Hemen zaude: Hasiera Artistak Sexty Sexers Ibilbidea

Ibilbidea

SEXTYSEXERS : historia laburra

2oo1eko ondarrean sortu zen musika taldea, beranduago Ameba izena jarriko ziotena. Gazte nafarrak, Berako Aduana zaharreko egoitzan saiatzen hasi ziren, lehenbizi bertsioak eginez eta pixkanaka kantuak sortuz. Oraindik joera garbirik gabeko kantuak lehen aldiz urtebete beranduago agertuko zituzten zuzenean Beran bertan emandako kontzertuan.

2oo4ko apirilean, bi abestitako singlea kaleratu zuten eta beranduago Zauri gaziak eta amets hezeak izeneko albuma osatu. Punk Rocka da nagusi bertan (Turbonegro, D-Generation, Social Distortion...), hala ere HardRock zertzelada handiak daude eta blues-folk izaerako pieza bat albumari amaiera emanez, Led Zeppellin-ekiko miresmenaren isla.

Amebaren une gorena Bergarako Jam aretoan Misfits talde mitikoarekin eskenatokia konpartitzea izan da (EEBB-ko punkaren ikur nagusienetakoa). Hau 2oo5eko maiatzean suertatzen da eta era berean mugarri bihurtzen da taldearentzat, izan ere hemendik aintzina boskoteak izena aldatzea erabakitzen du munduan beste Ameba talde ugari daudela ikusterakoan.

SEXTYSEXERS izan zen boskotearen izen berria Zure Rokanrrola bildumarako. Garate estudioan grabatzen duten Askatu Jarrera kantua da aurkezpen txartela.

SextySexers izenpean Irungo Jaietan ematen dute lehen kontzertua, 2oo5eko ekainean. Ondoren, Gure Irratia-ren diskoaren festa ospakizunaren jaialdia eta hainbat kontzertu eskeiniko dituzte. Boskoteak ez du jotzeko aukerarik galduko eta mota guztietako eszenatokiak zapalduko ditu, Volcom jantzi marka estatubatuarrak Europan lehen aldiz antolatutako banda gazteen lehiaketako lehen saria, Gernikako Agroskate Festibala, hainbat herrietako jaiak...eta udararen amaierarekin batera taldeak urrats handi bat emango du Gluecifer talde Norvegiarrarekin joaz. Eszena eskandinaboko talde konsagratua erreferentzia garbia da beratar boskotearentzat eta hauen despedida biran 1000 pertsonen aurrean modu zehatzean jo zuten.

Kontzertuak emateari utzi gabe, SextySexers lehen lan luzea grabatzeari ekiten dio 2005eko abuztu hasieran Garate studioetan. Martxel Arkarazo arduratzen da grabaketaz (aurrerantzean zuzeneko teknikari izango dena) eta azaroan berriz Kaki Arkarazo bera arduratzen da berriz nahasketa eta masterizazioaz. Taldeak Rock boteretsuaren indarra punkrockaren lotsagabekeriarekin uztartzen du, argia iluntasunarekin, letretan eta doinuetan. Momentu tragikoak (Hiltzen naizenean) festa eta txantxarekin uztartuz (Ipurdi bustiak). Amodioa eta gorrotoa, AC/DC, The Cult, GunsN'Roses, HanoiRocks bezalako taldeen eragina nabari daiteke. Hortik dator lanaren izenburua : Iluntze berri baten bila. Taldearen historia laburrean ohikoa bihurtu da lagunek parte hartzea grabaketetan, horrela Koldo Soret (Surfin Kaos), Beñardo Goietxe (Noise Hole, Morau ta agotak) eta Petti bakarlariaren kolaborazioak aurki daitezke. Era berean lehen bideoklipa egiteaz Arkatzbakar Studio arduratzen da, taldeko zenbait partaidek osatzen duten taldea.

Urte amaierarekin batera taldeak kontzertu asko ematen ditu (esanguratsuak TheCapaces eta Torazinas katalanekin emandakoak Gasteiz eta Oñatin) eta Gaztesareak editatuko duen bilduma batean parte hartu zuten. Kantua Jorge Reboredorekin grabatzen da bere Studio77-n, Zerrrailak! izeneko kantuak, sleaze rock izaera dauka, 80 hamarkadako Los Angelesera bueltatzen gaitu MotleyCrue gorenean zegoela, Sextysexers-ek hainbeste maite duen AC/DC ahantzi gabe.

Hirurogei kontzertu baino gehiago bizkarrean, disko berria aurkezteko eta eskenatoki bakoitzari su emateko grinaz 2006 urte zoriontsua izango delakoan daude.

diskografia
-RocknRollsamurai/Otsoa Izan naiteke (ameba) single/autoekoitzia
-Zauri Gaziak eta Amets hezeak (ameba) maketa/autoekoitzia
-Iluntze berri baten bila SexySexers CD/Gaztelupeko Hotsak, 2006

taldekideak
-ElectricChild (joseba baleztena): gitarra
-Juzz Suicide (Julen Irazoki): gitarra
-Loverman (Inaxio Agara): Bateria
-Freezer (Xiker Salaberria): Bajua
-MikeStrangelove (Mikel Larratxe): ahotsa
-Martxel Arkarazo: zuzeneko soinu arduraduna
-Joxevisky: 6.sextya eta danetarako mutila.