Hemen zaude: Hasiera Artistak Split 77 Hemeroteka «Eskozian beste musika industria bat dagoela nabaritzen da»

«Eskozian beste musika industria bat dagoela nabaritzen da»


GARA 03/06/02

Aritz ARANBURU Split 77 taldeko abeslaria

Eskoziako pop-rock jaialdi batean The Misfits, The Delgados, Sheed Seven edo Paul Wellerrekin batera jotzea ez dago euskal talde guztien esku. Deustuko Split 77 taldeak Go North Festival jaialdian jo du maiatzean, eta esperientzia ezin hobea izan da. Manager, diskoetxe eta begiraleen artean egon ziren bilbotarrak.

Split 77 taldeak euskal rockaren eszenan normalean erabiltzen ez den diskurtsoa egiten du egunero: anglosaxoniar rocka euskalduntzen du. Pop independentearen magaletatik gora eginez, Kraftwerk, Joy Division, New Order eta Smashing Pumpkins taldeen eraginak era bikain batean konbinatzen ditu. "Elektra" singleak edo "Antenna" diskoak ez dira erraz lortzen, eta ez dira kasualitateen ondorio. Eta gauzak ondo egiten direnean sariak heltzen dira: Split 77 talde bilbotarrak Eskoziako Aberdeen hirian Go North Festival jaialdian jo du. ­Lehenengo diskoa Gabonetan kaleratu zenuten. Nahiz eta Euskal Herrian estilo berezi bat jorratu, gauzak nahiko ondo irteten ari zaizkizuela iruditzen du. Batez ere kanpoan gure musika dela-eta. Ikusten dugu nola kanpoko kontzertuetan jendea gure abestietan sartzen den. Agian gure estiloagatik edozein lekutan entzun dezakete gure musika. Guk musika gustatzen zaizkigun taldeen inguruan eratzen dugu. Talde horiek ingelesak edo estatubatuarrak dira, eta ondorioz gure musika erraz entzuten da kanpoan, hurbilagoa.

**­Nahiko jo duzue Euskal Herrian, eta kanpoan emaitza onak lortzen ari zarete.** Bai, Eskoziako jaialdi batean jo dugu, Go North Festivalen. Go Northeko antolatzaileek abestiak biltzen dituen konpaktua kaleratu dute, eta gure abesti bat sartu dute bertan. Disko hori Ingalaterrako Music Week aldizkariarekin batera banatu zen. Dendetan libra bat ordainduz lor daiteke.

**­Nola lortu zenuten Go North jaialdian jotzea?** Berny Dollmanek, Euskal Internazionala izeneko erakundea daukan gizon batek, gure diskoa entzun zuen, eta gustatu zitzaion. Erakunde horrek truke kulturalak egiten ditu. Dollmanek bere proiektua aurkeztu zion Go North Festivalekoei. Horiek ere gure musika gustukoa izan zuten, eta guk bertan jotzea onartu zuten.

**­Dollmanekin hitz egin zenuten zuek?** Ez. Bera izan zen gurekin harremanetan jarri zena. Gure diskoa entzun eta gero, kanpoan etorkizuna zeukala pentsatu zuen, eta gurekin hitz egin zuen.

**­Lana egin eta gero zortea izan duzuela dirudi.** Beti zortearen ehuneko bat dago. Zortea beti behar duzu, bestela dena oso zaila da.

­Nolakoa da Go North jaialdia? Eskozian, Aberdeen hirian ospatzen da. Jaialdi horretara diskogintzako jende asko joaten da, batez ere Ingalaterrako jendea izaten da normalean. Guk bertan jende pila bat ikusi genuen. Aldizkari garrantzitsuetako kazetariak, managerrak eta Sonyko eta Virgineko begiraleak zeudela entzun genuen. Kontzertuen inguruan hainbat ekintza antolatzen dira. Film bat ikus dezakezu edo bestela hitzaldi interesgarri batera joan zaitezke.

**­Norbait ezaguna ikusi zenuten?** Bai. Guk jo genuen egunean Joy Divisionen bertsio bat jo genuen, eta gure alboan Johnny Wilson zegoen, "24 hour party people" filmaren zuzendaria. Bere filma proiektatzen zen jaialdian, eta gainera, bere hitzaldi bat izan zen. Nahiko bitxia izan da guretzat.

**­Zer iritzi duzue Go North jaialdian parte hartu izanaz?** Esperientzia moduan oso ondo dago, batez ere kanpora irtetea zer den ikusteko. Horrek ekartzen dituen zailtasunez eta erraztasunez ohartzeko.

**­Eskoziako rock giroak Euskal Herrikoaren antza dauka?** Jendeak asko laguntzen die taldeei. Bertan garrantzitsuena taldeak dira. Musikariak asko errespetatzen dira. Beste kultura bat dago. Jaialdira bertaratutako jendeak musika betidanik maite zuen, eta jarrera oso positiboa zuten taldeengan. Nabaritzen da beste industria bat dagoela, eta beste fase batean daudela. Gu oraindik ez gara heldu ezta hasierara ere.

**­Zer-nolako harrera izan dute zuen abestiek?** Erantzuna oso positiboa izan zen. Guk hemen, Euskal Herrian, gure abestiak jotzen ditugunean erantzun bat izaten dugu, baina han nabaritzen zen jendea taldea ikustera joaten zela, eta abestietan sartzen zela. Hori normala izango zen berentzat, baina guretzat oso pozgarria izan zen.

**­Hizkuntzaren gainean esamesik egon zen?** Nik ez nituen entzun, baina pentsatzen dut egongo zirela. Hala ere, Euskal Herrian beti esan digute kantatzerakoan eta abestien tratamenduan ingelesaren kutsua dugula. Ziur jendea hizkuntzaz jabetu zela, baina nik uste dut gauzak ondo egiten badituzula eta jendea zure abestietan sartzen badela, ez dagoela inongo arazorik. Nabarituko dute berentzako hizkuntz arrotza eta gogorra dela, baina taldearen jarrerak garrantzi izugarria dauka.

**­Zein taldek jo zuten zuen alboan?** Ez dakit, eta ez ditut denak gogoratzen, baina han egon ziren besteak beste Misfits, The Delgados, Shed Seven eta Paul Weller. Hain ezagunak ez zirenean Coldplay eta Travis taldeek ere jo zuten Go North Festival jaialdian, beren burua ezagutarazi zuten bertan. Baina batez ere industria alternatiboarentzat da jaialdia; managerrak kontratuak eskaintzeko eta etorkizuneko taldeak nolabait aurkitzeko.

**­Zuengana ez zen inork hurbildu?** Baietz esaten digute, Sonyko begirale bat egon zela, baina hori ez dakigu ziur.