Hemen zaude: Hasiera Artistak Starblues Hemeroteka «Hitz gatibuak», bluesaren galbahetik sortu da StarBlues taldearen bigarren lana

«Hitz gatibuak», bluesaren galbahetik sortu da StarBlues taldearen bigarren lana

StarBlues talde ordiziarrak bere bigarren lana kaleratu du, «Hitz gatibuak». Rocka abandonatu gabe, jazza eta funka bezalako generoak uztartu dituzte, betiere bluesari begia kendu gabe.


Iturria: Gara
Eguna: 2020/02/06

Oihane LARRETXEA|DONOSTIA

Orain dela hamar urte sortu zen StarBlues taldea Ordizian eta geroztik su txikian lan egiten aritu dira. Lau urte igaro dira “Gu geu” lehen diskoa kaleratu zutenetik eta harekin bi urte pasatxo eman dituzte kontzertuak eskaintzen nahiz jaialdietan parte hartzen, Hondarribiko Blues jaialdian kasu, 2017an. “Hitz gatibuak” azken urte luzeko lanaren emaitza da.

Hastapeneko lehen lan hartatik hona hainbat gauza aldatu dira, besteak beste, Urko Ruiz de Apodakaren lekua hartu du Mikel Atxegak baxuan. Bere teklen presentzia «nabarmena» da. Gainontzeko kideak bertsuak dira: Yon Labayen pianoan eta hammondean, Fermin Etxeberria baterian eta Jon Barreros gitarran. Kantuen ahotsa ere berea da.

Lan egiteko moduan ere garapena sumatu dute. Lehenengo diskoan bospasei urtez landutako abestiak bildu zituzten; orain, espresuki diskoa kaleratzeko konposatu dute. «Gure nortasuna poliki-poliki bilatzen ari garelako sentsazioa dugu. Kantuak landuagoak dira, eta musika beltzaren esparruan talde bezala bide bat egiten ari gara», adierazi du Barrerosek.

«Entzuten duguna gara», adierazi du kanta sortaren estiloaz. «Lehen gure abestiek ‘honda’ berdinxeagoa zuten, baina orain hemendik eta handik pintzeladak eskaini ditugu», erantsi du. Bakoitzak bere estilo kutunetik apurra jarri du. Adibidez, Atxega taldean jazz zaleena da, Barrerosek rockean du begirada maiz eta Labayenek funkyaren eraginak ditu. «Lau kideak ados ginen gauza batean: estilo bakarrekoa egin izan bagenu diskoa hankamotz geldituko zatekeen; kolore gehiago eman dizkiogu».

Musika afizio dute eta «zorionez» ez dute ez ekoizteko ez sortzeko presa-presiorik. «Ez dugu beste metodorik ezagutzen» diote. Grabazio eta moldaketa lanetan berriro izan dute bidelagun Fredi Pelaez, Beasaingo Pottoko estudioetan.

Bakoitzak ama bat

Sortze prozesuan aurretik joan da musika, gero jantzi dira akordeak letrez. Diskoari izena ematen dion kantan –“Hitz gatibuak”–, sorkuntza talde mordoaren «ahoa ixteko» egin diren saiakerez kezkatuta sortu zen letra. Alde horretatik, adierazpen askatasunaren aldarrikapena da. «Abesti bakoitzak ama bat» duela adierazi du Barrerosek; oso anitza da. Gai sozialak ere tratatu dituzte (bortxaketa bat eta tratu txarrak), galera pertsonalak (“Kolore galduak”), maitasuna (“A little big day”) eta jabego intelektualaren kritika (“Zure jabe”).

Lehenengo kontzertua bihar eskainiko dute Ordizian, D'Elikatuz-en (19.30) eta martxoaren 27an Legazpiko Caribe Zaharra tabernan. Aurreratu dutenez, Tolosanblues jaialdian ere izango dira.