Hemen zaude: Hasiera Artistak Señor No Hemeroteka Rock musikarien errepidea, infernurako bidea da

Rock musikarien errepidea, infernurako bidea da


**Xabi Señor No**, garraiolaria

La Perrera izeneko taldean eman zituen lehen pausoak, gerora, **Señor No** taldea osatzeko. Euskal Herriko rock and rollaren historia ezagutzeko ezinbesteko puzzle zatia. Egunez, garraiolaria da. Señor No taldean ez ezik, Las Brujas, Los Padrinos, Sarris R&R trio edo Sonic Revolution bezalako taldeetan ere ibiltzen da. Aseezina. Furgonetan eraman beharreko ezinbesteko hiru disko?
MC5 taldearen hiru diskoak esate baterako. Musikaren aldetik, denetarik entzuten dudala aitortu behar dut: rocka, bluesa… beti eramaten dut denetarik furgonetan. Gero ere, Rose Tattoo edo Tom Waits bezalakoak maite ditut.

**Rock and rolla, sexua, drogak… eta furgoneta. Rockero batentzako plan bikaina?**
Bai noski. Lastima esaldia inoiz ez dela osotasunean betetzen. Bestalde, ezkonduriko gizona naiz, eta sexua soilik etxerako uzten dut.

Rock and rolla eta errepidea, ezinbestean lotutik?
Errepideari buruzko hitz asko idatzi badituzte ere, kantu asko errepidean egiten direla esango nuke. Nik neuk kamioi bat gidatzen eman ditut azken zortzi urteak, eta Señor No taldeko azken bi diskoak errepidean idatzi dira.

Zer jartzen dizkizu zure furgonetaren erreboluzioak topera?
Furgoneta barruan, kontzertu batera gerturatzen ari zaren une hori. Kontzertu bat eskaini aurreko urduritasun hori.

Higt way to hell, infernurako errepidea. Musikarien ezinbesteko bidea?
Bai, musikarien bidea infernurako bidea da. Baina zuk zeuk erabakitako bidea azken batean. Los Padrinos taldeak badu kantu bat non zera dioen: "Mutil zintzoak zerura doaz, gaiztoak berriz nahi duten tokira…"

Ikuslegoa, musikari batentzako derrigorrezko gasolina?
Bai. kantitatea baino, kalitatea estimatzen dut. Zuzeneko kontzertuetan jendearen berotasuna biziki eskertzen da.

Musikariak merkantzia bezala erabiltzen direla uste duzu?
Musika munduan, jende asko dago ez duena benetan musika maite. Zenbait diskoetxerentzat, kontratazio agentziarentzat eta promotore askorentzat, saldu beharreko merkantzia hutsa zara. Zure taldeak ez badu funtzionatzen, beste baten bila jartzen.

Euskal musika taldeak errepide txikietatik bidaiatzera kondenatuak daude, edo Europara bidaiatzeko moduan ikusten dituzu?
Atzerrira joateko maila badago, baina errepide txikietatik bidaiatzea maite dut. Rock mundua etengabeko abentura da eta kanpora ateratzea ere ausarta izatea da. Askotan, nahiz eta jakin dirua galduko duzula, egin beharreko bidea da.

Kontzertu bat eskaintzeko, zein talde eramango zenuke kopilotu bezala?
Zerrenda izugarria izan daiteke. Zenbait aipatzearren, Obligaciones, Discipulos de Dionisios, Nuevo Catecismo Catolico, Los Padrinos… Kanpokoen artean, Rose Tattoo edo Nitzwitz. Musikalki, izen handiko taldeekin jo baino, nahigo ditut lagunen arteko kontzertuak. Badakizu dena ongi aterako dela. Ziur festa dagoela. **Egunean zehar, besteak beste, ura garraiatzen duzu furgonetan. Oholtza gainean berriz…**
Eskenatoki gainean, ur gutxi. Kontzertuetan, orokorrean garagardoa edo whiskia edatea dut gustuko.

Koldo Otamendi