Hemen zaude: Hasiera Artistak Tapia eta Leturia Ibilbidea

Ibilbidea

Soinujole baten eta pandero jole baten arteko konbinazioa baino gehiago da Tapia eta Leturia. 1984an lehenengoz elkartu zirenetik, trikiti musika jo dute eszenatoki guztietan, txapelketetan hasi (bi aldi irabazi zuten segidan lehiaketa nagusia) eta jai eta erromerietan buka, alde batera utzi gabe kontzertu-aretoak eta rock nahiz folk jaialdiak.

Zerbait gehiago dira ordea Tapia eta Leturia: egiazko marka erregistratua egungo trikitiaren munduan, inguru posible guztietara moldatzen dakiten bi musikari handi. Tradizioaren barne dinamika ezagututa baino ez dira, behar delarik, tradizioarekikoak hautsiko, produktuak kirrinka egin gabe, artifizial edo handinahi gertatu gabe.

Lehenak izan ziren trikiti bikote klasikoa (soinu txikia eta panderoa) beste tresna eta soinu batzuetara irekitzen. Haien bidez zabaldu zen betikoz trikitiaren mundua eta bide hartan abiatuko ziren geroago talde gazteago batzuk, hala nola Gozategi, Maixa eta Itziar, Alaitz eta Maider...

Tapia eta Leturia taldeak 1992an egin zuen lehenengo bira atzerrian, Britainiar Uharteetan. 1993an, Negu Gorriak taldearekin jo zuten Erdi Europan eginiko biran, eta 1994an zeharkatu zuten lehenengoz Ozeano Atlantikoa, Kalifornian jotzeko. Euskal emigranteen koloniei loturiko eszenatoki eta giroetan ari ziren Kalifornian.

Bidaia horietako emanaldien ondorioz, bira interesgarri bat egin zuten 1996an Kanadan barrena, eta hainbat folk jaialditan parte hartu zuten. Zirkuitu hartan, guztiz ezezaguna zen trikitiaren soinua edo Europako alde honetan panderoa jotzen den era.

Kanadan eginiko emanaldi haietako batean, Sharon Shannonen taldearekin batean jo zuten eta, handik aurrera, Kanadara joan ziren ondoko urteetan ere, eta kostatik kostara antolatzen ziren jaialdietan jotzeko aukera izan zuten. Bidaia haietan sakondu zuen Tapiak Quebecekiko harremana, bestelako musika-fruitu batzuk ekarriko zituena. Getxoko folk jaialdian, zuzenean jo zuten Quebeceko La Bottine Souriante talde handiarekin. Fusio folk hoberenaren unibertsitatetzat jo izan dute banda hori.

Tapia eta Leturia bikotea laukote bihurtu da orain berri, Arkaitz Miner biolin jolea eta Txus Aranburu piano jolea talderatu ondoan. Biolinaren presentzia ez da egungo arau-hauste edo bitxikeria gisa hartu behar. Grabatu eta kondaira zaharrek eta folklore-ikerlariek dioskutenez, ohiko musika-tresna izan zen biolina (arrabita) Euskal Herriko dantza tradizionaletan. Egun, laukote molde berri honen arabera ari da Tapia eta Leturia lanean; azpimarratzekoa da haren harmoniaren aberastasuna, biolinaren eta pianoaren sarrera esker, baina libertsio eta erritmo izpirik ere ez du galdu, horratik, Euskal Herriko musikaren bihotzak: trikitiak.