermo Klein eta Víctor de Diego bezalako musikarien eskutik jaso zituen eskolak. Bruselako, Getxoko, Donostiako, Eivissako, Coruñako eta beste hiri ezagun batzuetako jaialdietan parte hartu du, eta finalista izan zen Palma, Granada, Fuenlabrada eta Debajazz jaialdietan. Era berean, Musikaren Zirkuituak (Gazte Ministerioa, 2008) eta Artistak Bidean ekimenak (AIE, 2011) hautatua izan zen. Musika Akademiaren sari bat du (2006) eta Bartzelonako V. Jazz Txapelketan garaile izan zen. Besteak beste, Xacobe Martínez, Álvaro Vieito, Xan Campos, Andrej Olejniczak, Mikel Andueza, Chris Kase, Ruxe-Ruxe eta Mamá Cabra bezalako artistekin eta taldeekin jo du. Gaur egun Los Wachisneis,  The Romanticos eta Citric bezalako taldeekin jotzen du. Mandra izenburuko diskoa grabatu du aipatu azken taldearekin.

 

Xabier Barrenetxea

Donostian jaio zen, 1983an, eta bere kabuz hasi zen bateria ikasketak egiten. 2001ean eta 2002an musika eskolak jaso zituen Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolan Eduardo Salvadorren eta Gonzalo Tejadaren eskutik. 2008ko ekainean Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian sartu zen eta une honetan 4. mailan dago jazz arloko baxu elektrikoaren espezialitatean. Hainbat artistekin partekatu du agertokia, esate baterako, Sheyla Cuffy abeslariarekin, eta The Romanticos (une honetan bera da taldeko baxu jotzailea) taldearekin eta erromerietan jo ohi duten Haitzama eta Dantzaldi bezalako taldeekin jo izan du. Besteak beste, Donostiako Jazzaldian eta Tolosako Blues Jaialdian parte hartu du.