Split 77k gaur-gaurko soinuak jaso ditu «Antenna» diskoan, bere lehenengoan
Estatu Batuetatik eta Britainia Handitik datozen proposamenak ditu erreferente nagusi Deustuko laukoteak
«Antenna» du izenburua Split 77 talde deustuarraren lehen diskoak. Pop eta rockaren munduan gaur egun lantzen ari diren soinuetatik abiatu da laukotea, ezaugarri propioak ere badituen proposamena osatzeko. Orain arteko ibilbidearen lekuko diren bi maketa grabatu ostean, lehen lan luzea kaleratu du taldeak Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin. Hamabi kanta bildu dituzte. Aritz Aranbururenak dira hitzak eta taldeak musikatu ditu.
Izaskun LABEAGA
BILBO
1997ko udan sortu zen Split 77, hiru lagunekin: Natxo Carmona, Aritz Aranburu eta Mikel Romerorekin. Gerora, azken honek utzi egin zuen banda eta Ekaitz Hernandez eta Iskandar Rementeriarekin osatu zuten egungo laukotea. 1998.ean hasi zen taldeaz hitz egiten, urte horretan Euskadi Gaztea VIII. Maketa Lehiaketako Entzuleen Saria lortu zuenean, alegia. Euren lehenengo maketa zen hura. Bigarrena 2000. urtean grabatu zuten.
Deustuko lokalean luze jardun ostean, lehenengo diskoa kaleratu du Split 77 musika taldeak: ''Antenna''. «Urteetan izan gara gure lokalean entseguetan, musika entzuten, hartzen. Orain, berriz, eman egiten dugu, emititu egiten dugu. Horregatik, egoki iruditu zitzaigun izenburu hori diskoarentzat», azaldu dio GARAri Aritz Aranburuk.
Bera da taldeko ahots nagusi eta gitarra-jotzailea, baita abesti guztien hitzen egilea ere. Natxo Carmonak jotzen du bateria eta Ekaitz Hernandez taldeko baxu-jotzailea da. Berangoztarrak estudioko hainbat lan egin ditu. Txozas gitarra-jotzailearekin kolaboratu du eta Txuma Mugarrenen ''Hegazkinen arimak'' azken lanean ere parte hartu du. Iskandar Rementeriak, azkenik, soinu berezia ematen dio taldeari teklatuarekin, pop-rockari kutsu elektronikoa emanez.
Hamarkada desberdinetako erreferentziak dituzte: Velvet Underground, David Bowie, Radiohead, Joy Division, Kraftwert, Smashing Pumpkins eta New Order dira horietako batzuk.
Duela urtebete hasi ziren diskoa prestatzen eta bi hilabete eman dituzte udan estudioan sartuta, Jose Lastra teknikaria alboan zutela. «Oso interesgarri suertatu zaigu estudioko lana, entseguetan eta materiala ikusten eman dugun denbora. Azkenean, egokia iruditu zaigu lortutako emaitza. Pozik gaude», azpimarratu du taldeko ahotsak. Mikel Romero taldeko kide ohiak ere bere marka utzi du disko honetan, ''Aio Speisboy!'' izenburuko programazioetan, alegia.
''Malkoa'' da CDaren lehenengo kanta. Gainerakoak, berriz, ''O.H.O.'', ''Elektra'', ''Biok'', ''Plastikozko gauak'', ''Galtzen'', ''Antiktonoko maitalea'', ''Egunsentian'', ''Litiozko bihotzak'', aipatu ''Aio Speisboy!'', ''Luurik'' eta ''Antenna'' dira. Euskaraz dira den-denak.
«Gaur egun bizi ditugun garaien, gertakizunen isla dira kanta hauek», laburbildu du bere egileak. Gaueko historiak, amodioa, ametsak, desioak, heriotza, bakardadeaz ari dira testuok. «Egungo egoerari buruzko desilusioa» ere badario disko kaleratu berriari.
Urte amaiera arte egingo dituzten kontzertuen egunak baieztatzeko daude oraindik, baina aurreratu daiteke abenduaren 19an Bilboko Kafe Antzokian egingo dutena.

